an>2015

Ernairi deialdia etsi-etsian

Mutil koskorra nintzela, ez nuen ulertzen nola inori ez zitzaion okurritzen Talaimendi magalean, Orio eta Zarautz artean, Osborne zezen bat paratzea. Bi herrietatik bikain ikusiko zatekeela imajinatzen nuen, autobidetik eta itsasotik zer esanik ez.

Artean ez nekien gurasoekin oporretan autoko leihotik ikusten nuen ikur hura pattar marka baten logoa zenik. Eta nire errezeloa da silueta beltza ez zutela espainiarrek oraindik merchandising txuskero-aren ikur bihurtu. Katiluak, banderak eta Seat Leon-a edertzeko itsasgarriak azken hogei urteetan zabaldutako kontua direla esango nuke. Edo beharbada ez. Ni ere txikitan txuskero samarra nintzen, eta autobideetako zerumuga lausoetako Osborne zezen haiek monumentalak iruditzen zitzaizkidan. Oraindik ere, pattar markarena ezagutzen dudan publizitate kanpainarik jenialena da, nire aburuz. Sinplea, ederra eta iraungitze-datarik gabekoa.

Mutil koskorra nintzela, zezen-plaza ezartzen hasi ziren festetan Zarauzko Aritzbatalden. Pare bat urte iraun zuen egitasmoak, eta toreatzaileek etorritako autobide beretik alde egin zuten azkar. Gertaera eta ekintza txuskeroak ez, ordea, horiek oparo jasan behar izan ditugu hurrengo hamarkadetan ere, lehengo moduan. Azkenak pertsonalki erasan dit. Inoiz ez bezala.

Nik Osborne zezena proiektatutako muino berean hotel galant askoa eraikitzen ari dira egun. Orio eta Zarauztik mehatxari begiztatzen da, autobidetik eta itsasotik zer esanik ez. Eskuzabal behatuta ere, txuskero samarra da operazioa. Aiako EAJko alkate ohiak bertako arau subsidiarioak modu irudimentsuan interpretatu zituen, Zarauzko EAJko zinegotzi batek negozio ikusgarria —pasa bertatik, ez ikustea da zaila—abia dezan.

Mutil koskor nintzela hain kuttun nuen tokia profanatu dutela ikustean, niri ere Aiako alkate ohiaren pareko irudimena erabiltzea beste erremediorik ez zait geratuko azkenean. Horrela, Espainiako sinboloen eraiste lanetan ari den Ernaiko komandoari gonbita zabaldu nahi diot hemen. Duela pare bat aste Tuteran lurreratu zenuten Osborne zezena Talaimendin ipin dezazuen erregutzen dizuet, hotel ditxosozkoa birrindu ondoren. Ideia martzianoa irudituko zaizue beharbada nik proposatutakoa komandoko partaideoi. Baina gogoeta eta analisian iaioak zaretenez, bizkor ulertuko duzue askoz espainiar eta txuskeroagoa dela porlan tona pilo hori Osborne zezen bat baino.

Hala ez dela deliberatzen baduzue, izan erruki, eta nigatik bakarrik burutu ekintza otoi. Mutil koskor baten aspaldiko ilusioa beteko duzue behintzat.

“Askok euskaltegian dute euskaraz aritzeko aukera bakarra”

“Askok euskaltegian dute euskaraz aritzeko aukera bakarra”

Hamahiru urte daramatza Borja Arbelaitzek AEKn (Errenteria, 1976), horietatik hamabi Oiartzualdeko zuzendari. Euskara ikasteko eredu berri bat martxan jarriko dute eskualdean, eta, dioenez, ikasleak aspalditik egiten ari diren eskaera bati erantzungo dio. Bizitza erritmora gehiago egokitzen dela dio, baina, era berean, euskaltegian eta beste ikasleekin euskaraz aritzeko harremana galdu gabe.

