Aitziber Arzallus
Iragan azarotik, hamasei astera arteko gurasotasun baimena har dezakete Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako arlo pribatuko langile guztiek. Ordura arte, zortzi astekoak ziren bigarren gurasoen baimenak. Arau berria indarrean denetik, ordea, erditu ez direnek, guraso ez-biologikoek —adopzioen kasuetan—, guraso bakarreko familietakoek eta subrogazio bidezkoek baimena hamasei astera luzatzeko aukera dute. Baimen ordaindua izango da: amari dagozkion hamasei asteak eta bigarren gurasoaren lehen hamabiak Espainiako Gobernuak ordainduko ditu —urtarrilaren 1ean igaro zen Espainian baimena zortzi astetik hamabira—; hamabi astetik aurrerakoak, berriz, Eusko Jaurlaritzak. Langileak eszedentzia moduan hartu beharko ditu aste horiek eta baimena bukatu ostean jasoko du dagokion ordain ekonomikoa, aldi bakarrean eta gehienez bi hilabeteko epean. Haurra jaio eta hamabi hilabeteko epea izango dute baimen horiek erabiltzeko, baina bi gurasoek ezingo dituzte baimenak aldi berean hartu.