gipuzkoa

Itsaso izango da 89.a

Itsaso izango da 89.a

F rankismo garaian, 1965eko martxoaren 2an, behartuta batu ziren Ezkio eta Itsaso herriak. Antzeko biztanleria zuten, mugakide ziren, errekak bakarrik bereizten zituen haien lur eta baserriak, eta arazo ekonomikoak zituzten bi udalek. Orduko agintariek erabaki eta inposatu zuten bat egitea. Eta ordutik eskutik eutsita egin dute bidea: beldurragatik, txintik esan gabe, hasieran; eta inertziagatik-edo, protestarik egin gabe, ondoren. "Baina eskaera beti hor egon da. Olatu baten moduan islatzen dut nik bi herriak bereizteko eskaeraren indarra; batzuetan indartsuago eta bestetan ahulago, hor egon da beti", azaldu dio Hitza-ri Garikoitz Aiesta Ezkio-Itsasoko alkateak (Donostia, 1979). Aiesta 2011tik da zinegotzi Ezkio-Itsason, eta 2012an izendatu zuten alkate.

Aiestaren hitzetan, "tabu" moduko bat izan da Ezkio eta Itsasoren arteko banaketa. Baina 2011n tabu hori haustea erabaki zuen udalak. Itsasoarrek desanexioa eskatzen zuten, eta horri bide egitea pentsatu zuten, prozesu bat hastea, herritarrek hala nahi balute, bakoitzak bere bidea egin zezan. Bost urte geroago, desanexioa ia egina dago. Ezkio eta Itsaso banandu egingo dira, edo zehatzago, Itsaso desanexionatu egingo da. Gipuzkoako 89. udala izango da —berez, Igeldori dagokio zenbaki hori, baina haren desanexioari buruzko erabakia etenda dago, EAEko Auzitegi Nagusiak erabaki bitartean—.

Azken urratsak

Udalaren aldetik estipulazio txostena onartzea —bi herriak nola eta zein baldintzatan banatuko diren zehazten duen dokumentu adostua— eta osoko biluran berrestea bakarrik falta dela azaldu du Aiestak. "Zenbait asteko kontua izango delakoan nago, ia itxita baitaukagu guztia. Beraz, otsailerako, edo beranduenez martxorako, egina egongo da". Gero, Gipuzkoako Foru Aldundira bidaliko dute desanexio espedientea, eta hark banaketa onartzen duen dekretua kaleratzen duenean, Ezkiok bere bideari jarraituko dio, eta Itsasok bakarkako ibilbidea abiatu beharko du.

"Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hasiera-hasieratik izan dugu kontaktua; beti izan dute gure mugimenduen berri, eta adostasuna badago". Hain zuzen ere, Imanol Lasa foru aldundiko bozeramaileak iragarri zuen hasi berria den urte honetan Gipuzkoak herri bat gehiago izango duela, 2016. urtean Ezkio eta Itsaso banandu egingo direla.

Eskaeraren jatorria

Bi herriak batu zirenetik, udaletxea eta udal zerbitzuak zentralizatzea izan zen Ezkio-Itsasok hartutako bidea. Bi herrien erdigunea bilatu behar zuten, eta lehen erabakia udaletxea Santa Lutzi-Anduagan (Ezkio) jartzea izan zen. Egun ere horrela jarraitzen du. Zerbitzu guztiak bertan daude: udaletxea eta udal zerbitzu guztiak, mediku etxea, haur eskola eta eskola txikia. Eta herriko industria ere bertan kokatu da. "1965etik gaur arte horrela funtzionatu dugu; zerbitzu gehienak Santa Lutzin zentralizatuta".

Baina erabaki horrek eragina izan zuen bi herrien bilakaeran. Garai batean biztanlez pareko ziren arren —300 biztanle inguru baikotzean—, gaur egun kopuruak asko aldatu dira: 460 inguru dira Ezkion, eta 160 bat Itsason. Zentroa Santa Lutzin jartzeak auzo horren bilakaera eragin du urteekin, eta bertan bizi dira Ezkioko herritar gehienak. Garai batean herriguneak zirenek, Ezkioko eta Itsasoko kaskoek, berriz, biztanleak galdu dituzte. "Garai bateko herrien errealitatea erabat irauli da".