Euskara ikasteko eredu berri bat proposatu duzue. Zein berezitasun ditu?

Orain arte, nagusiki bi ikastaro mota zituen onartuak HABEk: aurrez aurrekoak eta autoikaskuntza. Ikastaro berria bien arteko nahasketa bat da. Hainbat saio izango dituzte ikasleek astero; kasu honetan, bi orduko bi saio, eta, horrez gain, tutoreak lan batzuk emango dizkie euren kabuz egin ditzaten. Tutoretza saioak ere izango dituzte.

Zergatik eredu hau?

Beharra bazegoen. Ikasleek aspalditik eskatzen duten kontu bat da. Geroz eta gehiago eskatzen dizkigute ikastaro motzagoak, eta ez ematea hainbeste denbora euskaltegian. Horrek arazoak sortzen dizkigu, ikasketa prozesua luzatu egiten baitu. Ikasleen eskaeraren aurrean, halako ikaskuntza konbinatua ontzat jo genuen. Arazoa zen ez zegoela homologatua. Aurten lehen aldiz HABEk aukera eman du.

Non eskainiko dituzue ikastaro horiek?

Erabaki dugu proba gisa martxan jartzea Bilbon eta Oarsoaldean. Guk geure burua eskaini genuen, eta aukeratu gaituzte.

Zenbat lagunek eman dute izena zuenean?

Hogei inguru daude izena emanda ikastarorako, eta, agian, bi talde sortzeko ere emango du kopuru horrek.

Zein abantaila ekarriko dizkio eredu berriak ikasleari?

Gaur egungo gizartearen erritmoa kontuan hartuta, gehiago egokitzeko aukera. Ikastaro arruntak astean 6-8 ordukoak izaten dira. Autoikaskuntzak, berriz, diziplina handia eskatzen du, eta, horrez gain, ikasleak oso harreman txikia egiten du taldearekin eta euskaltegiarekin, eta guk oso garrantzitsutzat jotzen dugu hori. Euskaltegian, euskara ikasteaz gain, ikasleek euskaraz aritzeko harreman sare batzuk sortzen dituzte. Horregatik egiten ditugu horrenbeste kanpo ekintza. Horrenbestez, eredu honek autoikaskuntzaren malgutasuna eta aurrez aurrekoaren abantailak elkartzen ditu.

Zein kanpo ekintza egiten dituzue?

Afariak, normalean. Garrantzi handia ematen diegu. Izan ere, gure ikasle askok eta askok, batez ere Oreretan, euskaraz aritzeko aukera euskaltegian bakarrik daukate. Ekintza horiekin harreman sare naturalak egiten dituzte, non euskara nagusi den. Horri lotuta, oso garrantzitsuak dira Mintzalaguna eta antzeko egitasmoak. Horrez gain, Oarsoaldea Garapen Agentziaren bidez, eskualdeko euskaltegi guztiek Mintzalagun programa egiten dugu. Hilero tailer bat ematen diegu ikasleei, eskualdeko sei euskaltegietan: AEK-ko lautan, eta bi udal euskaltegietan, Pasaiakoan eta Oreretakoan. Aste honetan, esaterako, sakelako telefonoarekin egindako argazkilaritza tailer bat egingo dute. Tailer horiekin helburua da jakintza esparru berri batzuk euskaraz lantzea, ikustea jakintza esparru horiek euskaraz ere landu daitezkeela, eta, horrela, jakintza esparru horiek euskaraz garatzea. Azken finean, ikustea euskara euskaltegiko lau paretetatik kanpo ere ohiko gauzetarako erabil daitekeela.

Probako esperientzia egin ondoren, asmoa zabaltzea da?

Nik uste dut baietz, etorkizuna hortik dator.

Eskualdean zenbat ikasle dituzue? Helburua 500 ikasle lortzea zen.

