Albisteak

Oraingoz, txapela publikoari

Oraingoz, txapela publikoari

Zortzi egun besterik ez dira falta Gipuzkoako bertsolari onenari txapela janzteko. Zortzi egun, duela zortzi hilabete hasi zuten ibilbidea bukatzeko. Prest dute agertokia: Donostiako Ilunbe zezen plaza. Eta prest da txapelagatik lehiatuko duen zortzikotea ere: Jon Maia, Unai Agirre, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Arkaitz Oiartzabal Xamoa eta Oihana Iguaran, hain zuzen. Egun handiaren ostean aterako dituzte txapelketaren inguruko ondorioak eta egingo balioespenak. Baina, finalaren atarian eta irabazle ofizialaren faltan, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak dagoeneko badu bere txapeldun partikularra: publikoa.

"Zerbait nabarmendu beharko banuke, saioetan izan den giroa izango litzateke: harrigarria izan da, luxu bat, publikoari dagokionean", Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariaren hitzetan. "Eibarren, finalaurreko azken saioan, egundoko giroa egon zen, finaleko saio bat zirudien. Eta zaleek ez ezik, bertsolariek ere gustura zeudela ematen zuten, nahikoa eroso ari zirela kantatzen". Bataren jarrerak bestearena elikatzen baitu, eta alderantziz.

Orain aste batzuk halaxe zioen Aitor Mendiluze bertsolari eta Bertsozale Elkarteko langileak ere: "Ni izan naizen saioetan bertsotarako oso giro aproposa sortu da. Aurreko zenbait txapelketetan baino lasaiago ikusi dut jendea, errespetu aldetik. Bertsoak entzuten ari diren bitartean txorakeria gutxi. Beti izaten da norbait zarata pixka bat handiagoa egiten duena, baina, oro har, entzule ona doa, bertso onak entzuteko eta txalotzeko gogoz, eta plaza beroak".

Plazen beroan, erabat ados Jauregi ere. "Gogoratzen naiz, Zarauzko saioan, aurkezle nintzela, momentu batean isilik egoteko eta guzti eskatu behar izan niola publikoari, Agin [Laburu] kartzelatik etorri eta jertsea kentzen hasi zenean, batzuk txistu joka hasi zitzaizkiolako", dio, barrez. "Horrelako zerbait izan da, baina normala ere bada, ezta? Zarata pixka bat ere egon behar du. Bakarrik, momentu horietan nahiko trantzea izaten dela bertsolarientzat, erabat kontzentratuta datozelako". Baina, gainontzean, jendea errespetuz aritu dela nabarmendu du, komunera joan- etorrietan, ez dela inolako gorabeherarik izan.

Kopuruei dagokionean ere, "bikain" erantzun dute zaleek, Jauregiren irudiko. 500 bat lagun bildu ditu saio bakoitzak. "Beasainen uste dut, aurreneko saioan, kanpoan geratu behar izan zuen jendeak, eta Zestoan ere komeriak izan genituen denak sartzeko. Gainontzekoetan ez da horrelako jende olderik izan, baina gustura egoteko moduan gaude. Jende asko mugitu du txapelketak".

Beste horrenbeste espero du finalerako ere, kopuruari zein jarrerari dagokionean. "Egia da, normalean, zarata arazo gehienak finaletan izaten direla. Azkenean, jende gehiago izaten da, jendea gehiago mugitzen da eta bertso saioetan-eta gutxixeago ibilitako jendea izaten da". Bertsozale asko bilduko diren arren, ez da aparteko arazoen beldur.

Dagoeneko 5.000 sarrera inguru saldu dituzte eta egunotan besteren batzuk saltzea espero dute. "Duela lau urte, 8.000 pasatxo izan zirela uste dut, aurten ez dakit horretaraino ailegatuko garen ala ez, baina egia esan ez gaude kopuruekin itsututa ere", Jauregiren arabera. "Saio on bat ateratzea eta bertsolariak eta bertsozaleak gustura geratzea da guk nahi duguna". Eta horretarako osagaiak badaudela uste du. "Zortzikote polita osatu da finalerako: beteranoak daude, gazteak ere bai, neskak, mutilak... denetarik dago. Ziur naiz guztien artean finaleko saio oso polita egingo dutela".

