Sailkatugabeak

Zailtasunak gaindituta, beste aro bati ekin dio Elgetako Espaloia kafe antzokiak

Beste aro bati ekingo diote Elgetako Espaloia kafe antzokian. Izan ere, aldaketak egon dira tabernaren eta jatetxearen arloari dagokionez. Orain arte eremu hori kudeatzeaz arduratzen zen lantaldeak utzi egingo du zeregin hori, eta lan bazkide berriek hartuko dute lekukoa. "Otsail-martxoetan" izango da aldaketa, Espaloiko presidente Iban Arantzabalek Gipuzkoako Hitza-ri azaldu dionez. Gainera, ez du baztertu kultura arloan ere aldaketak egotea: "Eraginkorra litzateke kultura kudeaketan ere arnasa berriak pisua izatea". Ia zortzi urte ditu Espaloiak, eta urte horietan guztietan kudeaketa eredu bera jarraitu dute: kooperatibako bi lan bazkide arduratu izan dira tabernaz eta jatetxeaz, eta kultur arloa eta gainerako egitekoak kooperatibako hainbat kideren gain egon dira.

Proiektua kolokan ere egon da, ordea, eta Espaloia ixteko aukera ere mahai gainean izan da, Arantzabalek baieztatu duenez. Goibeko euskara eta kultura elkarteak du gehiengoa kooperatiban, eta elkarte horretako bazkideekin bilera egin zuten egoera azaltzeko; hau da, proiektuari eusteko erreleboa falta zela adierazteko. Han jasotako "erantzun onak" modua eman du proiektuak aurrera jarraitzeko: "Balorazioa oso positiboa da, eta laguntza puntualak emateko jendea badago, zorionez. Eskertzekoak dira herritarrengandik jaso ditugun mezuak. Mimatuak sentitu gara gehiengo zabal baten aldetik", adierazi du Arantzabalek.

"Ekonomikoki bideragarria"

"Lanerako konpromisoa hartuko duen jendeak aterako du proiektua aurrera. Ez da gehiago behar", dio kafe antzokiko presidenteak. Izan ere, kooperatiban argi dute arazoa ez dela ekonomikoa: "Proiektua ekonomikoki bideragarria da".

Hala, urte hasierako egitaraua prest eta martxan dute. Besteak beste Bide Ertzean eta Jorginho taldeen kontzertuak, Anthony Blaken ikuskizuna, umeentzako ekintzak, Bodologoak antzezlana eta hainbat dokumental emanaldi antolatu dituzte: "Kulturak ez du etenik, eta dagoeneko maiatz-ekainetarako programazioarekin dihardugu lanean", azaldu du Arantzabalek.

Espaloia Gipuzkoako lehen kafe antzokia da, eta "erreferente bat" da herri txiki baterako —1.000 biztanle inguru ditu Elgetak—. Orain arte egindako bidea oso ontzat jo du Arantzabalek: "Herriari eta inguruari asko eman dio". Hala ere, gehien proiektuan parte hartu duten kideei eman diela uste du: "Gehien-gehien, inplikatuta egon garenoi eman digu. Asko ikasi dugu, asko disfrutatu dugu eta kulturaren parte sentitu gara. Ikus-entzuleak, artistak eta antolakuntza gustura geratu garen emanaldi asko egin ditugu, eta kultura era duinean emateko gune bat daukagu herrian, herriaren zerbitzura. Ederra litzateke beste hamaika antzoki zabalduko balira Gipuzkoan".

Elgeta herri txikia izateak aparteko zailtasunik ez du eragiten, Espaloiko presidentearentzat: "Hori aldeko faktorea baino ez da. Gure herrian eskua altxatu eta lagunduko duen jende gehiago dago jarrita geratzen dena baino. Horrela da posible kafe antzoki bat: auzolanean, herriaren partaidetzarekin".

Prezio txikiko hegaldiak jarri dituzte Bartzelonara

HONDARRIBIA. Helitt hegazkin konpainia prezio txikiko hegaldiak eskaintzen hasiko da Hondarribiko aireportutik Bartzelonarakora, urtarrilaren 3tik aurrera. 57 eurotik gorako salneurria izango dute hegazkin txartelek, eta astearte eta ostegunetan irten...

