Aitziber Arzallus
Gipuzkoan, langileen %15ek baino ez dute hitzarmen kolektibo baten babesa, Araban (%42,9) eta Bizkaian (%39,5) baino askoz gutxiagok. Urteko lehen seihilekoan sinatutako itunek eragindako langile kopuruari dagokionez ere, Gipuzkoak ditu daturik kaskarrenak. Alegia, han hazi dela gutxien hitzarmen berriek babestutako langileen kopurua: urtearen hasieran %10,3 ziren, eta, sei hilabete geroago, %15. Aldiz, Araban, %32,1etik %42,9ra igo zen portzentajea; eta %16,8tik %39,5era igo zen Bizkaian. Zifra horiek, baina, ez dituzte gutxiesten aurten Gipuzkoan sinatu dituzten hitzarmenak; kontrara, are balio handiagoa ematen diete.