Ihesean atxikiak akorduan

Ihesean atxikiak akorduan

Aitortzak eta justiziak beste urrats bat egingo dute bihar Villabonan. Kontzentrazio esparruetan egon ziren herritarrak omenduko dituzte herrian, memoria jorratzen diharduten bi elkarteren eskutik: Villabonako Aritza Kultur Elkarteak eta Errenteriako La Ilusion elkarteak antolatu dute Akordatzen garelako bizirik daude omenaldia. 12:00etan izango da, Errebote plazan. Zehazki, La Ilusion elkarteak martxan duen proiektuaren barruan kokatzen da ekitaldia: Mauthausenen (Austria) egondako gipuzkoarren etxe atarietan plakak jartzeko ekinbidea gauzatzen ari da. "Historiak ez die inoiz aitortzarik egin pertsona horiei. Kontakizunaz hitz egiten da, baina noiz hasten da kontakizun hori? 1960. urtean? Hori da, esaterako, arlo horretan Jaurlaritzari egin diezaiokegun kritika", dio Esti Amenabarro Iraolak, Aritza Kultur Elkarteko kideak.

Mauthausen, Argeles (Herrialde Katalanak) eta Gurseko (Frantzia) kontzentrazio esparruetan egon ziren billabonatarrak preso. Bederatzi herritar ditu dokumentatuak Aritza elkarteak, eta bihar bi gogoratuko dituzte bereziki: Adolfo Lozano Olazabal II.Errepublikan armadako teniente izana eta Alberto Beafourt Mauthausen kontzentrazio esparruan egondakoa —1940ko udatik Mauthausen-Gusen deitua—.

Biharko ekitaldian egongo direnetako bat da Concepcion Lozano Bengoa, Lozanoren alaba. Ez zuten elkar ezagutu: "Oso gutxi genekien Adolforen kasuari buruz. Arakatzen aritu gara, eta alabarekin egin dugu topo. 90 urte ditu. Honela esan zidan: 'Zuk nire aitaz nik baino gehiago dakizu'. Berarentzat ilusioa sekulakoa da". Aita gerran zela geratu zen haurdun Concepcion ama, senarrari egindako bisita batean.

Irakaslea zen ogibidez Lozano Olabazal, Hernanin, eta ofizio hori utzita, armadan egin zuen bere ibilbide profesionala. 36ko gerraren lehen lerroan borrokan aritu zen. Artilleriako teniente izan zen 1937an, 137. Brigada Mistoan, eta kapitain urtebete geroago. Herrialde Katalanetan jardun zuen nagusiki.

Gerra galdu zuten errepublikano askok bezala, ihesari ekin zion, Frantziarantz. Alemanek lurraldea okupatu zutenean, ordea, ihesean zihoazen errepublikanoak atxilotzen hasi zen Gestapo, nazien polizia. Hark atzeman zuen Lozano ere. Hainbat kontzentrazio esparrutatik igaro zen: Saint Cyprien, Gurs, Treves, Mauthausen-Gusen... Azken horretan hil zen, 1941eko azaroaren 7an. Aritza elkarteak dokumentu bakarra topatu du haren heriotzaren inguruan, Mauthausenetik bertatik jasoa: biriketako pneumoniak jota hil zen, idatzi horren arabera. "Kasu askotan ageri da arrazoi hori, eta artxiboan lan egiten dutenek ere esaten dute, ez dela oso fidagarria".

Lozanoz gain, Alberto Beafourt billabonatarra ere Mauthausenen eduki zuten. Herrikideak ez bezala, hura libre geratu zen, 1945eko maiatzean. Europan III. graduko eremu izendatzen zituzten kontzentrazio esparruetako bat zen Mauthausenekoa, eremu gogorrenetariko bat. "Auschwitz modukoa zen; han gehiago zeuden errusiarrak-eta; Mauthausenen, berriz, Espainiatik ihes egindakoak gehienbat". Alemania nazian sortutako lehen eremu jendetsuetako bat izan zen, eta heriotza tasarik handienetakoa zuen. Guztia legez babestutako esparru batean gertatzen zen: "Biolentzia erabiltzeko egiturak ziren, estatu baten aparatuak, legez onartuta zeudenak".