Iaz eskualdeko AEKtik 525 ikasle pasatu ziren, eta 44 talde izan ziren. Aurten dagoeneko 300dik gora ikasle gaude, eta iaz baino pare bat talde gehiagorekin hasi gara. Gauzak nola doazen ikusita, iritsi eta pasatuko garela uste dut.

Zer-nolako ikasleak dira horiek? Maila, adina...

Denetarik. Badago jende asko beheko urratsetakoa, tamalez, euskaraz asko ez dakiena edo deus ez dakiena. Badago beste jende asko titulu bat atera edo azterketa bat prestatu nahi duena. Adinari dagokionez, nabaritzen da ikaslea geroz eta helduagoa dela. Normala da, duela urte batzutatik hona eskolatik pasatu denak, behintzat, euskara ezagutzen duelako. Zaharrak ere badira. Ikasle asko dauzkagu erretiroa hartu dutenak eta, orain denbora daukatenez, euskara ikastea erabaki dutenak. 85 urteko ikasleak ere baditugu. Inoiz ez da zaharra deus ikasteko, eta are gutxiago Euskal Herrian euskara ikasteko.

Etorri berriak ere animatzen dira?

Ari dira. Badago beraientzat propio bideratutako eskaintza bat: Aisa ikastaroak. Urtero talderen bat sortzen dugu; kasu horretan, udalekin elkarlanean. Talde arruntetan ere badira etorri berri asko, eta geroz eta gehiago. Aitortu behar zaie integratzeko egiten ari diren ahalegina.

Izena emateko garaian, diru laguntzak badira. Zeintzuk?

Bi diru laguntza mota daude. Batetik, udalen diru laguntzak, eta, bestetik, HABEren diru laguntzak. HABEren diru laguntzak lortu ahal izateko titulu ofizial bat lortu behar duzu euskaltegiko ikasle zarela. Udalen diru laguntzak lortzeko aski izaten da udalerri horretako herritar izatearekin, eta, normalean, asistentzia eskatzen dute. Eskualdeko udalen ahalegina eskertzekoa da alde horretatik, baina badago oraindik zertan hobetu.

Eta zertan hobetu behar da?

Aurreko legegintzaldian Gipuzkoako Aldundiak proiektu partekatu bat bultzatu zuen. Han parte hartu genuen aldundiko ordezkariek, hainbat udalerritako teknikariek eta euskaltegietako zenbait ordezkarik. Helburua zen aztertzea euskara ikasteko diru laguntzak nola hobetu eta nola egin eraginkorrago. Alde batetik, epeetan aurreratzea proposatu zen. Izan ere, badago jendea nahiz eta jakin matrikularen zati bat itzuliko diotela, aurreratzeko ez daukana. Bestetik, kopuruak handitzea; eta, azkenik, doakotasunerako pausoak ematea, ez delako justua zure herriko hizkuntza ikasteagatik ordaindu behar izatea. Gero, agian lehentasun bezala pertsona talde batzuk markatu behar dira. Adibidez, gurasoak —familia bidezko transmisioa bermatzeko—, edo merkatariak —herrien barruko bizitza sozialean gakoa direlako—. Euskararen maila unibertsalizatzeko bidean pausoak eman behar dira. Alegia, euskararen ezagutza maila bat bermatzea, izan daitekeena B1 maila, eta horretara arte ikasteko prozesua debalde izatea.

Hemen lan egiteko lanean

Hemen lan egiteko lanean

Itsaso Andueza EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko lehendakariak "kezkatuta" hitz egiten du Adegiko presidente Pello Gibelaldek urriaren hasieran egindako adierazpenen harira. Ez dio balio gazteei buruz esandakoak esan eta gero barkamena eskatzeak. ...

Akabukoa abiapuntu

Akabukoa abiapuntu

Ainhoa Larrabe Arnaiz Lau hilabete Zegaman (Gipuzkoa) eta lau Plentzian. Horrela bizi zen ikasturtean zehar Mikel Etxezarreta 12 urte bete zituen arte. Artaldeak eramaten zuen Uribe Kostara. Negu hotzetik ihesi, Urbiako larreetatik itsasaldera egiten zuen urtero familiak, ardiak giro epelagoan gordetzeko. 30 urte baino gehiago joan dira ordutik, eta orain ere artzain bada ere, atzean...

