Albisteak

Irudi bidezko indusketak

Irudi bidezko indusketak

Unai Zubeldia

Arkeologiari buruzko kontuak gizarteari ezagutaraztea eta hurbiltzea: erronka horrekin ekin zion bere bideari Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren Jaialdiak (FICAB) 2001ean, eta, Aizpea Goenaga jaialdiko zuzendariaren eta Irungo Oiasso museoko koordinatzaile orokorraren hitzetan, proiektua "oso sendotuta" iritsi da 19. ekitaldira —Oiasso museoa da antolatzailea—. Astelehenean hasiko da jaialdia, azaroaren 18an, eta larunbatean amaituko da, azaroaren 23an. Arkeologiari eta ondare arkeologikoari buruzko 24 film dokumentalekin gozatu ahal izango da aurten, Irungo Amaia kultur zentroko auditoriumean, Irungo CBA udal liburutegian, Orona Fundazioaren egoitzan —Hernanin— eta Donostiako Aquariumean. Ez da sarrerarik ordaindu beharko.

Konponbidean, eskutik

Konponbidean, eskutik

Eider Goenaga Lizaso

Dislexiaren diagnostikoa lortzeko luze borrokatu ondoren, eta Dislegik ume dislexiadunen gurasoekin antolatutako bilera batean beste familiekin esperientziak partekatu ostean, errealitate hori ezagutzera eman behar zuela pentsatu zuen Nekane Lazkanok, Ner Group-eko Tolosa Arretxe lantegiko langileak. "Ikusi nuen ezezagutza handia dela dislexiaz ari garenean, jendeak ez dakiela zer den, zer zailtasun dakartzan, edota zein zaila den arazoarentzako erantzun egoki bat topatzea", pentsatu zuen.

Aurreiritziak argitzeko

Aurreiritziak argitzeko

Beñat Alberdi

Espainian, presidentegaien arteko eztabaidan, mintzagai izan da immigrazioaren gaiaren trataera; izan ere, hautagai batek handiak bota zituen gaiari buruz: zenbakiak, zurrumurruak, usteak... Baina inork ez zion erantzun. Beste kontu bat da hautagai ultraeskuindarrarekin eztabaidatu behar den edo ez. Hala ere, kontua Euskal Herrira ekarrita, bada behin eta berriz gertatzen den fenomeno bat: zurrumurruak egia gisa aurkezten dira askotan, eta bere horretan gelditzen dira gero. Horren jakitun, egoera horren aurkako sareak sortu dituzte hainbat herritan. Aretxabaletan, Zurrumurruen Aurkako Sarean eta udalak berak sustatuta, bukatu berri dute formakuntza. Praktikan jartzea tokatuko zaie orain.

Tolosan ere badaude izarrak

Tolosan ere badaude izarrak

Unai Zubeldia

Aurkaria mendean hartuko balu, aurrera egitea lortuko balu... Tolosa futbol taldeko jokalariak eta entrenatzailea baldintzazko esaldi guztiei ihes egin nahian dabiltza azken asteotan, baina, nahi gabe ere, "Pontellas" besterik ez dute entzuten batean eta bestean. Espainiako Hirugarren Mailako lehen multzoko taldea da Pontellas, Porriñokoa (Galizia), eta, Tolosaren gisan, historiako balentriarik handienetakoa egiteko aukera dauka hurrengo asteazkenean.

Eskubaloiak badu eragina

Eskubaloiak badu eragina

Aitziber Arzallus

Arrauna eta futbola dira kirol nagusiak Orion. Oraintsu arte hala izan da, behintzat. Baina bada azken urteetan indarra hartu duen beste kirol bat, emakumeen artean, batez ere: eskubaloia. Hori horrela, Eragin eskubaloi kluba sortu dute herrian. Soilik neskez osatutako kluba da; ezaugarri hori duen Gipuzkoako eskubaloi elkarte bakarra. Abian den denboraldian, ehun neska inguru ari dira kamiseta horia soinean.

Utzi bibotea modaz harago

Utzi bibotea modaz harago

Ariane Vierbücher

Azaroa da eta biboteak erakusteko garaia iritsi da. Ez da modak sortzen dituzten haien azken joera, ez delako kontu berria. Hori baino harago doa mugimendua: elkartasunagatik egiten dute.

Gizarteak gizonezkoen osasunaren inguruan kontzientzia hartzeko mundu mailako mugimendua da Movember; batez ere, prostatako eta barrabiletako minbiziaren inguruan kontzientzia sortzea eta ikerketarako dirua biltzea da helburua. "Ingelesezko moustache —bibotea— eta November —azaroa— hitzen laburdura da", argitu du Bittor Bolinagak, Movember kanpainarekin bat egin duen Goierriko MoHerri taldeko kideak. Gizartean gero eta mugimendu ezagunagoa da, eta gero eta gehiago dira mugimendu horrekin bat egiten duten herritarrak. Erraz identifika daitezke, gainera, "azaroan bibotea uztea" dutelako ezaugarri. Bibotearena sinbolikoa da; dibertigarria ere izan daiteke, baina irudi kontu bat baino harago doa.

Hari bereko katebegi bat gehiago

Hari bereko katebegi bat gehiago

Irati Saizar Artola

Haurrak abesten jarri ditu Juantxo Zeberio musikagile tolosarrak, eta Xomorroak izeneko diskoan bildu ditu haien ahotsak. Urriaren 28an aurkeztu zuten diskoa, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Donostiako Orfeoi Txikiko eta Orfeoi Gazteko ahotsak dira protagonista nagusiak. Aurretik egin bezala, Zeberiok abesbatzekin lan egin du oraingoan ere, baina haurrekin. Aurrez helduekin eginak ditu Umama!!, Umama 2 eta Eguberri Umama diskoak. Abesbatzaren eta jazz laukote baten arteko elkarrizketatik sortuak dira horiek guztiak: "Ibilbide horretako laugarrena da hau, erabat haurrekin egindakoa", azaldu du Zeberiok berak.

Gizartean kontzientzia sortzeko

Gizartean kontzientzia sortzeko

Unai Zubeldia

Talde baztertuen gizarteratzea, hirien kritika soziala, bortizkeria matxista, emakumeen salerosketak, immigrazioa, giza eskubideak... Gai horiek eta beste hainbat landuko dituzte, azaroaren 11tik 18ra, Donostian, Zinema eta Kultura Askeko Zinemaldian, CineccDonostia jaialdian. Oinarrizko ideia Bartzelonatik hartuta, proiektua 2013an iritsi zen Donostiara, eta zazpigarren urtea izango da jada aurtengoa. "Lekua egiten ari gara pixkanaka", onartu du Juanjo Diaz jaialdiko zuzendariak. "Nolabaiteko sarea sortuta daukagu mundu osoko kultura askeko beste jaialdi batzuekin, filmen alorreko jaialdiekin bereziki". Koldo Mitxelena kulturunean, Liburutegi Nagusian eta Izkali institutuan eskainiko dituzte emanaldi guztiak.