“Azken urteetako egoera txarrena du Irizarrek Brasilen”

“Azken urteetako egoera txarrena du Irizarrek Brasilen”

Maialen Igartua

Irizar autobus lantegiak Ormaiztegin du egoitza nagusia, baina nazioartera ere zabaldurik dago. Brasilgo Botucatu hirian du nazioarteko lantegietako bat. Herrialdeko egoera politiko nahasiak eraginda, ekoizpena nabarmen jaitsi da Brasilgo egoitzan, eta hango 120 langile Ormaiztegin ari dira lanean azken hilabeteetan. Horietako bat da Marcelo Ghiraldi (Botucatu, Brasil, 1977). Hamazazpi urte daramatza Irizarren lanean, kalitate tekniko gisa —autobusei azken azterketa egiten die, dena ondo dagoela ziurtatzeko—. Iazko maiatzean etorri zen Ormaiztegira, eta datorren hilean itzuliko da. Lantegian zein herrian ederki integratzea lortu dute brasildarrek. Horren erakusgarri, bihar ormaiztegiarrekin batera egingo duten kulturarteko festa.

Nolako garrantzia du Irizarrek Botucatun?

Oso enpresa garrantzitsua da, ez soilik Botucatun, baizik eta Brasil osoan. Gama altuko autobusak egiteko gaitasuna duen enpresa bakarra da herrialdean. Oso marka indartsua da Irizar.

Gaur egun Botucatuko lantegiak ez du egoera erraza, ezta?

Nik lantegian daramatzadan hamazazpi urteetan ez da halako krisirik izan. Azken urteetako egoera txarrenean da. Botucatuko lantegian 330 langile gaude, eta oraintxe bertan 70 lagunentzako lana baino ez dago; egunean autobus erdia baino ez dute ekoizten Botucatun. Gainontzekoak nazioarteko lantegietara bidali gaituzte denboraldi baterako, produkzioa berriro igo bitartean. Momentu honetan, Ormaiztegiko, Mexikoko eta Marokoko lantegietan banatuta gaude.

Brasilgo egoera politikoak zer eragin du lantegiaren martxan?

Eragin zuzena du. Enpresariek ez dute inbertsiorik egin nahi egoera politikoa baretu arte; ez dira ausartzen. Dena den, baikor gaude, eta uste dut abuzturako egoera hobetuko dela. Irizarreko goi kargudunak, gainera, negoziazioak egiten ari dira autobusak saltzen dizkiegun herrialdeekin, eta ekoizpenak laster gora egitea espero dugu. Australiara, Txilera, Hegoafrikara, Perura, Venezuelara, Argentinara, Uruguaira eta Brasilera saltzen dira Botucatun egindako autobusak.

Zuk urtebete pasatxo daramazu Ormaiztegiko lantegian.

Bai, iazko maiatzean etorri nintzen. Ormaiztegiko lantegian normalean baino ekoizpen handiagoa dute azken urtebetean, eta langile gehiago behar zituzten ekoizpen igoera horri aurre egiteko. Udako oporretan eta Gabonetan joan nintzen Brasilera, baina gainontzeko hilabeteetan Ormaiztegin egon naiz. Momentu honetan Botucatuko 120 langile gabiltza Ormaiztegin lanean, baina duela hilabete batzuk 180 ere egon ginen. Guretzat aukera handia izan da Ormaiztegira lanera etorri ahal izatea; enpresarekin oso eskertuta gaude.

Zaila izan zen Ormaiztegira moldatzea?

Ni 2008an ere izana nintzen denboraldi labur batez; orduan ikastera etorri nintzen beste lankide batzuekin batera. Hortaz, lantegia eta herria apur bat ezagutzen nituen. Dena den, hasieran apur bat gogorra izan zen: kultura ezberdina, lan dinamika ezberdina... Eta gogorrena familia Brasilen uztea izan zen.

Zein familia utzi duzu Brasilen?

Emaztea eta 15 urteko alaba ditut. Hemen familian pentsatzen pasatzen dugu denbora: familia ondo badago, dena ondo dago. Haientzat ere gogorra da, baina onartzen dute egoera, badakitelako momentu honetan garrantzitsuena lana egitea dela, eta denboraldi baterako baino ez dela izango. Gainera, une oro harremanetan gaude deien eta sare sozialen bidez. Irizarrek telefono dei guztiak ordaintzen dizkigu.

