Gizartea

Lehorra, ez txarra eta ez ona

Lehorra, ez txarra eta ez ona

Eider Goenaga Lizaso

Euria apenas egin duen udan, eta abuztuan ugari izan dira bero zakarreko egunak. Kaletarren artean, iritziak askotarikoak dira: udan hori tokatzen dela, gehiegizko beroa egin duela, egun sanorik apenas izan dela... Bero saparen ostean, ordea, euria iritsi da aste honetan. Beroa eta euria, denen ahotan. Baina, baserritarrentzat, eguraldia hizketarako gaia baino gehiago izan ohi da. Urteko jarduna baldintza dezake uda euritsu batek, negu epel batek edo abuztuko harri ekaitzak. Uda honetako eguraldiak, ordea, ez die denei era berean eragin: ganadua dutenak kezkatuta daude, negurako bildutako belarrarekin iritsiko ez zaielakoan; baratzetik bizi direnek uda oparoa izan dela diote, nahiz eta erregadioari esker izan.

"Gu nahiko ondo defenditu gara. Baina, Goierrin bertan ere, diferentzia handia dago toki batetik bestera; ezberdina da behiak mendira ateratzen dituen batentzat, edo etxe ondoko soroetan dituenarentzat. Gipuzkoan ere errealitate oso ezberdinak daude; kostaldean, normalki, barrualdean baino zailagoa da beroak belarra erretzea". Garikoitz Nazabal (Zaldibia, 1984) EHNE sindikatuko Gipuzkoako idazkari nagusiak haragitarako behiak hazten ditu; 50 behi inguru ditu, eta hori da haren jarduera nagusia.

Behiak Aralarrera eraman ohi ditu Nazabalek, apiriletik azarora bitartean, baina kezkatuta dago, mendira igo ez dituzten edo laster umea egitera jaitsi behar dituzten behiei negurako bildutako belarra ematen hasi beharko duelako. "Noski, aurretik kentzen dena pilan gero faltan izaten da beti. Normalki, udan jasotakoarekin neguan irauteko adina izaten dugu, baina, lehenago hasi behar badugu belar hori ematen, negua bukatu baino lehenago amaituko zaigu belarra". Eta horrek esan nahi du erosten hasi beharko dutela.

Uda lehorrak izandako eragin ezberdinen adibidetzat du Nazabalek Aralarreko larreen aurtengo kalitatea. "Mendian nahiko urte ona izan da. Aralarren lainoa gehiago gelditzen da; itsasaldetik datorren lainoa hor geratzen da, eta nahiko bustia egon da. Abereak oso ondo egon dira aurten: belar ona izan dute. Beste urte baterako sinatzeko moduko uda izan da mendikoa", azaldu du Nazabalek. "Eskerrak mendia dugun", gehitu du, "beheko soroak erreta baitaude".

Behin ganadua mendira atera ostean hasten dira negurako belarra biltzen. "Uztaila bitartean biltzen dugu, eta abuztuan, eguraldia lehorragoa denez, dagoen bezala uzten da, irailetik aurrera menditik jaitsi behar ditugun behiek jana izan dezaten. Baina, aurten, erreta dago belarra; abuztuan, zartaginetik pasatuta bezala gelditu da". Ondorioz, baserri ondoko larreetan bazkarik apenas dagoen behientzat, eta negurako gordetakoa ematen edota osagarriekin hasi beharko dute. "Gu oraindik ez gara hasi osagarriekin, baina lagun mordoxka bat dut jada hasia dena". Neguan lastoa izaten da behien janaria, baina hori osatu beharrean izaten dira, "ez baita elikagai nahikoa".

Artoa, garagarra, zekaleak eta pentsua erabiltzen dituzte osagarri gisa, eta horrek jada diru gastu bat eragiten die ganaduzaleei. "Kontuan izan behar da ohiko kostua etengabe igotzen ari dela eta txekorraren haragia, aldiz, ia-ia duela 30 urteko prezioan saltzen ari garela; eta horri gehitzen badiogu belarretan gehiago gastatu beharko dela, jardueraren bideragarritasuna bera jartzen da kolokan", ohartarazi du Nazabalek.

Baratzea ongi, behiak gaizki

Kezka bera du Begoña Aristik (Tolosa, 1978). Baratzea eta haragitarako behiak ditu, eta uda lehor honetan txanponaren bi aldeak ikusi ditu. "Baratzea ondo joan da, erregadioari esker; ea behiekin ez dugun dirurik galtzen". 35 graduko beroarekin ari da Aristi lanean. Piperrak biltzen jo eta su dabiltza Isastegi Goikoa baserrian. "Udan produkzio handia izan dugu baratzean, eta lanez lepo gabiltza oraindik, udako produktuak biltzen". Beroarekin baratzean jardutea gogorra dela dio, baina nahiago duela berotan euritan baino.

Nabarmendu du baratzeari ez diola kalterik egin uda lehorra eta beroa izateak. "Baratzetik bizi denak, normalki, erregadio sistema bat izaten du, eta, ondorioz, uda lehorra izateak ez digu eragin. Egun oso beroak izan direnean, tomate batzuk erre zaizkigu, baina, gainerakoan, produkzioa oso ona izan da. Piperrak, tomateak... pila bat izan dira, eta berdin udako produktu guztiekin; berenjena, kalabazina... dena oso ondo".

Euri zaparradaren bat gehiago egin balu eskertuko zuela aitortu du, ordea, Aristik. "Erregadioa ez baita euri zaparrada on bat bezala. Hor ez dago dudarik: euriak beste freskotasun bat ematen dio produktuari, beste bizitasun bat. Nabarmena izaten da barazkiak euri ura edo erregadiokoa jaso duen".

Neguko barazkiak landatzeari dagokionez ere, lurra lehorra egotea bustia egotea baino hobea dela dio. "Lehorra egoteak ez du kalterik egiten. Alderantziz, lurra lehorra dagoenean sar gaitezke baratzera landaketak egitera; lurra bustita badago eta euria ari badu, aldiz, ez. Hori bai, hemendik aurrera euri pixka bat egiten badu, hobeto, horrek landatutakoa aurrera ateratzen lagunduko baitigu". Aurtengo udan, arazorik izan bada, "arrekin eta halakoekin" izan dela nabarmendu du Aristik. "Negua oso-oso arina izan denez, zomorro gehiago izan ditugu udan".