Baserritarrak plaza birtualak irekitzen hasi dira, sarean saltzeko

Urola Kostako Urkome landa garapeneko elkarteko arduradunak "harrituta" daude eskualdeko baserriko ekoizleek Interneten duten denda birtualak izandako hasierarekin: "Ikaragarria da. Lehen hilabetean 200 erabiltzaile erregistratu dira, eta gaur egun astero 20 eskaera izaten ditugu batez beste. Honelako webguneak kudeatzen aritzen direnak ere harrituta daude", adierazi du Urkomeko kudeatzaile Yurre Peñagarikanok.

Azaroan jarri zuten abian www.urolakostaonline.com webgunea, eta haren barruan, denda birtuala: www.baserritik.com. Urkomek finantzatutako egitasmo bat izan da, baina eskualdeko ekoizleen proiektua da izatez: "Guk zerbitzu hau eskaintzeko asmoa genuen eskualdean, eta konturatu ginen ekoizle batzuk asmo berberak zituztela eta jada proiektua bazutela. Ez zuen zentzurik zerbitzu bera bi plataformatan egoteak, eta, horregatik, elkarlanean aritzea erabaki genuen". Emaitzarekin pozik daude Urkomen, baina argi dute egunez egun lan egin behar dela aurrera egiteko: "Webgunea dinamikoa da, eta beti garatzen eta berrikuntzei lekua egiten aritu behar dugu, kalitatezko zerbitzua bermatzeko", adierazi du Peñagarikanok.

Erabiltzaileek zerbitzua "gertukoa" sentitzen dutela uste dute Urkomekoek, eta herritar askori "begiak irekitako" sentipena dute: "Jende askok ez zekien hemen bertan horrenbeste produktu zegoenik eskura".

Barazki eta frutez gain, beste hainbat produktu dago salgai www.baserritik.com-en: haragia, kontserbako produktuak, arrautzak, ogia eta gozokiak, esaterako. Gipuzkoa osora eta "kanpora ere" egiten dute banaketa astean bitan, eskualdekoei lehentasuna emanez: 30 eurotik gorako erosketen bidalketak doakoak dira eskualdeko bezeroentzat.

AHTko lanetan gauez ari dira leherketak egiten

TOLOSA. Tolosako Udalak jakinarazi duenez, azken egunotan goizetan eta gauetan Tolosan entzuten ari diren leherketak AHTa egiteko lanen ondorio dira. Lan horietan eskumenik ez ez badu ere, udalak jakinarazi du herritarrengan "ahalik eta eraginik txiki...

“Garrantzitsua da jendea ikerketetan parte hartzeko prest agertzea”

Heste lodiko minbiziaren inguruan tesia idatzi du Itxaro Perez biokimikariak (Beasain, 1981). Gaixotasuna nola sortzen eta garatzen den aztertzeko aukera ematen du heste lodiko minbiziak, eta oraindik "oinarrizko ikerketa" bat bada ere, heste lodiko minbiziaren diagnostiko goiztiarrean pauso garrantzitsua eman du.

Zergatik tesi hau heste lodiaren inguruan?

Heste lodiak minbiziaren bilakaeraren tarteko fasea aztertzeko aukera ematen duelako. Beste minbizi askotan, organo osasuntsu batek aldaketa batzuk izan ondoren garatzen du minbizia. Baina heste lodiaren kasuan, prozesu horretan tarteko fase bat dago, adenoma deitzen zaiona. Adenoma minbizi ona da, eta hori ikertzeko oso aukera ona da. Gehienbat horregatik egin nuen tesia heste lodiko minbiziaren inguruan, adenoma hori aztertzeko.

Zer lortu nahi zenuen ikerketarekin?

Giltzurruneko minbiziaren inguruan egin genuen ikerketa bateko emaitza onak heste lodian ere gertatzen ziren ikusi nahi nuen, eta, bide batez, gaiaren inguruko informazioa zabaldu, ez baitago asko. Helburua heste lodiko peptidasak edo entzimak aztertzea izan da gaixotasuneko hiru fase horietan: pertsona berberaren ehun osasuntsuan, tarteko fasean eta minbizian. Gainera, minbizia gradu edo fase ezberdinetan ikertu nahi nuen, eta azken helburu nagusia izan da gaixoen plasma ikertu eta osasuntsuen plasmarekin alderatzea, aldaketak aztertzeko.

Prozesu horretan, nola lan egiten duzue?

Heste lodiko minbizia duten pertsonei egindako biopsietan hiru motatako ehunak hartzen dira: tumorea duen ehuna, polipoa edo adenoma duen beste ehun bat eta osasuntsu dagoen beste bat. Horrez gain, odola ere ateratzen zaio gaixoari, eta, ondoren, adin eta sexu bereko beste pertsona baten plasmarekin alderatzen dira. Lagin horietan guztietan, peptidasen jarduera ikertzen dugu.