Bidean galtzaile sentitu dira itsasoarrak. Aiestaren arabera, zerbitzuak Santa Lutzin kokatzeak Itsasori "kalte" egin diola eta "urrundu" egin duela argudiatzen dute itsasoarrek, eta, aldi berean, inbertsioak nagusiki Ezkion egin direla, eta Itsason ez dela ia inbertsiorik egin. Aiestak ulertzen du itsasoarren kexa, "egia baita inbertsioa Ezkion egin dela, zentroa Santa Lutzin kokatzearen ondorioz".

Itsasoarren ondoeza eta atsekabea ezagutzen zuten 2011n udaletxera iritsitako korporazioko kideek, eta zerbait egitea erabaki zuten. "Ordu arte udaletxean ia tabu izandako gai hori mahai gainean jartzeko unea zela erabaki genuen, unea zela gaiari behar bezala heltzeko".

Korporazioko kideak ez ziren printzipioz banatzearen aldekoak, baina herrian eskaera bazegola eta, ondorioz, bidea ireki behar zitzaiola pentsatzen zuten. Parte-hartze prozesua martxan jarri, herritarren eskaerak entzun, bi herrietako ordezkariek osatutako batzordea eratu, abokatu eta aholkulari juridikoekin desanexiorako bideak aztertu, herri bakoitzaren mugak, zerbitzuak, eskubideak eta betebeharrak zehaztu... Luzea izan da ordutik egindako bidea. "Eta orain dena oso erraza eta polita izan dela dirudien arren, hasieran izan ziren tentsioak. Sukalde lan handia egin dugu honaino heltzeko, asko hitz egin dugu, asko eztabaidatu, harremanak landu batzuekin eta besteekin, gure arteko ezberdintasunak berdintzen saiatu... Lan asko dago atzetik. Lan asko, eta borondate politikoa".

Udal korporazioaren jarrera kanpoan gelditzea izan da, hasieratik. "Argi utzi genuen udal ordezkariak bilera eta batzordeetan egongo ginela, baina guk ez genuela parte hartze aktiborik izango, ez genuela erabakietan parte hartuko. Herritarrek erabakitzea nahi genuen, gure iritziekin prozesua baldintzatu gabe".

Mugarriak

Bidean hainbat mugarri izan direla azaldu dio Hitza-ri alkateak. Batetik, Gipuzkoan banandu eta desanexionatu diren herriak, edo desanexionatzekotan daudenak bisitatu zituzten. Hala, 1991 arte Iruerrieta osatzen zuten Baliarrain, Orendain eta Ikaztegieta bisitatu eta haien kasua aztertu zuten; eta gauza bera Gaztelu-Leaburu-Txarama eta Itsasondo-Aramarekin ere. Igeldoko kasua ere aztertu zuten. "Haietan zein bide jarraitu zen ikusi nahi genuen, gurean nola egin erabakitzeko".

Arlo juridikoan, abokatu bat hartu zuten Ezkio-Itsasoren kasua aztertzeko, eta hark egin zuen lehen txosten juridikoa. "2003ko arau forala aztertu zuen, non 2.500 biztanleko muga jartzen den herri bat independizatzeko, eta, noski, Ezkio-Itsasok ez du betetzen baldintza hori. Baina arau horren aplikazioan salbuetsita daude frankismo garaian herri borondatea kontuan hartu gabe elkartu ziren herriak. Eta, gaur egun, Gipuzkoan bi herri daude egoera horretan; Ezkio-Itsaso, batetik, eta Bidania-Goiatz, bestetik".

Hirugarren mugarria "segragazio txostena" eskatzea izan zen. Siadecok egin zuen bideragarritasun ekonomikoaren azterketa. "Enpresa horrek egin zuena izan zen udalaren datu ekonomikoak eta udalaren funtzionamendua aztertu eta proposamen bat egin bi herriek bereizita funtzionatzeko". Ez zen bete beharreko txosten bat, baina negoziazioan dagoen estipulazio txostenaren oinarria Siadecoren azterketa hori da.

Itsasoko herritarren borondatea errespetatzea izan da prozesuaren ardatza, eta borondate hori itsasoarren artean egindako sinadura bilketa bidez neurtu zuten, 2015eko urtarrilean. 18 urtetik gorako 102 itsasoarrek egin zuten desanexioari bidea irekitzearen aldeko galdea —68 herritarren babesa behar zuten prozesua abiatzeko—. Ezkiotarrei ez zaie galderarik egin; parte-hartze prozesuan izan dute iritzia emateko aukera. "Ezkio-Itsasotik ateratzea eskatzen duena Itsaso denez, Itsason bakarrik egin da galdeketa. Abokatuak argi esan zigun hori, desanexio prozesuetan desanexionatu nahi duen herriari egiten zaio galdera; bestela, banaketa izango litzateke, eta gure kasuan desanexioa da".