Haren kezka iturria behiak dira. "Euririk egiten ez badu, larrerik ez dator, eta bazterrak jada gorrituta daude. Eta larrerik ez badago, laster behiak barrura sartu beharko ditugu jatera, eta barrura sartzeak esan nahi du erositakoa eman behar diezula jaten. Eta horrek poltsikoan eragina du, eta ez txikia". Aristik haragitarako behiak ditu, dozena bat inguru, eta etxe ondoan libre ibiltzen dira, uda zein negu. Udan etxe ondoko larreetan jaten dute, eta, oro har, udazken osoan horrekin nahikoa izaten dute. "Neguari puska polita kentzen diozu. Baina aurten laster sartu beharko ditugu, eta irailean sartzea oso goiz da".

Etxeko belardietan jaten dutenez, belarrik ez dute biltzen Isastegi Goikoan. "Sagardotegiko patsa sartzen dugu siloan negurako, eta, horrekin, lastoarekin eta pentsuarekin eusten diogu". Haragitarako behien mozkina txikia izaten dela —"gaizki ordaindutako produktu bat da"— eta belarretarako dirua jarri behar baldin bada galerak izatea ere posible dela uste du Aristik. "Beraz, batekin ondo zabiltzanean, besteak herren egiten du. Niri horregatik gustatzen zait baserrian gauza bat baino gehiago edukitzea; batek kale egin badizu, besteak laguntzen du".

Nolako Emakumeen Etxea nahi duten erabakiko dute Hernanin

Nolako Emakumeen Etxea nahi duten erabakiko dute Hernanin

Maite Alustiza

Berdintasuna eta feminismoa bultzatzeko "erreferentziazko guneak" dira Emakumeen Etxeak. Hala uste du Garazi Etxarri Hernaniko Berdintasun zinegotziak: "Mugimendu feministaren eskakizun historikoetako bat da, baita Hernanin ere". 2013tik Plaza Feminista daukate herrian. Eraikin publiko bat da; Berdintasun Saila han dago, eta herrian lan egiten duten eragile ugari biltzen dira: Bilgune Feminista, Gizon Taldea, Plax gazteentzako aholkularitza zerbitzua, emakumeentzako jabetza eskolak... Gune hori, ordea, txiki geratu zaie, eta beharrei erreparatuta erabaki du udalak Emakumeen Etxea sortzea: "Egun herrian dagoen mugimendu askotarikoa handituz joan den heinean, emakumeen etxe baten beharra azaleratu da".

Etorkizuneko Emakumeen Etxea definitzeko, parte-hartze prozesu bat martxan jarriko du udalak. Dagoeneko zehaztuta daukate zein izango den eraikina: Gabriel Zelaiako aurreko eraikina, Elizatxo ikastola izandakoa, Florida auzoan. Prozesuaren antolaketan Aztiker soziologia ikergunea ari zaio laguntzen udalari, eta, Maitane Basterretxea teknikariak azaldu duenez, irailaren 24an jarri dute prozesuaren abiapuntua. Egun horretarako Emakumeen etxea, espacio para la igualdad jardunaldia antolatu dute: "Gaia herrian sozializatzea da jardunaldiaren helburu nagusia. Gaia herrian plazaratzea eta agenda publikoan txertatzea. Beste herri batzuetako esperientziak ezagutzeko aukera ere izango da jardunaldietan". Adibidez, Arrasateko, Ermuko eta Basauriko (Bizkaia) esperientzien berri emango dute irailaren 24ko saioan.

Urritik urtarrilera arteko parte-hartze prozesua hiru fasetan gauzatuko dute; orotara, sei-zortzi saio izango dira. Lehenengo, urrian, espazio berriaren izaera eta ezaugarriak definituko dituzte, bi tailerren bitartez. Horietan, beharrak identifikatuko dituzte, eta beharrizanei erantzuteko zerbitzuak zerrendatu.

Lehen fase horren ondoren, azaroan eta abenduan, helburuei egokitutako espazioaren antolaketa zehaztuko dute, bai eraikin barruko antolaketa eta bai ingurukoa —auzolanerako aukerak ere aztertuko dituzte—. Eta, azkenik, funtzionamendua eta arauak finkatuko dituzte —etxea noiz egongo den irekita, zein elkartek izango duten presentzia...—. Otsailerako etxea definitua izatea espero dute, eta hortik aurrera hasiko dira espazioa egokitzen. Etxarrik azaldu duenez, haien asmoa da "ahalik eta gehiena" auzolanean egitea.

Udalarekin eta Aztikerrekin batera, 15-17 herritarreko talde bat ari da parte hartzen prozesuaren diseinuan. "Adin eta profil ezberdinekoak" dira, eta tartean dira mugimendu feministako kideak, beste hainbat elkartetako lagunak, baina baita "interesa azaldu duten norbanakoak" ere. Taldea nahi duten guztiei irekita dagoela gogorarazi du Basterretxeak.

Ikusten ez denaz, langileekin

Ikusten ez denaz, langileekin

Olatz Mitxelena

Euskotrenek astelehenean inauguratu zuen Altzako geltokia, Irungo Arasoko egoitza berria zabaltzearekin batera. Arasokoa Euskotrenen Gipuzkoako bigarren egoitza da —orain arte Donostiako Amara auzoan zuen egoitza bakarra Euskotrenek—. Eta egoitza berria zabaltzearekin batera, trenen maiztasuna ere handitu du. Aurrerantzean, 15 minutuz behin irtengo dira trenak Amaratik Irunera eta Irundik Amarara; eta 30 minutuz behin irtengo dira Zumaiarako trenak. Horrez gain, goizez, zerbitzu berriak eskainiko dituzte.

Euskotreneko langileak aldaketen berri izan zutenez geroztik ari dira borrokan, trenen maiztasuna handitzea euren lan balditzen kaltetan gerta ez dadin. Oraingoz, baina, ez dute eskatutakorik lortu, eta lanuzteak egiten ari dira. Aste osoan izan dira lanuzteak, eta hurrengo asterako ere antolatu dituzte.

Irune Zarate, Xabier Untzueta eta Esther Gonzalez greba batzordeko kideak dira. Beraiek azaldu dituzte langileen aldarrikapenak."Euskotrenek ezarri dituen maiztasun berriak bermatu ahal izateko tren kopurua handitu du", azaldu du Zaratek, eta horregatik eraiki dituzte instalazio berriak Arason, tren guztiak gordetzeko nahikoa leku izateko. Horrek, baina, tren gidarien lekualdaketa ekarri du. Langileek jakinarazi dutenez, lehen 66 tren gidari zituen Euskotrenek Gipuzkoan, eta, orain, horietatik hemeretzi geratu dira Amaran, eta beste guztiak Arasora lekualdatu dituzte.