Familia han uztearen gogorraz gain, kultura eta hizkuntza berrira egokitu behar izan zenuten.

Noski. Hizkuntzari dagokionez, gutxika joan gara gaztelaniaz gero eta hobeto ikasten. Eta euskaraz ere ikasi ditugu hitz batzuk: kaixo, egun on, eskerrik asko, zer moduz... Ohiturei dagokienez, berriz, hasieran hemengo jatekora ohitzea kosta zitzaigun apur bat. Baina orain oso gustura gaude Ormaiztegin.

Lantegian zein herrian ederki integratu zarete, ezta?

Lankideekin oso harreman ona egin dugu. Lanetik kanpo ere, plan asko egiten ditugu haiekin. Inguruko herriak erakusten dizkigute, mendira joaten gara... Lankideekin bezala, ormaiztegiarrekin ere oso ongi moldatu gara; lagun asko egin ditugu herrian. Batzuek kuadrilla eta guzti egin dute. Brasildar batzuk, esaterako, Ormaiztegiko kuadrilla batekin batera mozorrotu ziren San Andres jaietan. Ostegunetan, berriz, pintxopotera joaten gara.

Brasildarren eta euskaldunen izaerak ba al du zerikusirik?

Egia esan, izateko modua nahiko desberdina da. Euskaldunei gehiago kostatzen zaie, esaterako, kontaktu fisikoa. Konfiantza hartu arte hotzagoak dira. Baina, behin konfiantza hartuta, tratatzeko oso errazak dira. Horrez gain, edukazio onekoak eta oso langileak dira.

Biharko kulturarteko festa antolatu duzue Ormaiztegin. Zein da helburua?

Guk euskal kultura ezagutzea, eta, aldi berean, ormaiztegiarrek brasildar kultura apur bat gehiago ezagutzea. Azken finean, gure kulturak erakustea da asmoa, festa baten bidez.

Eta zer egingo duzue?

Brasildarrok txurraskoa prestatuko dugu, gure erara, hango saltsarekin. Eguerdian eta arratsaldean plazan banatuko ditugu pintxoak eta edaria. Bestalde, herri kirolak egingo ditugu brasildarrok eta ormaiztegiarrek: txingak, sokatira, harrikari proba... Bost kilometroko herri lasterketa bat ere antolatu dugu. Eta, festa girotzeko, musika izango da. Decalky talde brasildarrak —Irizarreko langile batzuek osatzen dute— eta GuriBost talde goierritarrak joko dute zuzeneko musika.

Baduzue zuen herrialdera itzultzeko gogoa?

Sentsazio gazi-gozoa dugu. Alde batetik, gure familiengana eta gure eguneroko bizitzara itzuli nahi dugu. Bestetik, faltan sumatuko ditugu hemen egindako lagun guztiak. Dena den, ormaiztegiarrek beti edukiko dituzte gure etxeetako ateak irekita. Lankide batzuek esana digute bisitan joango direla. Eta gu ere etorriko gara noizbehinka. Ormaiztegi beti izango dugu gogoan. Oso eskertuta gaude herriarekin eta enpresarekin. Irizarreko langile askok lan handia egin dute brasildarrok Ormaiztegira lanera ekartzeko; eta batzuek brasildarrokin harreman handia izan dute.

Bisitatzetik esploratzera

Bisitatzetik esploratzera

Eider Goenaga Lizaso

Miyuki Donostiara etorri da Japoniatik, goi mailako sukaldaritzak erakarrita. "Donostia oso ezaguna da Japonian; batez ere, bere gastronomiagatik. Amestutako jomuga bat zen guretzat". Donostian, Michelin izardun jatetxeak eta pintxoak ezagutzen dituzte, baina hotelean sagardotegi garaia dela esaten diete, eta Astigarragan egiten dute hurrengo geldialdia. Ordiziko asteazkenetako azokari buruz ere hitz egiten diote Miyukiri, eta bertara joan dira bikotekidea eta biak, trena hartuta. "Asian merkatu asko daude kalean, baina bat ere ez da honelakoa", dio, bertako nekazariek ekoitzitako produktuen kalitateari erreparatuta. Japoniako beste familia batekin aurkitzen dira Ordizian, Hokkaidokoak,haiek ere azoka ikustera joandakoak.