Uda parterako espero du Aiestak desanexio hori gauzatzea, nahiz eta hori foru aldundiaren esku dagoen. Behin banaketa gauzatuta, Ezkioko udalean dauden Itsasoko bi ordezkariek udala utzi eta hauteskunde zerrendan dauden Ezkioko bi ordezkariak sartuko dira udalbatzara. Itsason, berriz, batzorde kudeatzaile bat eratuko dute, hurrengo udal hauteskundeak bitartean.

Distantziak banandutako bi herri

Lau herrigune nagusitan banatuta dago Ezkio-Itsaso: Santa Lutzi-Anduaga eta Ezkioko kaskoa, Ezkion, eta Alegi eta Itsasoko kaskoa, Itsason. Horrez gain, udalerriko baserriak 22 kilometro koadrotan barreiatuta daude, eta haietako zenbait Matxinbentan, ...

Oasi baten kronika iragarria

Oasi baten kronika iragarria

Saiatzeak beti izaten du arrisku bat, ekindako bidea bihurgunez betetzeko aukera. Aspaldiko irakasgaia da, ordea, oinez ikasteko ezinbestekoa dela erortzea, eta horixe gertatu zaie Tolosako Gazte Asanbladako kideei: joan den uztailean hartutako kolpet...

Pasai Antxo. “Saiatu dira gaztetxea ixten, eta guk aukera bat ikusi dugu”

Pasai Antxoko gaztetxeak 30. urteurrena ospatu zuen lehengo azaroan. Ia sorreratik Axular plazan izan du egoitza Pasai Antxoko Gazte Asanbladak, udalak utzita. Baina, dirudienez, litekeena da luze gabe egoitza galtzea. Azaroaren 23an bi hilabeteko epea eman zien udalak "gaztetxearen jarduna legeztatzeko" eta beste hainbat baldintza betetzeko. Horiek bete ezean, kanporatuak izan daitezke. Epea urtarrilaren 23an amaituko da, bihar zortzi. Asier Linazasoro Gazte Asanbladako kideak eman dio egoeraren berri Gipuzkoako Hitza-ri.

Iazko azaroaren 7an gaztetxearen 30. urteurrena ospatu zenuten, eta 200dik gora lagun bildu zineten herri bazkarian. Gazte Asanbladak zer balorazio egin du urteurrenaren ospakizunen inguruan?

Eguna oso ondo atera zen, hasieratik pentsatu bezala. Jende heldu asko bildu izanak harritu gintuen gehien. Oso pozik gaude egun hartako festarekin. Antolatu genituen kontzertuetan ere jende asko bildu zen, eta herritarrek primeran erantzun zuten. Lan txandak-eta antolatzeko ez genuen batere arazorik izan. Parte hartzea handia izan zen.

Handik gutxira Loreak filmaren proiekzioa bertan behera utzi behar izan zenuten, udalaren debeku bat zela medio. Oraintxe zertan da gaztetxearen eta udalaren arteko harremana?

30. urteurrenaren ondoren hausnarketa bat abiatu nahi genuen. Jende gaztea erakarri nahi genuen gaztetxera, proiektua berritu. Loreak filmaren proiekzioak proiektu horren hasiera izan behar zuen. Jarduera batzuk prestatuak genituen, pixkanaka-pixkanaka jendea gaztetxera hurbiltzeko, eta hurbiltze horretan jende gehiagorengana iristeko; baina proiektu hori hasieratik ukatu zitzaigun. Udaltzainak etorri ziren gaztetxera, esanez inongo jarduerarik ezin genuela egin. Orri bat erakutsi ziguten, eta ez ziguten bestelako azalpenik eman.

Azkenean, filma ez ematea erabaki genuen egun hartan. Edonola ere, gaztetxeari ez zaio oraindik ofizialki jakinarazpenik iritsi. Badakigu, bizilagunen salaketa batzuk direla medio, udalak eskatzen digula baldintza batzuk bete behar ditugula jarduerak egiteko orduan. Gaur egun ezin dugu ez aparatu elektronikorik jarri, ez filmik eman, ez musikarik jarri... oso mugatuak gaude.

Baina taldearen jarduna ez da eten. Nola erantzungo diozue egoera honi?