Irunera lanera joan behar duten langileentzat Euskotrenek garraioa berma dezan eskatzen dute langileek."Amara trenaren geldialdi komertziala da, eta langileek ez zuten lanera joateko inolako eragozpenik. Trenean bertan joaten ziren", azaldu du Untzuetak.

Arason, ordea, trenak ez du geldialdirik, eta hor sortu da lehen eragozpena: "Langileek trenari geratzeko eskatuz gero arazorik ez zela egongo esan ziguten hasieran, baina, uztailetik negoziazioak apurtuta daudenez, enpresak ez du ezer egin, eta denek gure autoarekin joan behar izan dugu lanera".

Asteburuetan, jai

Lanera joateko garraioa lortzea, hala ere, ez da aldarrikapen nagusia. "Lantaldea handitzea, tren gidari gehiago kontratatzea gure asteburu libreen kopurua mantentzeko, hori da gure aldarrikapen nagusia", argitu du Gonzalezek. Izan ere, astelehenetik ostiralera ordutegi bera izango duten arren, larunbat gehiagotan lan egin beharko dute aurrerantzean. "Larunbatetan, lan txanda askoz gehiago izango dira, eta jende gehiagok aritu beharko du lanean, enpresak proposatutako lantaldearen handitzearekin ez delako nahikoa orain arte libratzen genituen asteburuak libratzen jarraitu ahal izateko".

Bereziki kezkatuta daude gai horrekin. "Kontuan hartuta guk urteko egun guztietan egiten dugula lan, eta oporrak sei txandatan ditugula, lana eta familia kontziliatzeko aukera bakarra asteburuetan dugu", nabarmendu dute.

Negoziazioak etenda

Euskotrenek "inposizioaren" aldeko hautua egin duela salatu dute langileen ordezkariek, eta jakinarazi dute uztailetik negoziazioak "apurtuta" daudela: "Azken bilera eduki genuen uztailean, eta esan ziguten eskertzen zutela gure lan guztia eta gure proposamenak, lan ona egin dugula, baina ezetz esateko unea zela", gogoratu du Untzuetak.

Enpresari langileekin esertzea "asko kostatu" zaiola uste du Zaratek: "2015eko irailetik ari gara enpresari bilerak eskatzen, baina aurtengo maiatzera arte ez dira eseri". Langileak mobilizatzen hasi eta gero lortu zuten lehenbizikoz enpresarekin biltzea.

Langileek aspalditik zekiten Arasora lekualdatuko zituztela, eta trenen maiztasuna handitu behar zutela jakin zutenean ekin zioten biltzeari, "aldaketekin kezkatuta". Batzar horietan definitu zituzten langileen eskaerak, eta enpresari helarazi. Oraingoz, baina, ez dute bat bera ere onartzerik lortu.

Apirilean hasi ziren mobilizazioekin. Paskinak banatu dizkiete erabiltzaileei lanuzteak iragarriz eta beren aldarrikapenen berri eman asmoz. Horrez gain, elkarretaratze isilak egiten dituzte Amaran. Baina ez da nahikoa izan."Ekainean enpresak eskatu zigun mobilizazioak bertan behera uzteko negoziazioekin jarraitzeko baldintza gisa".

Langileek baldintza hura onartu zuten. Aitzitik, keinu hura ez dela aintzat hartua izan salatu dute orain langileek:"Horren truke, enpresak inposatu ditu koadroak, eta ateak itxi dio edozein akordiori". Hori ikusita, Euskotreneko langileek mobilizazioei berriz ekitea eta lanuzteetara deitzea erabaki dute.

Herritik eta herriarentzat

Herritik eta herriarentzat

Eider Bereziartua
Haurren heziketa eta aisialdia "beste modu batera" egitea du helburu Herri Hezitzaileak egitasmoak. "Gaur egun dauden ereduetatik kanpo badaude beste praktika batzuk hori gauzatzeko", azpimarratu du Amaia Etxabek (Arrasate, 1988), Txa...

[Herriz herri] Elduain. Gustuko lekuan, aldaparik ez

[Herriz herri] Elduain. Gustuko lekuan, aldaparik ez

Rebeka Calvo

Andra Mari jaiak pasatu berri dituzte Elduainen. Giro jatorra izan dute, urteroko moduan, eta normalean lasai-lasaia den herria trikiti doinuek eta gazte zein helduen hotsek hartu dute. Egunerokoan, lasaitasuna da nagusi. Hala diote bertakoek, hori omen da Elduainen berezitasuna. Besterik ere bada, halere. Hori dio barre txiki artean Jose Angel Urkizu alkateak, aldapan dagoela herria. "Aldapa da, bi aldeetara aldapa. Herria bilduta bezala gelditzen da, ez da sakabanatzen". Aldapan beharbada, baina gustura, elduaindarrek bertako giroa maite baitute; landa giroa, paraje ederrak, mendiz inguratuta egonda mendi buelta emateko aproposa... Besteak beste, Urdelar, Ipuliño, Mugaga, Gaztelu Mendi eta Larte mendiek inguratzen dute. Azken urteetan herria ez dela askorik aldatu dio alkateak: "Beharbada lehengo baserri giroa apaldu da, baina bestelakoan ez dugu aldaketa handirik izan".

25,2 kilometro koadroko azalera du Elduainek, eta 240 biztanle zituen 2014. urtean. Biztanleriak behera egin du azken urteetan, baina ez askorik —duela hogei urte 300 bat biztanle ziren—. Gazteek ez dute bertan geratzeko aukerarik izan urte batzuetan, eta eragina izan du horretan: "Belaunaldi hutsunea egon da, eta orain saiatzen ari gara betetzen". Hori dela eta, etxebizitzak egiteko asmoa du udalak. Erronka garrantzitsua da elduaindarrentzat, hori baita gazteak bertan geratzeko dagoen aukera bakarra. "Dauden etxeak berritzeko aukera ere hor dago. Helburua bera da; gazteek herrian geratzeko aukera izan dezatela".

Gazteen falta bezala, haurrena ere badago Elduainen. Hasi berri den ikasturtean haurtzaindegi zerbitzua mantentzea lortu dute, hiruzpalau ume baitaude haurtzaindegian. Zerbitzua abiarazteko gutxienez hiru haur behar dira, baina etorkizunean ez dakite zerbitzua mantentzerik izango duten.