Jendea prest agertzen al da proba horiek egiteko?

Ez dakit zergatik den, baina guri laborategira lagin asko iristen zaizkigu, beraz, suposatzen dut baietz. Nik, adibidez, 45 lagin erabili ditut. Hala ere, jende askori eragiten dio heste lodiko minbiziak, eta garrantzitsua da jendea halako ikerketetan parte hartzeko prest agertzea.

Zeini eragiten dio gehien gaixotasunak, gizonei edo emakumeei? Adinak badu zerikusirik?

Gizonezkoei gehiago eragiten die, ia bikoitzari, emakumeekin alderatuz, eta, gutxi gorabehera, 50 urtetik gorako pertsonengan hasten da antzematen. Eusko Jaurlaritzak egin duen ikerketa batean ikusi dute 50 eta 70 urte arteko gizonezkoetan eta emakumezkoetan, minbizia guztiak kontuan hartuta, heste lodikoa hirugarrena dela. Euskal Autonomia Erkidegoan, adin tarte horretako %8ri eragiten die. 70 urtetik gorako gizonezkoetan, portzentajea %11ra igotzen da. Emakumeei dagokienez, bigarrena da heste lodiko minbizia, bularrekoaren atzetik. Faktore genetikoa ere badu, eta hori kontuan hartu behar da.

Genetikoki transmititzen den gaixotasuna al da heste lodiko minbizia?

Badago, bai, herentziaz jasotzeko aukera. Horregatik, komeni izaten da, senideren batek gaixotasuna badu, ingurukoek ere probak egitea, eta polipoak dituzten edo ez ikustea. Horretarako, Eusko Jaurlaritza eta Osakidetza prebentzio goiztiarraren inguruko kanpaina bat egiten ari dira, 50 eta 70 urte artekoei eskutitzak bidaliz. Nahi dutenei kit moduko bat banatzen diete, gorotzetako odol ezkutuaren proba egiteko. Probak positibo ematen badu, kolonoskopia egiteko aukera ematen zaie, polipoak kendu eta arriskuak murrizteko.

Zergatik du gaixotasunak eragin handiagoa gizonezkoetan?

Ez dago arrazoi zehatzik. Esaten dute minbiziak lotura duela tabakoarekin, dietarekin, sedentarismoarekin... eta hala da, baina ez dakigu zergatik ematen den desberdintasun hori emakumeen eta gizonen artean.

Tarteko fase hori aztertzeko aukerak bidea zabaldu dio heste lodiko minbiziaren diagnostiko goiztiarra egiteari?

Guk egin dugun ikerketa oso oinarrizkoa da. Jarduera entzimatikoa bakarrik aztertu dugu, eta emaitza onak izan badira ere, asko dago egiteko oraindik. Entzima horietan aldaketak ikusi ditugu, baina ikerketa sakondu egin beharko litzateke, beste teknika batzuk erabili eta orain arte egindakoa ziurtatu. Argi pixka bat eman dugu, baina oraindik ikerketa asko egin beharko lirateke: jarduera aldaketa horiek zergatik gertatzen diren, proteina gehiago edo gutxiago dagoelako, proteina horrek aktibitate gehiago duelako edo ehun horietan gehiago adierazten delako…

Ikerketan, zein pauso emango dituzu orain?

Hurrengo urtean bost urte beteko dira laginen ikerketa egin genuenetik, eta, orain, pronostikoa aztertu nahi dugu, ikusiz ikertu ditugun pertsona horien guztien artetik bizirik zenbat dauden eta zenbat ez. Horrekin jakin dezakegu bost urtean minbizi honek zein bilakaera izan duen. Hori da hurrengo pausoa.

Minbizia zergatik sortzen den jakiterik egongo al da inoiz?

Oraingoz, ezin dugu minbiziaren zergatirik jakin. Heste lodiko minbiziaren kasuan adenoma-kartzinoma sekuentzia deskribatuta dago, minbiziaren bilakaera nola sor litekeen azaltzen duena, baina hura sortzeko arrazoi asko egon daitezke.

Lau urteko zigor eskaera, istripu bat eragiteagatik

DONOSTIA. Gipuzkoako Fiskaltzak lau urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du auto gidari batentzat, hark eragindako istripuan pertsona bat hil zelako. 2010eko urrian jazo zen istripua Donostia erdialdean. Autoa, orduko 125 kilometroko abiaduran zihoa...