Aurrez bagenekien arazo bat bazela, eta saiatu ginen bai bizilagunekin, baita udalarekin ere hitz egiten. Bizilagunen salaketak egun oso zehatzetan jarritakoak dira; Sagardo Egunean, sanferminetan, San Fermin Txiki jaietan... Udalak eskatu digu gure jarduera legeztatzeko, baina taldeak erabaki du bide hori ez egitea. Proiektu berri batekin hasi gara, eta herriari gehiago zabaldu diogu asmoa. Momentu honetan horretan gaude. Oraingoz, dena dago zuri.

Udalarekin elkartzeko zain gaude, baita bizilagunekin ere, gauza batzuk ezin ditugulako egin, eta ez gaudelako prest beste batzuk egiteko. Hala ere, akordio bat egiteko prest gaude.

Udalera jo duzuenean zein izan da erantzuna?

Izaskun Gomez alkatearengana [PSE-EE] joan ginen, eta berak Nahikari Oterminekin [Hirigintza zinegotzia, EAJ] bildu behar genuela esan zigun. Hala ere, zein baldintza bete behar ditugun azaltzeko oporren ondotik gutun bat bidaliko zigutela agindu zigun alkateak. Oraindik itxaroten gaude.

Bien bitartean proiektu berria eraikitzeari ekin diozue, ezta?

Berrogei bat lagun elkartu gara, eta hiru batzar egin ditugu. Erabaki dugu hutsetik hastea, eta beharrak aztertzen hasi gara, bai gaztetxe barruan, bai gaztetxetik kanpo. Saiatu dira guri gaztetxea ixten, eta guk aukera bat ikusi dugu. Proiektu berri bat abiatuko dugu. Edonola ere, akordio bat lortu nahi dugu udalarekin, eta ezarri zaigun epea luzatzeko eskatuko diogu, erabilera arauak negoziatzeko. Badakigu lokal hau, berez, dituen baldintzengatik mugatua dagoela —etxebizitzak daude goialdean—, baina akordioa lor daiteke.

Gaztetxearen urteroko zita garrantzitsuenetakoa bertan da. Inauterietarako deialdiari eustea erabaki duzue.

Planteatu zen ez egitea, baina jendeak berehala erreakzionatu zuen, eta gure ohiko jarduerekin are eta indartsuago jarraitzea erabaki genuen. Horregatik saiatu gara gaztetxeari lotutako gai bat plazaratzen. Gaztetxearen logoa erlea denez, horixe hautatu dugu. Jendea erlez mozorrotzea lortu nahi dugu, baina erlea gaztetxearen gaia plazaratzeko baliatuta. Erleak, baina bestelako zerbaitez mozorrotutako erleak: erle langileak, erle kirolaria, musikariak... Beti bezala, tabernariei ere egingo diegu parte hartzeko gonbidapena, eta herritarrei inoiz baino gehiago parte hartzeko eskatuko diegu.

Urtarril amaieran, Jazzaldiko egitarauaren aurrerapen bat

Jazzaldiaren antolaketa ez da astebeteko kontua. Urte osoa daramate 51. aldirako prestaketa lanetan, eta pixkanaka ari dira jaialdiaren piezak osatzen. Musika eskaintzari dagokionez, urtarril bukaerarako aurrerapen bat eman ahal izatea espero du antolakuntzak, eta martxorako prest eduki nahi dute behin betiko egitaraua.

Jazzaldiaren irudia izango denarekin ari dira orain lanean. Atzo arratsaldean bukatu zen kartela aurkezteko epea, eta lanak aukeratzeko prozesuari ekingo diote datozen egunetan. Urtarrilaren 21eko 11:00etatik otsailaren 10eko 17:00ak arte, herritarrek botoa eman ahal izango dute www.posterheinekenjazzaldia.com webgunean. Finalistak hautatzeko bozketan parte hartzen dutenen artean, Trinitate plazarako bi abonu zozkatuko dituzte.

Irabazlea hautatzeko, lehenik jendearen boto gehien jasotako hamar hautagaiak aukeratuko dituzte, eta beste hamar kartel Heineken Españak hautatuko ditu, Jazzaldiarekin batera. Epaimahai batek hartuko du azken erabakia. Hainbat arlotako kideak bilduko ditu epaimahaiak, eta haiekin batera izango dira Jazzaldiko antolakuntzako bi kide eta Heineken etxearen bi ordezkari. 1.200 euro jasoko ditu saridunak. Iaz, Alfredo Leon diseinatzaileak ondu zuen Jazzaldiaren irudi nagusia. Hark sortutako Akordea lanak irabazi zuen kartel lehiaketa.