Garai batean eskola ere bazegoen herrian. Alkatea bera bertan ikasitakoa da: "Orain berrogei bat urte bazegoen eskola herrian, baina adin guztietako haurrak elkarrekin aritzen ziren. Ni laugarren mailan jaitsi nintzen Tolosara. Gaur egun, Berrobi, Ibarra eta Tolosako eskoletan aritzen dira herriko haurrak". Aldapan behera joanda, hortaz. Izan ere, alkatearen hitzetan, aldapan behera egiteko joera dute elduaindarrek, Tolosarako joera. "Goraka, Berastegi aldera baino gehiago, beheraka jotzen dugu gehienbat".

Herri lasaia izan arren, ez dago geldirik. Udalean zerbitzuak eskaintzeko eta herritarren beharrak asetzeko aritzen dira lanean, eta, azken hilabeteetan, udaleko webgunea berritzeaz gain, artxiboa katalogatzen aritu dira. Etorkizunera begira, berriz, udaletxea bera berritu nahi dute; proiektua egiten ari dira, eta, horren arabera, diru laguntzak eskatuko dituzte. Udaletxe zaharra erre egin zen, eta berria zehazki zein urtetakoa den ez dakite. Horretarako egina duten artxiboa katalogatzea ezinbestekoa da; "artxiboa egin dute jada, baina dena katalogatu eta txukundu egin behar da". 1700. urteko agiriren bat azaldu da. Aurkitutako dokumentuen artean, gerraostekoak ere badaude; orduan zerga asko zeuden antza, agirietan irakur daitekeenez: "Txakurrak edukitzeagatik, arrautzak ez dakit zenbat dozena edukitzeagatik, bizikleta edukitzeagatik...". Hurrengo erronka, hortaz, udaletxea berritu, artxiboa kokatzeko lekua atondu eta dena digitalizatzea izango da.

Karobi eta errotak

Ondare historikoa berreskuratzeko hainbat lan ere egin dituzte, Burdina taldekoekin batera. Izan ere, zortzi urte dira jada Burdina taldea eta Elduaingo Udala elkarlanean hasi zirela, eta bost karobi eta errota bat berreskuratuak dituzte.

Orain, Errotazarren berreskuratze lanen azken fasean sartuko dira, eta, guztia garbitu eta hainbat elementu berregin ondoren, errota egonkortuko dute herritarren eskura uzteko. "Galduta daude elementu horietako asko, baino batzuk berreskuratuz balioa eman nahi diegu".

Irailarekin barealdia heldu da

Irailarekin barealdia heldu da

Eider Goenaga Lizaso

Uda luze joan zaie Gipuzkoa eta Lapurdi banatzen dituen Biriatuko ordainlekutik egunero pasatu behar izaten duten auto zein kamioi gidariei. Etxetik irtetean ezin jakin helmugara noiz iritsiko. Egun batean bai, hurrengoan ere bai, auto ilarak izan dira bertan. Motzagoak batzuetan eta oso luzeak zenbaitzuetan. Abuztuaren 18an hautsi zen udako marka, hemezortzi kilometroko ilarekin.

Irailarekin batera, oporren amaierarekin batera, A-8 autobideko zirkulazioa asko arindu da, eta ilarak ia desagertu dira. Gipuzkoako Foru Aldundia, ordea, beldur da edozein unetan berriro ere ilarak izan daitezkeelako, batez ere zirkulazio handiko egunetan. "Frantziako Gobernuak larrialdi egoera mantentzen duen bitartean, zenbait egunetan auto ilarak gerta daitezke. Ikusiko dugu udazkenean Frantziak neurri bereziekin jarraitzen duen, hori baita ilaren arrazoia", esan dio Hitza-ri Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak.

Esteban Murumendiaraz Hiru sindikatuko idazkari teknikoak ere beldur bera du. "Guk ez dugu aldaketa handirik espero udazkenerako. Turismoen joan-etorria jaitsi den neurrian, zertxobait arinduko da, baina kontrolak jartzen badituzte, arazoak jarraitu egingo du". Garraiolarien sindikatuko ordezkariak nabarmendu du, gainera, auto ilarak udan "ikusgarriagoak" izan diren arren eta jende gehiagori eragin dioten arren, arazoa lehenagotik datorrela, eta garraiolariek hilabeteak daramatzatela Biriatuko ordainlekuan ilaran "orduak galtzen".

Ordainlekuan muga

Azaroaren 14an, Parisko Bataclan aretoan zein hiriburuko hainbat kaletan izandako atentatuen biharamunean ezarri zuen François Hollande presidenteak larrialdi egoera. Mugak itxiko zituela iragarri zuen, eta ordutik polizien presentzia ia etengabea izan da Biriatuko ordainlekuan, Baionarako bidean. Ekain amaiera bitartean, ordainlekuak dituen hamar kabinetatik bi bakarrik irekitzen zituzten: bat turismoentzat eta bestea kamioientzat.

Garraiolariek hilabeteak zeramatzaten ilarak pairatzen, ekainaren 20an afera lehertu zenean. Frantzian Eurokopa jokatzen ari zirela eta, Jendarmeriak ia erabat itxi zuen kamioientzako ordainlekua, eta egun horretan hogei kilometroko kamioi ilarak sortu ziren. Gipuzkoako Foru Aldundiak egoera "eutsiezina" zela adierazi zuen, eta bai Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta bai Bide Azpiegituretako diputatuak Frantziako agintariekin eta autobideko arduradunekin bilerak eskatu zituztela jakinarazi zuten. Kontaktuek izan zuten emaitzarik; ekain amaieran hasi baitziren Biriatuko ordainlekuan kabina gehiago irekitzen (bi turismoentzat eta hiru kamioientzat). Baina aldi berean hasi zen udako oporraldia, eta ibilgailuen joan-etorria handitzearekin, ezin ilarak murriztu.

"Frantziako agintariak jakitun dira hartu dituzten neurriek zer eragin duten alde honetan. Elkarlanerako borondatea badago. Horren adierazgarri da itzulera operaziorako bederatzi kabina zabalik izan zituztela, baina beti muga efektuarekin; hau da, ibilgailu guztiak, segundo batzuetan bada ere, geldiaraziz eta, ondorioz, auto ilarak sortuz", azaldu du Oiarbidek.