Miyuki Gipuzkoako turismo marka berriaren iragarki bateko protagonista da, eta haren istorioa turistak Gipuzkoako barnealdera erakartzeko eraikia dago. Hokkaidoko familia egiazko familia bat da, ordea; iragarkia grabatzen ari zirela Ordizian topatutakoa, eta Donostiara gastronomiak erakarrita etorritakoa. Bideoaren izenburua: Explore San Sebastian Region.

Joan den martxoan, Sevatur turismo azokan aurkeztu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak turismo marka berria. Logoa eta leloa aldatu dituzte. Visit beharrean Explore da orain; eta Gipuzkoa beharrean, San Sebastian region. Markaren irudiari erreparatuta, kuboekin osatutako Gipuzkoako mapa bat da logo berria, lurraldearen "eskaintza poliedrikoa" islatzen duena eta bertako bi artista handiri —Eduardo Txillida eta Jorge Oteiza— keinua egin nahi diena.

Ornitorrinco publizitate agentziak diseinatu du marka berria, foru aldundiko Turismo Zuzendaritzaren enkarguz. "Arazo batekin etorri zitzaizkigun: turistak Gipuzkoa ez duela ezagutzen eta, ondorioz, Gipuzkoako eskualdeak turismoari saltzeko zailtasunak daudela. Donostiak halako indarra du, turista guztien arreta fagozitatzen duela", azaldu du Xabier Ayalak, Ornitorrincoko gerenteak.

Aurretik Visit Gipuzkoa zen turismoa erakartzeko leloa, eta leloari erreparatu zioten lehenbizi marka berria diseinatzeko garaian. "Visit ingelesezko hitza den arren, aurreko kanpaina diseinatu zutenek ulertu zuten edozeinek ulertzeko modukoa zela: visit, visitar, visiter, bisitatu...". Abiapuntu egokia ikusi zuten horretan Ornitorrincokoek, eta visit ordezkatzeko aditzaren bila hasi ziren.

Bidaia bat zer den eta bidaiariak zer bilatzen duen hausnartu, eta bidaiatzea abentura bilatzea dela, lurralde berriak aurkitzea dela eta esploratzea dela ondorioztatu zuten. "Bidaiariari beti gustatu izan zaizkio ohiko turismo zirkuituetatik kanpoko tokiak; bertakoek aholkatu eta turismo gidetan ez dauden txokoak aurkitzea da bidaiariaren helburua". Eta hori islatuko zuen kontzeptuaren bila, explore aditza aukeratu zuten. "Visit bezala, explore aditza ere egokia da nazioarteko merkatura zabaltzeko: edonork ulertzeko modukoa, ia edozein hizkuntzatan".

San Sebastian Region

Donostiako erakartze ahalmenari nola aurre egin; horixe bigarren buruhaustea. Turistak Donostia ezagutzen du, eta Donostiaz gain, agian bizpahiru leku gehiago bisitatzen ditu —Hondarribia, Getaria, Loiola, Arantzazu...—, baina zaila da bisitaria horietatik ateratzea. "Gure ustez Donostia izan daiteke arazo bat, baina aldi berean aukera bat ere ematen digu. Aprobetxatu dezagun Donostiaren izena lurralde guztia saltzeko. Hori egiten dute bilbotarrek, Bilbo Handiaren aterkipean lurralde guztia hartzen dute; eta erdi-txantxetan Kontxa Bilboko hondartza dela esaten dute. Zergatik ez gauza bera egin?".

Gipuzkoak ezagutzeko moduko toki asko dituen arren, horiek nazioarteko bezeroari saltzea konplexua dela dio Ayalak. "Ikuspegi zabala izan behar dugu. Izan ere, Zumarragako Antiguako ermita oso-oso polita izango da, baina jomuga turistiko bakar gisa, ez du funtzionatzen". Nazioarteko hainbat ereduri erreparatuta, Gipuzkoa erabili beharrean San Sebastian Region kontzeptuaren aldeko apustua egin zuten publizitate agentziakoak: "Loirako eskualdea edo Akitaniako eskualdea saltzen diren bezala, guk Donostiako eskualdea salduko dugu".