Tokikoa ez da soka motzekoa

Tokikoa ez da soka motzekoa

Berdin Jamie Cullum edo Hasier Oleaga. Ray Davies edo Iñaki Salvador. Echo & The Bunnymen edo Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra. Nazioarteko musikariak ezagutzeko aukera zabala dakar urtero Donostiako Jazzaldiak, baina baita tokiko taldeen haize kolpea ere. "Euskal jazzmen handiak jaialditik pasatu dira". Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariak azaldu duenez, iaz 35 euskal bakarlari, talde eta DJk parte hartu zuten Jazzaldiaren agertokietan, eta, beste urte batez, aukera horri lekua egin nahi diote aurtengo programazioan ere. Horretarako, martxan da tokiko hamar talde aukeratzeko prozesua. Sorkuntza eremua mugatuagoa izan arren, eragina eta zabalpena ez da tokikora mugatzen.

Jaialdiak lehen urteetatik izan du tokiko taldeen parte hartzea. Garai batean, espresuki inguruko taldeei zuzendutako lehiaketa bat ere izaten zen jaialdiaren parte. "Duela sei-zortzi urtetik, programazio sisteman jarri dugu arreta. Lehen, aukera ematen genien artistei parte hartzeko; orain, aukera zabalik uzteaz gain, kanal batzuk ezarri ditugu haien presentzia ziurtatzeko".

Kanal horietatik garrantzitsuena martxan dagoen hautaketa prozesua da Martinentzat. 50 bat taldek parte hartu dute urtero, eta hala izan da aurten ere. Hasierako fasean, taldeek bidalitako grabazioak entzun zituen batzorde antolatzaileak, eta, horren ondoren, hamabost aukeratu zituen. Horietatik hamar hautatu beharko ditu orain, eta aukeratuek uztailaren 21etik 25era joko dute Jazzaldian; normalean Kursaaleko terrazetan izaten dira saioak.

Prozesuaren oinarrietan azaltzen denez, Hego Euskal Herrian jaio edo bizi diren musikariez osatutako taldeak aurkez daitezke egitasmora —kideen %33k baldintza horiek ez betetzea onartzen da—. Hala ere, eszenan aritzeari eman dio garrantzia Martinek: "Prozesua irekita dago hemen jaio eta bizi direnei, baina gehienbat praktikatzen dutenei, hemengo jazz musika eszenaren parte direnei. Euren musika hemen garatzen dutenak dira tokiko taldeak".

Martxo amaierara bitarte, hamabost taldeek Donostiako hiru espaziotan emango dituzte kontzertuak: Forum FNACen, Altxerrin eta Victoria Eugenia Klubean —dagoeneko jo dute Didier Datcharry Trio eta Reunion Big Band taldeek—. Zuzeneko saioak dira, irekiak, eta ez dute lehiaketa izaerarik: ez dago sailkapenik. Jaialdia antolatzeko batzordeak hainbat faktore hartuko ditu kontuan taldeak aukeratzerakoan: "Musikarien ahalmen instrumentala, musika proiektu zehatz eta definitu bat izatea, ezaugarrituko dituen soinua izatea, ezberdin egingo dituena, estiloen barietatea...".

Taldeen aukeraketa prozesuarekin batera, urteko diskoei ere erreparatuko die Jazzaldiak, bere programazioa osatzeko: 2015ean editatu diren disko guztien artean bost aukeratuko ditu, jaialdian jo dezaten. "Taldeek disko bat ateratzeko duten ausardia eta ahalmena baloratu nahi dugu, eta Jazzaldian jotzera gonbidatu".

Martinen arabera, egitasmoa oso garrantzitsua da hainbat talderentzat, euren musika ezagutzera emateko, baina badira dagoeneko ibilbide luzea egina dutenak ere: "Batetik, aukeraketa honek modua egiten digu heldutasun nahikoa duten taldeak aurkitzeko, eta bestetik, zaleek estimatutako musikarien lana guk ere ontzat hartzeko. Batzuk dagoeneko erreferentzia dira euskal jazzaren barruan".

Gipuzkoan egiten den jazzaren kalitatea eta zabalpena areagotuz doa, eta hori, hein handi batean, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Ikastegiari esker izan dela uste du Martinek: "Dudarik gabe, erakunde pedagogiko garrantzitsuenetako bat da jazzari lotuta. Guretzat estilo horrekin egiten ari den lana oso garrantzitsua da". Inguruko musikariak eta mundu osotik etorritakoak batzen dira ikastegian, formakuntza jaso eta perfekzionatzera. "Horrek egiten du gure hirian entzuten den jazzaren maila lehen baino askoz ere altuagoa izatea. Ez du zerikusirik garai batean jazzaren munduan zegoen eszenarekin". Gaur egun saio asko daudela dio, musikari oso onak, eta "ideien etengabeko jarioa".