Hormak hizketan hasiak dira

Hormak hizketan hasiak dira

Paretei bizia ematea da asmoa, bizikidetzaren mesedetan jarri, kale artearen gaineko eztabaidarako euskarri bihurtu. Xede horrekin, Donostia 2016k artisten esku utzi ditu bost horma. Judas Arrieta da hautatutako bost horma horietako batean esku hartze...

Bost pareta eta hamaika hausnarketa

Donostian hiru, eta beste bat Errenterian. Urumeako igogailuan, Intxaurrondoko Zubiaurre pasealekuan, Altzako Ramon Irigoien parkean eta Errenteriako Alaberga auzoan daude proiekturako hautatu dituzten beste lau hormak. Horiek irudikatzeko ardura, ber...

Final-zortzirenak bukatuta, hilaren 24an ekingo diote berriro lehiari

Final-zortzirenak bukatuta, hilaren 24an ekingo diote berriro lehiari

Asteburuan atseden hartuko du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Dagoeneko osatuta dago final-laurdenetan ariko diren bertsolarien zerrenda, eta hilaren 24an hasiko dute hurrengo fasea, Urretxu-Zumarragan. Guztira, bost saio jokatuko dituzte fase horretan; azaroaren 8an izango da azkena.

Final-zortzirenen ondoren, 23 bertsolarik lortu dute final-laurdenetara sailkatzea, horietako seik saioa irabazita: Jon Maiak, Arkaitz Oiartzabal Xamoa-k, Beñat Lizasok, Manu Goioganak, Felix Zubiak eta Jokin Urangak —hura da, gainera, fase guztian puntuazio altuena lortu duena, 457,5 punturekin—. Puntuazioaren arabera pasatu direnen artean, berriz, Ane Labaka izan da onena: bigarrena izan zen bere saioan, Beasainen, eta hirugarrena da sailkapen orokorrean (444 puntu). Azken sailkatuak, Mikel Artolak, 415 punturekin egin du aurrera.

Faseko 23 sailkatuei beste zazpi bertsolari batuko zaizkie final-laurdenetan. Horiek zuzenean sartuko dira datorren fasean, 2011ko Gipuzkoako txapelketan lortu zuten postuari esker: Agin Laburu, Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Alaia Martin, Iñaki Apalategi eta Unai Agirre.

Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean igaroko da finalaurrekoetara, eta puntu gehien biltzen duten hamahiru bertsolariekin osatuko da lehia.

Finalaurrekoak

Final-laurdenak azaroaren 8an bukatuko dira, eta azaroaren 22an hasiko dira finalaurrekoak. Hiru saio izango dira: Zarautzen, lehena; Tolosan, azaroaren 29an; eta Eibarren, abenduaren 6an. Aurreko fasetik sailkatzen diren hemezortzi bertsolariak ariko dira: sei bertsolariz osatutako hiru talde egingo dituzte, eta saio bakarrera lehiatuko dira.

Aurreko faseetan bezala, finalaurreko bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da finalera, eta puntu gehien batzen duten bost bertsolariekin osatuko da finaleko zortzikotea.

Abenduaren 20an izango da finala, Donostian, Illunben, 17:00etan. Aitor Sarriegi egungo txapelduna ez da lehiara aurkeztu; beraz, buruz aldatuko da txapela.

Kirol inklusiborako bidean

Kirol inklusiborako bidean

Hamabi urte dira Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa kirola egiteko aukera bermatzen ari dela. Alicia Figueroa federazioko teknikariak dioenez, prozesuaren hasieran konturatu ziren urritasunak dituzten haurrek kirola egiteko paradarik ez dutela, eta...