Informazio gehiagorako, bisitatu webgune hau:

www.amasavillabonaoroitzen.net

Beharrezkoa ez dela esatera aterako dira

Beharrezkoa ez dela esatera aterako dira

Satorralaiak mugimenduak argi du: Donostia aldeko metroaren proiektua ez da beharrezkoa. Hori horrela, egitasmoa geldiarazteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta, horrekin batera, prozesu parte hartzaile bat hasteko. Asmo horrekin antolatu du manifes...

Robotika eta zientzia jolasa ere badira

Robotika eta zientzia jolasa ere badira

Dena ongi konpostatu, etxe bat bota eta balio duten materialak jaso; auto zahar bati motor berria jarri eta berrerabili; bi teknikari sailkatze plantara eraman, ekosistema garbitu eta animaliak bertaratu; eta sailkatutako materiala garraiatu. Hori guz...

“Adrenalina espero du jendeak, baina hegan egitea lasaitasuna da”

“Adrenalina espero du jendeak, baina hegan egitea lasaitasuna da”

Gizakiaren betiko ametsa, betiko gogoa izan da txoriek bezala hegan egitea. Haizea aurpegian sentitu eta askatasunez hegaztiak bezala mugitzea. Historian zehar hamaika ahalegin egin ditu gizakiak horretarako. Parapentean hegan egitea litzateke gaur egun horri gehien hurbiltzen zaion aukeretako bat. Iñigo Urrutikoetxeak (Donostia, 1959) 1980ko hamarkada hasieran egin zuen lehen hegaldia parapentean. "Mont Blancera joan ginen, eta han ikusi nituen bi lagun, parapentea motxilan hartuta, gero mendian behera salto egiteko". Atentzioa eman zion jarduerak, eta orduan harrapatu zuen kirol horrek betiko.

Hegan egiten duenean "amets batean bezala" sentitzen dela dio. "Itsaso gainetik parapentean hegan zoazenean, badirudi errealitatetik atera egin zarela, eta munduari kanpotik begiratzen diozula". Hegan egitea "lasaitasuna" da Urrutikoetxearentzat. "Parapentean ibiltzera datorrenak adrenalina espero du, baina aireratze eta lurreratze momentuak kenduta, hegan zoazenean lasaitasuna da sentitzen duzuna".

Bera bezala, jende asko harrapatu du parapenteak ordutik. Eta zabalpen horretan badu partea Urrutikoetxeak ere. 1989tik eskaintzen ditu parapente ikastaroak Donostian. Baina, horrez gain, parapentean ibiltzearen esperientzia probatu nahi duenarentzat ere badu eskaintza. Bi lekuko parapentean Gipuzkoako kostaldea airetik ezagutzeko parada ematen baitie bezeroei, aurrez ikastarorik egin beharrik gabe.

Urrutikoetxea hasi zenean, parapentearen hastapenak ziren. "Ordu arte paraxutarekin egiten zen, baina paraxuta egokitu egin zuten, eta hortik sortu zen parapentea". Autodidakta gisa definitzen du bere burua Urrutikoetxeak. "Garai hartan ez zegoen eskolarik; Frantziatik ekarritako aldizkariak irakurtzen nituen, eta horrela ikasi nuen hegan egiten". Aitzindaria izan zen, beraz, kirol horretan. "Pentsa, Espainian 6. parapente irakaslea naiz, lehen promoziokoa".

Gizakia Helburun lan egiten zuen Urrutikoetxeak garai hartan, baina irakasle titulua eskuratzearekin batera beste lan aukera batzuk sortu zitzaizkion. Astegunetan Gizakia Helburun jarraitu zuen lanean, baina asteburuetan Zurizako kanpinean (Huesca, Espainia) parapente eskolak ematen zizkien bezeroei, kanpineko gerenteak hala eskatuta. "1987a zen, eta bi urte egin nituen asteburuetan hara joaten".

Kirol berritzailea izanik, bezeroek hegan egiteko materiala eskatzen zioten Urrutikoetxeari. "Ez zegoen halako materiala erosteko ia aukerarik, eta nik lortzen nien materiala". Afizio zena lanbide bihurtzea deliberatu zuen Urrutikoetxeak 1989an. "Donostian denda bat ireki nuen, Urruti Sport. Han, parapentean hegan egiteko materiala ez ezik, mendiko eta eskaladarako materiala saltzen genuen; eta, horrez gain, parapentean ibiltzeko ikastaroak eskaintzen genituen bezeroentzat".