Europako gazteekin

Tokiko taldeentzat garrantzitsua izango den beste jaialdi bat hartuko du aurten Donostiak, Jazzaldiaren garai bertsuan: 12 Points. Uztailaren 20tik 23ra egingo dute, Jazzaldiarekin eta Europako kultur hiriburutzarekin batera. Europako hamabi herrialdetatik hamabi jazz talde aukeratuko dituzte. "Jaialdi honekin, komunitate bat sortzea lortzen da Europa osoko musikari gazteen artean eta jaialdia egiten den lekuko musikarien artean. Harremanetan izango dira, eta jam session-etan parte hartuko dute goi mailako Europa osoko musikariekin".

Hamargarren aldia izango du jaialdiak, eta, 2007tik hona, ia 500 musikari gaztek hartu dute parte 12 Points egitasmoan. Txandaka egiten da Dublinen —urte bakoitietan— eta Europako beste hiriburu batean —urte bikoitietan—. Aurten parte hartu nahi dutenek oraindik zabalik dute izena emateko aukera, urtarrilaren 30a baino lehen, 12 Points jaialdiaren webgunean.

Urkulluk eta biok ez darabilgu hiztegi bera

Hiztegizalea naiz oso. Ikaragarri maite dut hiztegiak kontsultatzea. Baina sarri sorpresak hartzen ditut hitz ezagunak begiratzean, askotan uste baino adiera gehiago dauzkatelako. Zenbaitetan, gaztelaniako ordaina topatutakoan, ez nago hiztegiak emandakoarekin konforme, zehatz-mehatz ez duelako bat egiten buruan dudan kontzeptuarekin. Hizkuntza berean mintzo garen arren, sarriegi hitzei beste esanahi bat ematen diegu. Bakoitzak du definizio bat termino batzuendako, eta hori, normalean, munduaren ikuskerarekin lotuta egoten da.

Seguruenik, mundu ikuskera desberdina dugulako asaldatu ninduten igandean Urkulluk egindako adierazpenek. Euskaldun batzuon lehendakariak (bai, letra xehez) Kataluniaren procès delakoa aitzakia hartuta zera esan zuen Gipuzkoan irismen handia duen komunikabide batean: "Ikaratu egiten nau erantzukizun gabeko mugimendu sozialek Katalunia baldintzatzeak". Glups! Ni ikaratu ninduen gizartearen kontzepzio horrek! Izan ere, Kataluniako mugimendu sozialez iritzi hori badu, edonongo gizarte-mugimenduez gauza bera pentsatuko du.

Euskal Herriko zati baten lehendakari horri (bai, minuskulaz), gogorarazi nahiko nioke mugimendu sozialik barik ez genukeela ikastolarik izango, ezta euskarazko hezkuntzarik ere. Mugimendu sozialek bultzatu eta bermatu dituztelako, hainbat aurrerapauso egin dira herri honetan —eta beste batzuetan ere bai, jakina—. Beste adibide batzuk ere bururatu zaizkit, baina badakit Urkullurendako ez direna eredugarri izango. Hor egon liteke koska: niretako eredu dena berarendako, seguruenera, ez da hala izango, presidente horrek bere ideologia du eta.

Mugimendu sozial sendoak izatea demokraziaren oinarria dela begitantzen zait niri. Gizarte osasuntsu eta kezkatuaren erradiografia ona baitira. Egoera kaskarrak aldatu eta eraldatu nahi dituzten pertsona antolatuak gizartearen bizitasunaren seinaletzat ditugu zenbaitek. Demokraziaren oinarria dira, herriko jendearen sentimena direlako.

Hala ere, uler nezake asko ikaratuta egotea, mugimenduen abiapuntuak kritikotasuna izan beharko lukeelako, zirikatu eta akuilu lanak egin ahal izateko. Eta jakina da askorendako kritika eta akuilua ez direla gustukoak. Horregatik, deserosoak direlako, ez zaizkie gustatzen, zapatetan enbarazu egiten duen harri-txintxarriak direlako.

Antza denez, Urkulluk eta biok mundu-ikuskera arras desberdina dugu. Arestian esan dudan moduan, hitzen definizioak lotuta daude kosmobisioarekin. Ez darabilgu lexiko bera, hizkuntza berbera erabili arren. Argi dago Urkulluren hiztegian demokraziak beste definizio bat duela: eman botoa lau urtean behin, eta laga dena nire eskuetan.