Murumendiarazek argitu du kamioi gehienek, T Bidea sistema dutenez, ordainlekuetan ez dutela gelditu behar izaten. "Baina Biriatun sistema hori desaktibatu egin dute, eta kamioia erabat gelditu behar izaten da. Gainera, hainbatetan, itxi ere egin dute kamioien bidea, inori pasatzen utzi gabe, edo oso tantaka pasatzen utziz". Garraiolariei ordainlekuan sortutako ilarek sekulako galera eragiten dietela nabarmendu du Hiruko ordezkariak. "Egunero joan-etorrian ibiltzen den garraiolariak batez beste 2-3 ordu gal ditzake ilaretan. Gainera, turismo bateko gidariak, bi ordu ilaran egon ondoren, nahi adina jarrai dezake aurrera, gogoa baldin badu. Guri, berriz, takografoak mugatu egiten digu denbora, eta ilaran gauden denbora hori galdutako denbora da. Nazioartekoa egiten duten garraiolariei mugako gorabeherek asteburua etxean igarotzea baldintza diezaiekete".

Hiruk ordainlekuko kabina guztiak irekitzeko eskaera egina du aspalditik, baina zail ikusten du Murumendiarazek hori baino gehiago egitea. "Oso nekeza da horren kontra ezer esatea. 'La sécurité, la sécurité' esaten dute, eta zer esango duzu zuk horren aurrean? Benetako arriskua dagoela esaten badute... Ez zait iruditzen Biriatun egiten dutenak Frantziak duen arazoa konpontzeko balioko duenik, baina guk ezin dugu horren kontra egin".

Kontrola egiteko moduarekin ere ez dago konforme Hiru sindikatua. "Ez dute egiten kontrol batean egin ohi dena; alegia, ez dute kamioi bat edo ibilgailu bat baztertu, eta hura miatzen duten bitartean gainerakoei pasatzen utzi. Ez, kamioiak ordainlekuan geldiarazi, ordainlekua ia erabat itxi, eta kito, miaketak apenas egiten dituzten. Oso noizean behin irekitzen dute kamioiren baten ate bat, eta gainetik begiratzen dute; baina, bitartean, sekulako ilara sortzen dute".

Hiru sindikatuko kidearen ustez, Biriatun egiten dutenak beste azalpen bat ere badu. "Segurtasuna aipatzen dute, baina badakigu Jonqueran ez dituztela horrelako mozketak egiten; eta ezta Frantziara Italiatik zein beste herrialdeetatik sartzeko bideetan ere. Gure susmoa da, autobidean hirugarren bidea irekitzeko obrak egiten ari direnez, ordainlekua erabiltzen dutela zirkulazioa arintzeko. Ez dute nahi kolapsatzerik, eta ordainlekuak itxiz lortzen dute zirkulazio lasaiago eta orekatuagoa, kamioiak tantaka pasatzen utzita". Muruamendiarazen ustez, A-63 autobideko lanek iraun bitartean jarraituko du arazoak.

Oiarbidek Gipuzkoako Foru Aldundia gaiaren gainean dagoela eta Frantziako agintariekin kontaktuan daudela azaldu du. "Beti gaude harremanetan, eta guztiok gara bestearen errealitatearen jakitun. Gure helburua atentatuen aurreko egoera berreskuratzea litzateke, mugarik gabeko egoera, baina hori Frantziako Gobernuaren esku dago".

Errauste plantaren ordez, “irtenbide adostu bat” eskatuko dute Donostian

Errauste plantaren ordez, “irtenbide adostu bat” eskatuko dute Donostian

Maite Alustiza

Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundeak argi du zein den errauste plantaren alternatiba: "Hondakinak murriztea, berrerabiltzea, birziklatzea, konpostatzea eta errefusa egonkortzea". Hori aldarrikatzeko, giza katea antolatu du iganderako, Donostia Bizirik taldearekin batera. Donostian egingo dute, Alderdi Ederretik Kontxako hondartzara jaisteko dagoen arrapalan, 11:30ean. Gipuzkoako plataforma ugaritako ordezkariak bilduko dira.

Bi eskaera egingo dizkiete Gipuzkoako diputazioari eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari: erraustegia egiteko asmoa alboratu dezatela, eta gaiari "irtenbide adostu bat" eman diezaiotela. "Benetako" prozesu parte hartzaile bat nahi dute, alderdi politikoekin batera gizarte eragileek eta adituek ere parte hartu ahal izan dezaten.

Giza katearen aurkezpenean adierazi zutenez, hondakinen kudeaketaren inguruko gatazkak "Gipuzkoako agintarien itsukeria interesatuan" dauka jatorria: "Duela ia hamabost urte erraustegiaren aldeko apustua egin zutenen ondorengoek tematuta jarraitzen dute konponbide berberaren atzetik". Haien arabera, gainera, agintariak jakitun daude "oso zaila" dela proiektu bat aurrera ateratzea "gipuzkoarren parte handi bat" aurka dagoenean: "Kontrako jarrera hau gero eta antolatuago dago; behin eta berriz mobilizazio jendetsuen bidez aurkako jarrera bistaratzen ari da".

Uste dute planta egiteak diru publikoaren "xahuketa izugarria" ekarriko lukeela, eta gizakien osasunerako eta ingurumenerako kaltegarria izango litzatekeela: "Gipuzkoan, errausketa zaleen kalkuluen arabera, 163.000 tona errefus sortuko dira 2030ean, baina ozenki diogu 2017an 50.000 tona sortzera pasa gintezkeela; dena erabaki politikoen menpe dago". Horregatik, "absurdoa" da errauste planta bat egitea kopuru hori hartzeko, haien iritziz.

Proiektua esku pribatuetan utzita, gainera, haren kostua eta errefusaren tratamenduarena "ikaragarri" garestituko direla salatu dute: "1.500 milioi euro ordaindu beharko ditugu herritarrok 35 urtean, eta hori ordaindu egin behar dugu errefusa sortu ala ez". Gaineratu dute errauste plantak zabortegiak behar dituela, handik ateratzen diren zepak eta errauts toxikoak tratatu eta gordetzeko.

Adjudikazio, azaroan

Uztail bukaeran onartu zituen GHK-k Zubietako errauste plantaren eraikuntza eta kudeaketa adjudikatzeko agiriak, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin —Tolosaldeko eta Urola Erdiko mankomunitateek bakarrik bozkatu zuten kontra —. Enpresek euren proposamenak aurkeztu ondoren, azaroan egin nahi dute behin betiko esleipena, eta obrak 2017 hasieran hasi.

Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuarentzat, hondakinen kudeaketaren arazoa "behin betikoz konponbidean" jarri du erabaki horrek: "Onarpen honek erakusten du normaltasuna gailendu dela eta agintera iristerakoan gipuzkoar herritarrekin hartutako konpromisoak betetzen ari garela", adierazi zuen adjudikazioak onartu berritan.