Aldaketa horrek beldur pixka bat ematen ziela aitortu du Ayalak. "Ez genekien oso ondo jendeak nola hartuko zuen. Denis Itxaso diputatuari eta Maite Cruzado zuzendariari aurkeztu genien, eta gustatu zitzaien; baina gero esan ziguten eskualdeei aurkeztu behar geniela, eurentzat ezinbestekoa zela eskualdeek ere kanpainarekin bat egitea". Hala, eskualdeetako turismo mankomunitateen aurrean egin zuten aurkezpena Xabier Ayalak berak eta kanpainaren diseinuaren ardura izan duen Jesus Arak. "Beti Donostia, beti Donostiarekin bueltaka... Jendeak hori gaizki har zezakeela pentsatzen genuen. Baina, hamalau bat lagun etorri ziren, eta berehala harrapatu zuten ideia, gustatu zitzaien. Turistek Gipuzkoa ezagutzeko modua zela ikusi zuten, eta bat egin zuten gure ideiarekin". Ayalaren hitzetan, "inportantea" da eskualdeen iritzia kanpainaren onarpenerako. "Azkenean, eurak dira hau sinistu behar dutenak"

Donostia izena lelotik kanpo gelditzeari buruz ere egin zuten gogoeta. "Baina, nazioartean zabaltzeko lelo bat behar genuen, eta nazioartean euskarazko izena ez, baizik eta San Sebastian izena ezagutzen dute. Beraz, zalantzak izan genituen arren, hori izan zen apustua".

Eskaintza poliedrikoa

Logoaren koloreek Gipuzkoak eskaintzen dituen itsasoa eta mendia islatzen dituela dio Ayalak; "itsasoa iparrean eta mendia hegoaldean". Gipuzkoako mapa kuboekin eraikitzeak, berriz, bi arrazoi nagusi ditu. "Batetik, ulertzen dugulako Gipuzkoak itsasoa eta mendia baino askoz gehiago eskaintzen duela, eskaintza poliedrikoa dela: gastronomia, tradizioa, kultura, artea... Ildo horretan, arteari egiten diogu keinua logoarekin. Gipuzkoan bi eskultore handi ditugu, Txillida eta Oteiza, euskal eskulturgintzaren ikurrak biak. Haien lanetan asko erabiltzen dira karratuak eta kuboak, ertz oso markatuak, eta hori ere islatu dugu".

Kuboekin lurraldeko mapa egiteak, bestalde, leloan agertzen ez den Gipuzkoa hitza ordezkatu nahi duela azaldu du Ayalak. "Nik uste dut eskualdeetan ondo hartu zutela leloa, logoak Gipuzkoa oso garbi islatzen duelako, eta oreka bat dagoelako".

Marka eraikita, orain marka hori zabaldu eta ezagutarazteko garaia da. Ayalak itxaropenez begiratzen dio etorkizunari: ohiko bideetatik zein sare sozialetatik Explore San Sebastian Region leloa zabaltzen ari dela eta emaitzak izango dituela iritzi dio.

“Herri akusazio hau aurrera eraman ahal izatea bidezkoa da”

“Herri akusazio hau aurrera eraman ahal izatea bidezkoa da”

Maite Alustiza

Bidegi auziko bi kereilek zabalik jarraitzen dute. Salaketak orain bi agintaldiko jardunari lotuta daude, eta biak Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri zituen joan den agintaldian —Bilduren esku zegoenean—. Kereila horien arabera, 30 milioi euro pasakoa da sozietate publikoko ustezko iruzurra. Uste horiek argitzeko, herritar talde batek Gidari elkartea aurkeztu zuen otsailean, ikerketa "azken muturreraino" eramateko. Auzian zer gertatu den jakin nahi du elkarteak, eta, horretan laguntzeko, akusazio gisa aurkeztu da bi kereiletan, Azpeitiko auzitegian —Bidegiren egoitza Zarautzen dagoenez, auzitegi horri dagokio ikerketa egitea—. Gidari elkarteko kide Amaia Zabaletak azaldu duenez, ordea, dagoeneko lehendabiziko "oztopo garrantzitsuarekin" egin dute topo: akusazio gisa aritu ahal izateko, 100.000 euroko bermea eskatu diote elkarteari —auzi bakoitzeko 50.000 euro—. Gidariko kideentzat "onartezina" da neurria, eta helegiteak aurkeztu dituzte epailearen erabakiaren aurka.