Sarrionandiaren Hitzen ondoeza glosarioan demokrazia hitza agertzen da. Bertan dio jatorri grekoa duela berba horrek eta demokrazia grekoaren urrezko sasoian Atenasen ez kanpotarrek, ez esklaboek, ez emakumeek ez zutela parte hartzeko eskubiderik. Ereduzko demokrazia hartan ere biztanleetan lautik batek baino ezin zuen parte hartu. Tira, hori bada jatorrizko definizioa, eta nahasmendurik izan ez dadin, beharbada guk erabiltzen dugunari demokrazia deitu beharrean beste izen bat jarri beharko genioke. Herrikrazia? Sozialkrazia? Uf! Bota zuen proposamenak, kontzeptuak bataioa behar du eta!

“Magian, matematika da trikimailuaren tranparen funtsa”

“Magian, matematika da trikimailuaren tranparen funtsa”

Ikasketaz ikus-entzunezko komunikazioa ikasia bada ere, urte eta lau hilabete daramatza Imanol Ituiñok (Bilbo, 1989) magiatik bizitzen. "Ez da izan lortzen saiatu naizen gauza bat: etorri egin da".

Zinema, matematika eta magia uztartuko dituzu gaur, Beasaingo saioan. Zer lotura dute hiru arloek elkarrekin?

Lotura zuzena dago magiaren eta zinemaren artean; biak artea dira, nolabait biek engainatzen gaituztelako. Nola sartzen da matematika nahaste horretan? Nolabait, matematikak ere garrantzi handia du magiaren barnean, trikimailuan, jendeak ikusten ez duen horretan. Hau da, truko askotan, matematika da trikimailuaren tranparen funtsa. Nahiz eta matematika agerian ez egon, magian ere garrantzi handia du. Hiru arloak uztartuz, matematikatik magiara eta matematikatik zinemara joango naiz halako collage bat eginez, euren arteko harremanak azalduz eta hainbat adibide jarriz.

Matematika sufrimenduarekin lotu izan da sarritan. Zuk, berriz, zenbakiekin tarte atsegina pasatzeko aukera emango duzu, magia lagun duzula.

Askotan, matematikari beldurra izaten diogu zaila delakoan, oso abstraktua delakoan… Baina matematika oso polita ere izan liteke. Matematikak izan duen arazoa da oso gaizki azaldu dela, baina matematika ez da hori. Nik uste dut magia badela tresna bat matematika atseginagoa egiteko.

Ohiko saioetan matematika erabiltzen duzu?

Magiaren sekretuan matematika printzipio bat badago, eta horrek lagundu egiten du trikimailua ateratzen. Adibidez, nik astero badut tartetxo bat Euskadi Irratiko Faktoria saioan, eta magia irratitik egiten dut. Mikrofonoaren bidez esaten dut zer egin, eta etxean entzuleek pausoei jarraitzen diete, eta magia ateratzen zaie. Nik hor eskuko tranpak ezin ditut egin, ezin naizelako Olentzero bezala etxe guztietara tximiniatik sartu, tranpak egiteko. Orduan, askotan, matematika printzipioez baliatuta lor dezaket magia gertatzea. Beasainen saiatuko naiz, guztiok batera, ikusle guztiek magia egin dezaten.

Noiztik zabiltza magiaren munduan?

Nik beti gogoratu izan dut neure burua kartekin. Gustatu beti egin zait, baina serio orain dela hiruzpalau urte hartu nuen.

Non ikasten da magia?

Nik neure kabuz ikasi dut. Guztiok eduki dugun Magia Borras kutxa neukan txikia nintzenean. Gero, hainbat liburu oparitu zizkidaten. Ez ziren profesionalen sekretuak, baina serioagoak ziren. Magoen elkarteak ere badaude. Ez da ikasteko toki bat, baina asko ikasten duzu besteak ikusiz. Sekretuak kontatzen dizkiogu elkarri talde horretan. Kongresuak, topaketak-eta badaude. Gasteizen oso topaketa garrantzitsua dago.

Sariak irabazi dituzu. Bidea irekitzeko baliagarriak izango dira.