Donostiako Udalak geltokiaren proiektua aurkeztu du

Donostiako Udal Gobernuak atzo aurkeztu zuen Loiolako Erriberako Oroimenaren Lorategian eraikitzea aurreikusten duen geltoki intermodalaren proiektua. Hala, proiektua urtea amaitu baino lehen aurkeztuta, PPk proiektuaren alde egiteko jarritako baldint...

“Kezkaz ikusten dut besteek ez dutela erantzun”

Badira bi hilabete ETAk jarduera armatua uzteko erabakia jakitera eman zuenetik. Zer-nolako analisia egiten duzu bi hilabeteotan izandako urratsen inguruan?Garrantzitsua izan da ETAren erabakia, gehienbat alde bakarrekoa delako. ETAk erabaki du, 50 ur...

“Jende gaztea dabil egun lanean, baina ez dute lan erraza”

Arraunketa modernoaren aroan ezinbesteko izena da Paco Prietorena (Pasai Donibane, 1940). Pasai Donibane-Koxtape Arraun Elkartearen garairik onenean taldeko entrenatzaile eta presidente izan zen Prieto. Ordea, garai zailak ere pasatu zituen, 1990eko hamarkadaren hasieran Pasai Donibanen gertatu zen zatiketan protagonistetako bat izan baitzen. Dena dela, Kontxako lau bandera irabazi ditu —1986, 1988, 1990 eta 1999koak—, eta Kantauri itsasoan egin diren estropada ia denetan garaipenak lortutakoa da entrenatzaile modura. 2009an utzi zion Pasai Donibane-Koxtapeko presidente izateari; aurretik alboratuak zituen entrenatzaile lanak.

Baina Prietok ez du galdu arraunarekin duen lotura. Erretiratuta dago —Caravanas Oiartzun saltokiko arduraduna izan zen—, baina bere bihotzeko herriko arraunaren alde lanean jarraitzen du. Batetik, Pasai Donibanen egiten ari diren eraikin balioaniztunaren sustatzaileetakoa da —bertan izango du egoitza San Juan arraun taldeak, besteak beste—. "Herriko arraun taldearen zuzendaritza berriak eskatu zidan gai horren gainean lanean jarraitzeko. Aurretik eraikin horren azpian aparkalekua egin genuen, eta orain, eraikina altxatzen ari dira. Nahi baino gehiago iraun dute eraikina egiteko kudeaketa lanek, baina 2012aren bukaerarako prest egotea espero dut". Bestetik, San Juango Haur Mailako entrenatzailea laguntzen ibili da Prieto, eta estropadak dauden asteburuetan taldea laguntzen eta babesten ibiltzen da. "Baserrian ere lan egiten dut!", zehaztu du.

Atletismotik arraunera

Donibane Atletismo Taldearekin hasi zen kirolean Prieto. Koxtape izeneko pistan entrenatzen zuten talde horretako kirolariek. Gaur egun Iberdrolaren zentral termikoa dago pista izandako horren orubean; "1960an-edo izan zen hori". Geroago, eta atletismoak indarra galdu ahala, arraunean hasi ziren bertan ibili ziren kirolariak. Orduan sortu zen Pasai Donibane-Koxtape Arraun Elkartea; 1965eko azaroan, hain zuzen. "Ni ez nintzen egon hasiera horietan, baina gerora lanean hasi nintzen".

Arraunketa olinpikoarekin hasi ziren, eta gero, Yola elkartearekin elkarlanean, herriko trainerua indartzen. "Orduan herriko tosta finkoko taldea ez zebilen ondo, arrazoi asko tarteko", oroitu du Prietok.

Horren ondoren, pixkanaka, traineruen lehietan pizten hasi ziren arrosak. "1978an, Kontxan bigarren egin genuen. Bilboko lehen jaitsiera ere irabazi genuen urte hartan: nire lehen bandera izan zen hura". Geroztik, haziz joan zen arrosen tokia Kantauriko estropadetan, 1980ko hamarkadaren erdialdera arte: 1985ean gutxigatik ez zuten Kontxa irabazi, eta handik aurrera, Donostiako lau bandera irabazi zituen Pasai-Donibane Koxtapek. "Garai horietan arraunlari asko ginen, eta talde ona egin genuen. Tosta mugikorrean ere lan ona egiten ari ginen. Arraunaren gainean genituen ideiak emaitzak ematen hasi ziren. Arraunkeran aldaketak egin genituen: sorbaldekin lan hobea egiten hasi ginen, eta arraunlarien gorputzen pisua baliatzen hasi ginen arraun egiteko. Arraunketa luzeagoa egiten hasi ginen. Horrek emaitza onak eman zizkigun".