Proiektuak lau eraikin izango ditu: TMB tratamendu mekaniko-biologikorako planta, erraustegia, biometanizaziorako planta eta zepak balioztatzeko zentroa. Kalkulatu dute 217,583 milioi eurokoa izango dela erraustegia eraiki eta kudeatzeko kontratua, eta adjudikazioa 35 urterako izango da. Espero dute 2019ko udarako lanean hasteko prest egotea.

“Kaotikoa zen egoera”

“Kaotikoa zen egoera”

Ariane Vierbücher

Siriako gatazka piztu zenean, iristen ziren albisteei begira hunkitu zen Idoia Caballero ordiziarra. Milaka pertsona beldurturik, ihesi, babesa emango zien lurralde baten bila. "Barren osoa zirrara batean jartzen zitzaidan hain irudi gogorrak ikustean". Egoera horretan, zerbait egin behar zuela pentsatu zuen; Rosa Agundezekin batera udan Greziara bidaiatu, eta han dauden errefuxiatuei laguntzeko ideiari forma ematen hasi zen.

"Bidaia prestatzen ari ginela, inguruko jende askok Greziara eramateko gauzak eman nahi zizkigun; arropak, jostailuak, janaria...". Hala ere, guztia kudeatzea eta bidaltzea "ikaragarri garesti" ateratzen zela dio. Jendearen laguntzeko interesa zela eta, beste norabide bat hartzea erabaki zuten: "Herritar eta inguruko lagun asko gehitu ziren gure kausara, eta, horrela, Bizi Ekin sortzea erabaki genuen". Egun, bederatzi lagunek osatzen dute taldea.

Material bilketa

Ekainean sortu zuten ofizialki Bizi Ekin, eta uztailean egin zuten lehenengo ekintza. "Rosak eta biok Greziara bidaiatzeko asmoa genuela agertu genuenetik sortutako laguntza guztia ikusirik, Siriako errefuxiatuentzat material bilketa egitea erabaki genuen". Uztailaren 2an egin zuten, eta, Bizi Ekineko kideez gain, boluntario ugari aritu ziren lanean egun hartan. Asociacion de Ayuda al Pueblo Sirio elkartearekin harremanetan jarri ziren bidalketa egiteko, eta Seurren bitartez egin zuten. Gutxienez bi palet betetzeko baldintza jarri zieten: "Bederatzi palet bete genituen bilketa egunean jasotakoarekin. Jende kontzientziatu asko zegoela bagenekien, baina hainbeste?", aitortu du Caballerok. Arropak, mediku materiala, jostailuak... denetarik bildu zuten. Horrek lanean jarraitzeko indarra eman zien.

Greziara bidaia

Bizi Ekin osatzen duten taldekide bat baino gehiago izan da Grezian. Agundez eta Caballero abuztuaren 1ean joan ziren, eta bederatzi egun pasatu zituzten Grezian, Atenasen, hain zuzen. "Gu Zaatar gobernuz kanpoko erakundearekin harremanetan jarri ginen, eta haiekin lan egiten aritu gara Atenasen duten Orange House-n". Caballerorentzat lehenengo aldia zen boluntario bezala horrelako zerbaitetan parte hartzen zuena, eta "ilusio eta lan egiteko gogo handiarekin" joan zen.

Arazoaren "tamaina ikaragarria" gertutik ikusi ahal izan zuen: "Grezia gainezka dago errefuxiatu kopuruagatik, eta gatazka hau guztion erantzukizuna da". Orange House-n Siriatik Atenasera heltzen diren emakumeak eta horien seme-alabak, hautsitako familiak... daude. Caballeroren arabera, Orange House hutsik zegoen lokal bat zen, eta lo egiteko tokia eta janaria ematen zaie. Horretaz gain, abokatu bat dago, hara iristen diren errefuxiatuei paper kontuetan laguntzen diena. Han hainbat egun pasatzen dituzte.

Tokira heltzean, Caballerok aitortu du ez zietela "oso harrera beroa" egin, baina segituan lanari ekin zioten. "Zeregin eta proposamenekin osatutako taula bat zegoen pareta batean. Baratze bat egitea proposatu genuen guk". Han bizi zirenen erantzuna "oso ona" izan zen: "Hilabeteak daramatzate jaki freskorik jan gabe, eta, horretaz gain, lanpetuta egongo ziren lurra eta landareak zaintzen".

Oztopo ugari aurkitu zituzten bidean. "Baratzea egiteko materialak erosteko dirua behar genuen, baina gastua gure gain hartu behar izan genuen, erakundeak ez zuelako interesik agertu". Dioenez, baratzea egiteko tokira heltzeko bidea ere ez zen aproposa, eraikinaren teilatuan egitea baitzen asmoa.

Atenas hego-ekialdean kokatuta dagoen aireportu zaharrera ere joan ziren: "Material asko eta asko heltzen zela esan ziguten, eta txukuntze lanetarako jendea behar zuten". Birritan pentsatu gabe abiatu ziren, eta han aurkitutakoa "guztiz kaotikoa" zela dio. 11:00etan irekitzen zuten, eta hara iristen ziren kaxak txukuntzeko egun osoa pasatu zuten. Aireportura janari eta arropa kaxak heltzen dira, eta sailkapen lana egiten aritzen dira, ondo- ren "kanpamentuetara bidaltzeko".

Kanpamentuetan ez zieten sartzen utzi. "Militarren esku daude guztiak, eta erakunde bakar bat dago horietako batean lanean, A Drop in The Ocean". Grezian ezagutu duten jendeak kontatutakoaren arabera, "kanpamentuetako bizitza ez da batere erraza, eta horien aldeko eta kontrako iritziak aurki daitezke. Han behintzat eguneroko janaria ziurtatua dute".

Aurrera begira, Bizi Ekin taldekoek lanean jarraituko dute. "Laster hasiko gara berriz bilerak eta ekintza berriak egiten, eta gurekin lan egin nahi duen orori ateak irekiko dizkiogu".

[Herriz herri] Eibar. Zailtasunei aurre egiten

[Herriz herri] Eibar. Zailtasunei aurre egiten

Eider Bereziartua

Eibar, 1931tik Hiri guztiz eredugarria, Debabarrena eskualdeko udalerririk handiena da. 27.400 biztanle inguruk osatzen dute Gipuzkoa mendebaldeko herri hori, eta probintziako populatuenen artean laugarrena da, Donostia, Irun eta Errenteriaren atzetik.