Bai, 2014an bigarren saria irabazi nuen Caceresko [Espainia] topaketa nazionalean. Egin den azken txapelketan, bigarren saria lortu nuen. Saria ondo dago, komunikabideetan elkarrizketak-eta egiten dituztelako, baina bizitza errealean ez dakit askorako balio duen. Garrantzitsuena da jendearen aurrean egunero-egunero ahal duzun guztia ematea. Sari bat eduki eta jendea aspertzen baduzu, ez du ezertarako balio.

Trikimailua gauza bat da, baina ikuskizunak edo antzezlanak ere garrantzi handia izaten du.

Bai, erabat. Zer egiten duzun baino garrantzitsuagoa da nola egiten duzun. Trikimailu bera bi magok egin dezakete, eta batek oso ondo eginda jendea txunditu dezake, eta beste batek, berriz, jendea asperrarazi, ez duelako istorio polit bat kontatu edo ez duelako ondo egin.

Magoak beltzez jantzita, serio itxurarekin azaltzen dira.

Askotan, fraka jantzita irudikatzen dugu magoa, elegante, tipo altua, serioa, biboteduna… Ni baxua naiz, ez daukat biboterik, frakik ere ez daukat… Ez naiz elegantea: aurrekontu baxuko magoa naiz. Nik uste magoaren irudi hori [Juan] Tamarizek hautsi zuela pixka bat: tipo itsusia, bromak egiten zituena; oihukatu egiten zuen, eta txaleko itsusi bat zeraman… Estereotipo hori bukatu zuen. Berak nahita egin zuen, magia modernizatzeko edo beste aukera bat bazegoela aldarrikatzeko.

Saio asko izaten dituzu?

Nik uste dut orain magia modan dagoela. Telebistan magia jartzen dute, eta guri ondo datorkigu, modan jartzen bada gehiago kontratatzen gaituztelako. Badago arazotxo bat: normalean, magia umeentzat dela pentsatzea. Nik ez dut uste hala denik: umeek ikus dezakete, baina nik uste dut magia helduentzat dela. Magiak, nolabait, logikotasuna apurtzen du, edo ezin dena egin eginarazten du. Fundamentu logikoak gero eta landuagoak izan, orduan eta gehiago harritzen zaitu. Nik uste dut helduek asko gozatzen dutela magiarekin, baina askotan helduei lotsa ematen die magia saio bat ikustera joateak. "Tipo horrek engainatu egingo nau", pentsatzen da askotan. Gu ez goaz inor engainatzera: ondo pasarazi nahi dugu, eta jendea harritu nahi dugu, gozaraziz.

Ikuslea trikimailuaren sekretua aurkitzen saiatzen da askotan…

Batzuek magia erronkatzat hartzen dute, baina nik uste dut hori ez dela gozatzeko aukerarik onena. Bakoitzak nahi duena egin dezake, baina nik uste dut norberak hobeto pasatuko duela bere harridura ateratzen uzten badu. Nire helburua ez da inor engainatzea edo tonto gisa uztea; hori nahiko banu, politikaria-edo izango nintzateke. Nire asmoa jendeak ondo pasatzea da, harritzea, txunditzea.

Trukoak asmatu egiten dituzue, idatzita daude… Nola sortzen duzue truko bat?

Sekretuak idatzita dauden magia liburuak badaude, baina, normalean, bakoitzak baditu bere egiteko moduak. Nolabaiteko ideia batzuetan oinarritzen gara; oso zaila da hutsetik zerbait asmatzea, oso mago gutxik egiten dute. Sekretu bat hartuta beste trikimailu bat egiten dugu askotan; sekretu berarekin gauza asko egin ahal baitira.

Zein materialekin aritzen zara?

Kartak elementu unibertsalak dira. Ni aurrekontu baxuko magoa naizenez, ez daukat elefanterik eta usorik. Elementu txikiekin aritzen naiz ni: kubileteak, sokak, bolak, dadoak...

Euskaraz ere aritzen zara.

Euskaraz eta gazteleraz. Londresen ere egin nuen saio bat, eta han, badaezpada ere, hitzik gabe.

Euskal Herrian mago asko zaudete?

Magia profesionalki egiten dugunak bost bat gara. Elkar ezagutzen dugu, eta lagunak gara. Gure artean lehia sanoa dagoela esango nuke. Kidetasun handia dago.

Zein trikimailu gustatzen zaizu gehien?

Nik badaukat niretzako politena den trikimailu bat; bukaerarako uzten dut beti normalean: hiru kubileterekin eta bolatxoekin egiten dudana. Baina niretzat politena da jendeak beste trikimailu bat ere gustatu zaiola esatea. Bakoitzak bere gustuak ditu, eta hori ere polita da.