Beñat Alberdi
Oztopoa izan daiteke gaixotasuna, edo aukera. Horrela ikusten du Antonio Sanchezek (Madril, 1937). Oiartzunen bizi da egun. Duela hemeretzi urte diagnostikatu zioten parkinsona, eta gaixotasunarekin borrokan jarraitzen du oraindik. Baina, bere kasuan, behintzat, aukera izan da. Liburuak idatzi ditu, egunero egiten du kirola, hitzaldiak ematen ditu... Coach titulua ere atera berri du AEBetako NCI Neurozientzia eta Coaching Institutuan. Herenegun eman zuen azken hitzaldia, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean: Nola bizi positiboki gaixotasun neurodegeneratibo batekin. Gipuzkoako Afagi elkarteak antolatuta, egunerokoari nola aurre egin landu zuen hitzaldian. Gaixotasuna bera baino garrantzitsuagoa delako gaixotasun horri nola aurre egiten zaion.