Eibarko alkate Miguel de los Toyosek azaldu duenez, "eibartarra egonezina da izatez", eta, ondorioz, "etengabeko mugimenduan" dagoen hiria da Eibar. "Aldi oro hobetzen saiatzen ari den gizartea da Eibarkoa", gaineratu du alkateak. Hiriaren egoerak hobera egin duen arren, azpimarratu du egiteko "asko" dagoela oraindik. Herriaren egoera eta herria bera hobetzeko, oinarrizko hiru arlo nabarmendu ditu: alderdi ekonomikoa, alderdi soziala eta herritarren bizi kalitatea.

Gipuzkoako langabezia tasa handienetakoa du Eibarrek, %16 ingurukoa. Azken datuen arabera, 2.000 bat langabe daude herrian egun, eta horri buelta ematea da Eibarko Udalaren erronka nagusia. "Bizi ahal izateko lana egin behar dugu guztiok", dio De los Toyosek, eta, horregatik, herrian dituzten industria eta zerbitzuak indartzen saiatzen ari da udala. Hala ere, udalerriko testuinguru ekonomikoa ere "aldatzen" ari da, eta "horretara moldatu behar du gizarteak". Hori dela eta, jarduera berriak erakartzea ere badu helburu udalak. Hala ere, De los Toyosen ustetan, udalaren lanari Gipuzkoako Foru Aldundiarena eta Eusko Jaurlaritzarena gehitu behar zaizkio: "Guztion artean sortu behar dugun testuingurua da".

Jarduera berriak erakartzeko ahaleginean, Eibarko Udalak martxan duen proiektu garrantzitsuena da duela urte batzuetatik Tekniker lanean ari den Polo Teknologikoa hazten laguntzea. Gune hori dagoen lurra Eusko Jaurlaritzarena da izatez, eta, ondorioz, haren kudeaketa ez da udalaren eskumena. Halere, alkateak uste du "guztion artean" garatu beharreko zerbait dela: "Ikerkuntzak eta berrikuntzak lagunduko digute herriko ekonomia garatzen. Oso garrantzitsua da jarduera hori".

Horrez gain, udalerrira "marka berriak erakartzeko saiakera" egiten ari da udala. De los Toyosek gogorarazi du Eibarren dagoela Gipuzkoako El Corte Ingles bakarra, eta, joan den astean, Gipuzkoako bigarren Mercadona inauguratu zuten —bestea Irunen dago—: "Pertsona batzuk horren aurka egon arren, ez dago dudarik horrelako saltokiak herriarentzat erakargarri ekonomikoak direla".

Proiektu nabarmen horiez gain, ekintzailetasuna bultzatzeko eta autonomoei eta enpresei beren ikerketetan eta lanetan laguntzeko diru laguntzak ematen ditu udalak. "Laguntza ekonomikoak dira, gauza berriak landu ditzaten".

Herritarrengandik gertu

Udalaren beste helburuetako bat da herritarren beharrizanak asebetetzea. Udal ordezkariaren hitzetan, "udalak laguntza behar duten herritarren ondoan egon behar du, eta gaizki pasatzen ari direnek hain gaizki pasa ez dezaten tresnak izan behar ditu". Zailtasunak mota desberdinekoak izanagatik ere, alkateak uste du udalak prest egon behar duela guztiei erantzuteko: "Guk ez dugu lortuko gaizki pasatzen ari dena ondo egotea, baina horien egoera hobetzea lortu behar dugu".

De los Toyos ongizate horretatik haratago doa, ordea: Eibarko bizi kalitatea hobetu nahi du. Bertako herritarrak "ahalik eta erosoen" bizitzea da helburua, eta, uste du horretarako aisialdirako gune "gehiago" behar dituztela. "Hiriaren bizi kalitatea hobetzea ez da alderdi baten edo alkate baten lana, guztion eginbeharra da, herri osoaren lana da".

Horretarako, hainbat proiektu ditu martxan erakundeak. Esate baterako, duela gutxi, trenbide gaineko pasealekua inauguratu zuten Eibarren. "Trenaren errailak estali, eta milaka metro koadro irabazi ditugu oinezkoentzat, herritarrentzat". Herrian espazio libreak sortzeko "aukera bakarra hori zen".

Horrez gain, beste proiektu batean ari da lanean buru-belarri udala: Errebalgo gunearen eraberritzean. Erabilera anitzeko eraikin bat ari dira sortzen han. "Eraikin horren helburua aisiarekin lotutako ekintza guztiak bertan elkartzea da. Horrela, herritarrei zerbitzu soziala emango dien gunea izango da", dio. Besteak beste, kontzertuak, merkatuak eta bestelako jarduerak egingo dituzte bertan.

Harrera herria

Iaztik, errefuxiatuak jasotzen dituen herria da Eibar, baina betidanik izan da "herri hartzailea". 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, hainbat eta hainbat galiziar, extremaduratar eta andaluziar iritsi ziren Gipuzkoako herrira. "Orain, berriz, urrunagotik datoz". Dena den, "helburu berarekin datoz, bizitza hobea aurkitzen saiatzera. Beren jaioterrian eduki ez duten zortea izan nahi dute hemen", gogorarazi du. Horrenbestez, alkatearen arabera, udalaren lehentasunetako bat da datozen horiei laguntza ematea.

Gaur egun, 18 errefuxiatuz gain, jatorri desberdinetako 2.200 herritar inguru bizi dira Eibarren. Pertsona horien guztien integrazioa lantzeko mekanismoak gauzatzen ari da udala. "Esate baterako, hainbat etorkinek hizkuntzarekin arazoak izan ditzakeela eta, AISA proiektua garatu dugu Gizartekintzako Immigrazio Arloaren eta Udal Euskaltegiaren arteko koordinazioa sustatuta. Proiektu horren xedea da kanpotik etorri direnak euskarara eta euskal kulturara hurbiltzea".

De los Toyosek uste du integrazioa errazagoa dela kulturaren eta hizkuntzaren bitartez, eta horrek gizarteari "gehigarria" eskaintzen diola. "Bakoitzak bere jatorria du, bere kultura, eta guk ez diogu inori hori kendu nahi. Guk dena gehitzea nahi dugu: beraiena eta gurea".

Geroz eta haur gehiago familia beharrean

Geroz eta haur gehiago familia beharrean

Aitziber Arzallus

Familiak behar dira Gipuzkoan, foru aldundiaren ardurapean dauden haur eta gazteak harreran hartzeko prest dauden familiak, hain justu. Izan daitezke guraso bakarrekoak, izatezko bikoteak edota bikote ezkonduak; seme-alaba biologikodunak edota gabeak; gazteak edota helduak; ekonomikoki egoera egonkorra dutenak. "Ez dago familia eredu perfektu bat. Haur eta gazte guztiak ez dira berdinak, bakoitzak behar jakin batzuk ditu; beraz, familiak ere era askotakoak behar ditugu", Leticia Martin Beroa Gipuzkoako harrera familien elkarteko teknikariaren hitzetan.

