“Garrantzitsua da gustuko gauzei eustea”

“Garrantzitsua da gustuko gauzei eustea”

E. Goenaga Lizaso

Minbizi diagnostiko bat dagoenean "albistea digeritzea" ezinbestekoa dela dio Leire Barrena psikoterapeutak (Zarautz, 1981), eta horretarako ezinbestekoa ez, baina baliagarria izan daitekeela psikologo baten laguntza. Minbiziak bizitzeko eta bizitza ikusteko modu berri baten aurrean jartzen du gaixoa, eta psikologoak hori ondo kudeatzeko laguntza eman dezake.

Psikologo batek zertan lagun diezaioke minbiziaren diagnostikoa jaso duen pertsona bati?

Ezaguna da jada emozioek gaixotasunetan duten eragina. Hala, garrantzi handia du emozioak kudeatzen ikasteak. Gaixotasuna, erronka moduan hartuta, baliagarria izan liteke garapen pertsonalerako eta barne hutsuneak ulertzeko, eta baliabide berriak garatzeko. Diagnostikoa digeritzea ezinbestekoa da. Kezkak, uste faltsuak, beldurrak sarri agertzen dira, eta psikologo batek, haren enpatiarekin eta epaitu gabe entzunez eta ulertuz, askotan lagunartean edo familian askatu ezin daitezkeen sentimenduak modu ireki, baikor eta zabal batean jaso ditzake.

Familiak ere behar al du laguntza psikologikoa?

Inork ez gaitu prestatzen bizitzako une gogorrak ondo eramateko. Eta maiz izaten dira halakoak. Familiak, bikotekideak edota lagunek askotan ez dakite nola lagundu edo nola akonpainatu prozesu horretan. Alboan egoten jakitea eta pertsonaren beharrak zein diren jakin eta errespetatzea ikasi beharreko zerbait dela uste dut. Ildo horretan, laguntza psikologikoa ondo dator denontzat.

Halako gaitz baten aurrean jarrera baikorra izateko gaitasuna landu daiteke?

Bai, landu daiteke. Askotan bizitza bizitzeko planteamenduan aldaketak ekar ditzake halako egoera batek: modu batera funtzionatzeari utzi, eta beste aspektu batzuei garrantzia ematen hastea, adibidez. Lehentasunak eta beharrak aldatzen dira, eta baita nork bere buruari egiten dizkion galderak ere. Bizirik sentiarazten gaituzten eta bihotzean poza ematen diguten gauzak zein diren deskubritu daiteke. Agian, zure bizimoduan beste balio batzuk agertu daitezke, benetan zoriontsu egiten zaituzten gauzekin gehiago konektatuz. Halako egoera batek, barne integrazio edo harmonia falta batetik, zure esentzia ezagutzera eta osotasunera eraman zaitzake, barne bakera eta orekara bueltatuz.

Umeekin nola landu behar da gai hau?

Heriotza bizitzaren parte gisa ikusteak asko lagunduko liguke denoi, tabuak saihestuz eta naturaltasuna nabarmenduz. Pentsamenduaren bolumena jaitsiz eta sentimenduena igoz, helduok nola eramaten dugun izango da umeek islatzen dutena. Beraz, gureekin egiten dugun bezala, umeen emozioak eta prozesuak balidatzea izango da hoberena. Guk onartzen dugun heinean, konfiantzaz eta goxotasunez beraiek ere onartuz joango dira.

Ume bati nola esan behar zaio bere ama edo aita hil egingo dela? Esan behar zaio?

Agurrak ez dira errazak inorentzat. Uste dut esatea ondo dagoela, baina ez da esatea bakarrik. Esaten dugunaz harago, batez ere sentitzen duguna transmititzen diegu umeei. Haserrea edo tristuraren moduko emozioak bizi eta askatzen laguntzea, alboan egoten jakitea eta kontenitzea ere garrantzitsua da. Eta jakitea helduok dolua pasatzen dugun moduan umeek ere beren prozesuak izango dituztela, eta, guretzat bezala, ume bakoitzarentzat ere desberdina izango dela. Nolabait, maite ditugunen absentzia bihotzean sentitzen jarraitzea da.

Zein izaten da umeak tartean daudenean gurasoen kezka nagusia?

Gurasoen kezka nagusia umeak ondo egotea da. Baina denbora behar da gauzak bere lekuan jar daitezen, eta pazientziaz hartu behar den zerbait da.

Minbizia sendatzeko modukoa denean, tratamendua gogorra izaten da, eta ondorio latzak ditu: ilea erortzea, bularra kentzea, kimioterapiaren osteko txakalaldia, gorputza puztea…Dolu moduko bat bizi daiteke hor ere?

Bai, izan liteke. Aldaketa fisikoak dauden heinean, onartuz joan behar dira sintomak. Izan ere, aldaketa fisikoek onarpen psikologiko bat ere eskatzen dute. Esango genuke suntsiketa fasearen ondoren eraikuntzaren fasea datorrela. Berria eta desberdina.

Halakoetan, lehentasuna sendatzea da, gaitza gainditzea. Non gelditzen dira pertsona batek izan ditzakeen beste beharrak?