Urrutikoetxeak parapentean ibiltzeko oinarrizko ikastaroa eskaintzen du, hogei ordukoa. "Oinarri-oinarrizkoa da hori, hegan egiten ondo ikasteko urtebete behar baita gutxienez", azaldu du. Horrez gain, bi lekuko parapentean irteerak ere egiten ditu bezeroekin. "Kontua da jende asko etortzen zela ikastaroa egitera, hori zelako parapentean probatzeko bide bakarra. Baina jende horrek ez zuen asmorik parapentearekin jarraitzeko, esperientzia probatu besterik ez zuten nahi". Horrela hasi ziren bi lekuko parapentean irteerak egiten. "Bi lekuko parapentean irakasleak egiten ditu gidari lanak, atzetik, eta bezeroa aurrean joaten da. Batere esperientziarik izan gabe, hegan egitea zer den probatzen dute, arriskuak minimora jaitsita".

Eguraldiak eta haizeak baldintzatutako kirola izanik, batik bat udaberri eta udako hilabeteetan egiten dituzte irteerak. "Baina eskaintza urte osoan dago. Eguraldi ona badago, eta haizeak laguntzen badu, edozein urtarotan atera daiteke".

Gipuzkoako kostaldea airetik ezagutzeko aukera ematen dute hegaldiek. 20-45 minutu artekoak izaten dira, eta Donostiako Uliatik, Orioko Kukuarritik, Zarauzko Talai Menditik edota Zestoako Endoiatik ateratzen dira. Itsaso gainean hegan egin, eta kostaldeaz beste ikuspegi batetik gozatzeko modua ematen dute, parapentean ibiltzeko esperientzia bizitzeaz gain.

Eta edonork egin dezakeela dio Urrutikoetxeak. "4 urteko ume batekin egin dugu hegaldia, eta joan den astean, adibidez, 92 urteko gizon batek egin zuen".

Ekainaren 19ra arte, zazpi hilabete antolaketarako

Goierritarrek elkarrekin eta elkarlanean egingo dute herri galdeketa antolatzeko prozesua. Azarotik otsailera bitartean, herrietan sinadura bilketak egingo dituzte, herri galdeketa "berme osoz" egingo dela ziurtatzeko. Biztanleriaren arabera gutxienek...

Goierrin pausoa emateko unea

Goierrin pausoa emateko unea

1. Ekainaren 19an erabakitzeko eskubidearen herri galdeketa egingo da Goierrin. Zer iruditzen zaizu?2. Zergatik da garrantzitsua?3. Zein mezu emango zenieke goierritarrei, bai antolaketa lanean aritzeko, bai egunari begira?Ilusioa. Horixe izan zen jo...

Ibilbideak eraman ditu Madrilera

Hasi da hauteskunde kanpaina. Abenduaren 20an hautatuko dira Espainiako Kongresuko eta Senatuko eserlekuak beteko dituzten ordezkari politikoak. Gipuzkoan, 11 hauteskunde zerrenda aurkeztu dira —EAJ, EH Bildu, PSE-EE, PP, Podemos Ahal Dugu, Ciudadanos, UPD, PACMA, Recortes Cero-Grupo Verde, Orain Batera, Libertate Nafarra—, baina, hasiera batean, horietako bostek bakarrik izango lukete diputaturen bat edo gehiago eskuratzeko aukera.

Sei eserleku daude jokoan, eta ikusteko dago nola banatuko diren. 2011ko hauteskundeetan Amaiurrek irabazi zituen sei eserlekuetako hiru, eta EAJ, PSE-EEk eta PPk bana eskuratu zuten. Orain lau urte, Amaiurrek (129.655 boto) abantaila handia atera zion EAJri (83.445 boto), baina ikusteko dago bi alderdi horien bilakaerak maiatzeko udal eta foru hauteskundeetako emaitzen norabidea jarraitzen duen, EAJ gailendu baitzitzaion EH Bilduri, boto kopuruan oso paretsu egon arren.

PPren beheranzko joerak ere zalantzan jartzen du eserlekua lortzeko gai izango diren; eta Podemos Ahal Dugu-ren sarrerak kalte egin diezaieke popularrei.