1986ko, 1988ko eta 1990eko Kontxak irabazi ondoren, haustura gertatu zen Pasai Donibaneko arraunean. Hortik sortu zen Donibaneko Arraunlariak taldea; Pasai Donibane-Koxtape arraunlari gazteekin hasi zen lanean, eta 1999ko Kontxa irabaztea lortu zuten.

Aro berria

1999tik 2003ra, eta Kantabriako traineruei irabaztea lan nekeza zen arren, Euskal Herriko arraun talderik onena izan zen Pasai Donibane-Koxtape. Garai hartan sortu zuten Prietok eta beste hainbatek Traineru Kluben Elkartea (TKE). Egun, TKEk antolatzen duen liga Kantauriko indartsuena da. 2006an, baina, arraunaren bigarren mailara jaitsi zen Pasai Donibane-Koxtape; 2009an berreskuratu zuen kategoria, eta iaz eta aurten oso txukun ibili dira arrosak arraunaren elitean.

2009ko abenduan, presidente kargua utzi zuen Prietok. "Jende gaztea dabil egun lanean, baina ez dute lan erraza. Ondo dabiltza. Lagundu egin behar zaie".

Landa eremua Internetera lotzeko proiektu bat abiatu dute

Landa eremuko herritarrak, baserritar ekoizleak eta gainerako negozioak Internet sarera konektatzea eta Internetez haien berri ematea. Horixe da Dinamizatic proiektuaren helburu nagusia. Eusko Jaurlaritzaren ekimenaren barruan Gipuzkoako eskualde guztiak daude sartuta, eta, nor bere erritmoan bada ere, martxan dira denak. Aurreratuen hiru eskualde daude: Urola Kosta, Debagoiena eta Donostialdea-Bidasoa, hain zuzen ere. Gipuzkoan, Urkome Urola Kostako landa garapeneko elkartea izan da aitzindaria, iaz probako proiektuan parte hartuz. Aurten gehitu zaizkio beste bi eskualdeak.

Proiektuak hainbat zati ditu: alde batetik, webgune batean eskualdeko turismoari eta zerbitzuei buruzko informazioa ematea eta baserritarren ekoizpenak eskaintzea; bestetik, Interneteko konexioa landa eremura hedatzea eta herritarrei Interneteko ikastaroak eskaintzea, besteak beste.

Urola Kostan azarotik martxan da www.urolakostaonline.com webgunea, eta beste bi eskualdeetan urtarrilean jarriko dituzte abian. Eskualde bakoitzak bere beharren eta errealitatearen arabera moldatu du sareko tresna, baina ezinbestean atal berberak izango dituzte denek: Turismoa, Zerbitzuak eta Denda Birtuala. Hain zuzen ere, azken atal horrek hartu du "indar berezia" Urola Kosta eskualdearen kasuan, Urkomeko kudeatzaile Yurre Peñagarikanoren arabera. Donostialdea-Bidasoko Behemendi elkarteko webgunean, berriz, Turismo atala sustatuko dute bereziki. Elkarteko teknikari Mikel Zendoiak jakinarazi duenez, "helburua turismoa landa eremura erakartzea da". Izan ere, haren ustez, oraindik "ezezaguna da eremu hori bai kanpotarrentzat, bai bertako askorentzat ere". Hala, Donostiarural deituko den webgunearen bidez, "landa eremuko negozioei eta baserritarrei sarean egoteko aukera emango zaie". Webgunea alde batera utzita, proiektuaren barruan Interneteko konexioa landa eremu guztira iristeko lanean ere ari da Behemendi, Oiartzungo Udalarekin elkarlanean.

Debagoienean, auzoak indartuz

Debagoiena eskualdeko Deba-Garaia elkartea ere webgunea prestatzen ari da, eta arreta berezia jarriko du auzoetan: "70 auzotik gora ditugu eskualdean, eta herriei bainoago, auzoei emango diegu garrantzia webgunean", azaldu du proiektuko dinamizatzaile Itziar Urizarbarrenak. Hala, auzoei buruz askotariko informazioa emango dute sarean, "haien arteko elkarlana ere bultzatuz".

Denda Birtualari forma eman gabe daude oraingoz Behemendi eta Deba-Garaia. Azken horretan, urtarrilean ekoizleekin egoteko asmoa dute; Behemendin, gaia aztertzen ari dira, "dauden plataformak aprobetxatzeko".