Lehen esan dudan bezala, lehentasunen ordena berri bat jartzen da martxan. Eta, ordena horren arabera, daramazun bizimoduan aldaketak etorriko dira. Ildo horretan, oso-oso garrantzitsua da gustuko dituzun gauzei eta bizipoza ematen dizutenei eustea.

Garrantzitsua da, beraz, pertsona bat bere kapritxoak betetzen saiatzea?

Bai, oso garrantzitsua. Gauza txikien balioa handi bihurtzen da. Agian, hori da benetako terapia: ondo bizitzen ikastea eta bizitza baloratzen ikastea. Hala ere, bakoitzak topatu behar du zerk egiten duen zoriontsu, zerk sentiarazten duen ondo. Hori pertsonala izaten da.

Puntadaz puntada ahalduntzen

Puntadaz puntada ahalduntzen

Ikerne Zarate
Joskintzan trebatu eta, aldi berean, ahalduntzea. Hori du helburu Josiz Jabetu tailerrak, bertan parte hartzen duten emakumeen arteko harreman sareak sortu eta sendotzea. Bigarren ikasturtea du hau, eta urriaren 4an abiatuko da.

Konfiantza pedagogian

Konfiantza pedagogian

Beñat Alberdi

Oinarri hartuta dauka Arizmendi ikastolak gazteak prestatu behar dituztela geroz eta aldakorragoa den mundu honetarako. Horretarako hautatu zuten, duela urte batzuk, konfiantzaren pedagogia. Orain, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailan zein Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailan aplikatu nahi dute. Irailaren 3an aurkeztu zuten Ametsak betetzeko daudelako! liburua, nola egin eztabaidatzeko oinarriak jaso dituen dokumentua. Hezitzaileen lana zen liburua irakurri eta iritzi bat garatzea. Aste honetan eztabaidatu dute zer landuko duten ikasturtean.

Eraikin osasuntsuak helburu dituen artea

Eraikin osasuntsuak helburu dituen artea

Loinaz Agirre

Modu osasungarri eta adeitsuan eraikitzeko artea da bioeraikuntza, naturarekiko eta pertsonekiko begirunea bilatzen duen eraikuntza sistema. Gero eta gehiago dira, elikadurarekin gertatzen den bezalatsu, eraikuntza moduarekin eta erabilitako materialekin kezkatuta, eraikin osasungarri eta arduratsuak nahi dituzten herritarrak.

Oinarrietara bueltatzeko saioa

Oinarrietara bueltatzeko saioa

Aitziber Arzallus
Herri eta hiriguneetan bizi den jendeak, oro har, urrun ikusten du baserria, eta ezer gutxi daki baserriko bizimoduaz. Berez, kilometrotan, distantziak ez dira handiak; esan liteke herritarrak eta baserritarrak elkarren ondoan bizi direla. Baina beste gauza bat da eurek zer irudipen duten.

Urte berri koloretsua

Leire Narbaiza

Urte berri on! Ez naiz zoratu, askorendako irailean hasten da urtea, umetan bezala. Opor ostean zerotik hasten gara. Asmo onak egiten ditugu (gimnasiora joango naiz, erretzeari lagako diot, ingelesean apuntatuko naiz…), eta erronka berriei aurre egiteko sasoia ere bada. Behin itzulera eginda, dena erdi atonduta dugunean lagun zaharrekin elkartzeko ahaleginak egiten ditugu. Bazkari/afari/kafe sasoiari ekiten diogu udazken hasieran, hartu-eman horiek freskatu eta indartzeko asmoz.

Erretratuak, herriaren ondare

Erretratuak, herriaren ondare

Josu Artutxa Dorronsoro

Argazkiak egitea arnasa hartzea bezalakoa da guretzat", aitortzen dute Nomad Studio Art elkarteko Eli Garmendia eta Carlos Pericas argazkilariek. Proiektu berri bat jarri dute martxan, antzinako argazkilari ibiltarien lana berreskuratzeko asmoz. Retrato Nómada: Gipuzkoa du izena, eta Meta! egitasmoan parte hartzeko aukeratua izan da. Goteo Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin 2020rako garatuko diren hamalau proiektuetako bat da. Guztira 38 proiektu aurkeztu ziren.

EKITALDI BATZUK

Azaroaren 15era bitartean, 62 ekitaldi antolatu dituzte Gipuzkoako 32 udalerritan. Zinema, zirku, feria, dantza, jolas, irakurketa, musika, argazkigintza, irrati, telebista, antzerki, turismo eta kirol arloko ekitaldiak izango dira. Honako hauek dira ekitaldi horietako batzuk.

Ilunpetik argitara

Ilunpetik argitara

Aitziber Arzallus
Ondarearen Europako Jardunaldiak abian dira. Azaroaren erdira arte dozenaka ekitaldi izango dira Euskal Herri guztian barrena. Zinema, zirku, feria, dantza, jolas, irakurketa, musika, argazkigintza, irrati, telebista, antzerki, turismo eta kirol arloko ekitaldiak antolatu dituzte, guztiak ere lekuan lekuko ondareari daukan balioa emateko, ondare hori herritarrei ezagutarazteko eta hura zaintzearen garrantzia helarazteko helburuarekin.