Haur jaioberriak, kozkorragoak, nerabeak eta anai-arrebak; Euskal Herrikoak eta atzerritarrak. Diputazioak kudeatzen dituen harrera etxeetan soslai guztietako haur eta gazteak daude familien zain. Uztailaren 20an Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Gaietako diputatuak emandako datuen arabera, 353 haur zeuden harrera familietan, eta beste 313 harrera zentroetan, haietatik 49 familia batera sartzeko prest. Uztail bukaeran 44 zirela zehaztu du Martinek.

Egoera "larria" dela dio Beroako teknikariak, behar handia dagoela. "Geroz eta kasu gehiago iristen zaizkigu esku artera, eta, horrenbestez, geroz eta familia gehiago behar ditugu". Hala ere, nabarmendu du babesgabe dauden haurren kopurua hazten joatea ez dela erabat berri txarra. "Alde ona ere badu horrek, esan nahi baitu lehen baino azkarrago detektatzen ditugula kasuak eta lehenago has gaitezkeela beharra duten familia horiei laguntzen". Horrek, baina, egoera zuzendu artean, babesik gabe geratzen diren haur horiek hartzeko familia gehiagoren beharra dakar ezinbestean.

Adingabe bat babesik gabeko egoera larrian dagoela antzematen lehenak udaletako gizarte zerbitzuak izaten direla azaldu du Martinek. Haiek ei dira egoeraren berri aldundiari ematen diotenak. Egoera hori baieztatzen bada, gurasoei agintea kendu eta diputazioaren esku geratzen da adingabearen zaintza. Zenbaitetan, egoerak bultzatuta, gurasoek eurek erabakitzen dute umearen zaintza diputazioaren esku uztea.

Hobe familia batera

Kasu bakoitza aztertu ostean, haurrarekin zer egin erabakitzen du diputazioak. Harrera zentro batera eramatea da aukeretako bat, harrera familia bati ematea da bestea. "Ahal den guztietan familiaren aukera lehenesten da", Martinen arabera. "Haur jaioberrien kasuan, esaterako, ahalegin berezia egiten dute familien esku gera daitezen, frogatuta dagoelako lehen hilabeteetako bizipenek geroko garapenean eragin handia dutela". Baina beti ez da posible izaten."Askotan haurrak nahastuta egoten dira, ez dutelako ulertzen zergatik bereizi dituzten euren gurasoengandik. Beste batzuetan, egoeraz jabetzen dira, baina ez dute onartzen, eta beren buruarekin borrokan sartzen dira". Haur horiekin lanketa handia egin behar izaten dela azaldu du Martinek.

Zentro batera zein familia batera iristean, adingabe bakoitzari erreferentziazko pertsona bat jartzen diote, haren bilakaera gertutik jarrai dezan. Umeari gertatutakoa azaldu eta ulertarazten saiatzen da hura, harrera gurasoen eta profesionalen laguntzarekin. "Goizago edo beranduago, gehienek harrera familietan bukatzen dute, baina badira adinez nagusi egin arte zentroetan jarraitzen dutenak ere, batzuk euren erabakiz, besteak ez delako familia egokirik agertu". Nerabeak etxean hartzeko prest dauden familiak topatzea zaila dela dio.

Adinez nagusi egiten direnean, gazteek harrera zentroetatik alde egin behar izaten dute. Normalean, baina, aurrez emantzipazio plan bat prestatua izaten dute erreferentziazko hezitzailearen laguntzarekin, handik irten eta nora ezean gera ez daitezen.

Azterketa zorrotza

Martinen esanetan, ume bat harreran hartzen duen familiak "oso garbi" izan behar du harrera ez dela adopzio bat, ezta hura lortzeko bidea ere. "Harrera aldi baterako neurri bat da, eta azken helburua beti da adingabea jatorrizko familiara itzultzea, gurasoek dituen arazoak konpontzean". Bitartean, harrera familiak betebeharra izango du etxean hartzen duen umea maitatzeko, zaintzeko, elikatzeko eta hezteko. Gainera, posible den heinean behintzat, umeak harremanetan jarraituko du bere jatorrizko familiarekin, Gipuzkoako Diputazioak araututako eta epaitegiak adostutako bisiten bitartez.

Adingabe bat harreran hartzeko prest dauden familiek azterketa zorrotza gainditu behar izaten dute. Hitzaldi informatibo batean parte hartu behar izaten dute aurrena, eta, aurrera egitea erabakitzen badute, eskatutako dokumentazio guztia bildu gero. Ondoren, test batzuk egin behar izaten dituzte; eta, azkenik, teknikariak familiaren etxebizitza ikustera joaten dira, ume bat hartzeko baldintzak betetzen dituen egiaztatzeko. Familiako kide guztiekin hitz egiten dute haiek, harrera programa batean parte hartzeko ezinbesteko baldintza baita denak erabaki horrekin ados egotea.

Zer motatako harrera programan parte hartu nahi duen erabaki beharko du familia bakoitzak, mota bat baino gehiago baitaude. Harrera soila da horietako bat: gehienez bi urte iraun dezake, eta umea guraso biologikoekin itzultzeko aukera dagoen kasuetan erabiltzen da. Harrera iraunkorra da bestea: umea guraso biologikoekin itzultzeko zailtasun handiagoak egon daitezkeela aurreikusten duten kasuetan erabiltzen da, eta umeak 18 urte bete arte iraun dezake. Harrera soilean zein iraunkorrean, harrera familia boluntarioek parte hartzen dute; izan daitezke haurrarekin aurrez inolako zerikusirik ez dutenak, baina baita harremana dutenak ere, aitona-amonak eta izeba-osabak kasurako.

Larrialdiko harrera da hirugarrena: haurra familia biologikotik bereizi ostean eta egoeraren balorazioa egin bitartean jartzen da martxan, eta gehienez sei hilabete inguru iraun dezake. Azken harrera mota familia profesionalizatuena da: hartuko duten haurrak izan dituen bizipenengatik aparteko laguntza behar duenean erabiltzen da, eta ezaguera teknikoak izan behar ditu hartzaileak —kasu hauetan, pertsona bakarrak hartzen du ardura —.

Borondatezko harrera familiei haurraren gastuak ordaintzeko adinako diru laguntza ekonomikoa ematen die Gipuzkoako Diputazioak. Hartzaile profesionalek, aldiz, soldata bat jasotzen dute ume horiekin egiten duten lanaren truke.