"Bidegabekeria hau" konpontzea espero dute Gidariko kideek, epaileak helegiteak onartuta. Gutxienez bermeak gutxitzea eta auzian "herritarren interesen alde" egin ahal izatea galdegin dute: "Ez da ulergarria irabazi asmorik gabeko elkarte bati horrelako dirutza eskatzea, eta, are gutxiago, auzia jada martxan dagoela kontuan hartuta". Era berean, fiskalak hartutako jarrera nabarmendu du Zabaletak: "Fiskala ere bermea jartzearen aurka azaldu da, ulertu duelako bidezkoa dela herri akusazio hau aurrera eraman ahal izatea, eta espero dugu oraingoan epaileek ere gauza bera ondorioztatzea, epaileek ere fiskalaren bide bera hartzea".

Helegiteen erantzunaren zain daude elkarteko kideak, baina, bien bitartean, kontu korronte zenbaki bat ireki dute ezar diezaieken bermeei "guztion artean" aurre egiten laguntzeko, auzia ikertu gabe gera ez dadin: "Auzi honetan herritarren dirua dago jokoan, herritarren 30 milioi euro, eta onartezina da herritarrei ikerketa horren berri izateko oztopoak ezartzea".

Diputazioak jarritako bi kereiletan bi delitu aipatzen dira: diru publikoa oker erabiltzea eta agiriak faltsutzea. Dirutan, ustezko iruzurra 30 milioirena da orotara —lehenengo kereilan 13,7 milioirena eta bigarrenean 17,1 milioirena—; eta epaileak bost lagun inputatu zituen —tartean daude Bidegiko zuzendari tekniko ohi Agustin Zugasti eta obretako enpresetako kideak—. Horiez gain, epaileak lekukotasuna ematera deitu zituen Markel Olano ahaldun nagusia eta Eneko Goia Donostiako alkatea —orain bi agintaldi ere ahaldun nagusi zen Olano, eta Bide Azpiegituretako diputatu Goia—.

Bide judizialetik jarraitzearekin batera, Gidari elkarteak gaia gizarteratu nahi du, eta horretan ari da. Gidarirentzat "funtsezkoa" da gizarte eragileekin lan egitea; hori dela eta, bilerak hasi ditu: "Argi dugu gai hau gizarteratu egin behar dela, herritarrek jakin behar dutela zer gertatu den kasu honetan, eta, horregatik, lehen urrats gisa hainbat gizarte eragilerekin bilera sorta hasi dugu". Auziari buruzko azalpenak emateaz gain, eragileen babesa eta atxikimendua ere jaso nahi izan dute; dagoeneko haien manifestuarekin bat egin dute hainbat alderdik, taldek eta sindikatuk. "Auzi honek herritarrei eragiten die zuzen-zuzenean, eta uste dugu eragileek badutela zeresana".

Gidari elkartearen manifestua

Bost puntu ditu Gidari elkarteak plazaratu duen manifestuak:1. "Gipuzkoako Foru Aldundiak 2014ko azaroan eta 2015eko maiatzean bi kereila sartu zituen Azpeitiko epaitegian, AP-1 autobideko egindako obretan ustez 30 milioi eurotik gorako desbiderake...

845 milioiko zorrari “aurre egiteko gai”

Bidegi sozietateak 845 milioi euroko zorra dauka, baina, aldundiak adierazi berri duenez, ez du "inolako arazorik" finantza konpromisoei aurre egiteko. Joan den astean Gipuzkoako Batzar Nagusietan hitz egin zuen Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako ...

Atxikimenduak

Grupo Oarso TaldeaPepe Rei ElkarteaFracking EzAHT GeldituELALABESKUGT EuskadiSteilasCGTHiruEzker AnitzaEH BilduAhal DuguEquo

Herri txikiak “erakargarri eta lehiakor” egiteko, lau neurri

Herri txikiak “erakargarri eta lehiakor” egiteko, lau neurri

Maite Alustiza

Eskualde "sendoak" ditu Gipuzkoak, baina haien barruan desoreka "handiak" daude herri txikien eta handien artean. Herri txikiek eta landa eremukoek zailtasunak dituzte, besteak beste Internet sare egoki bat izateko. Desoreka horiei aurre egin nahi die Gipuzkoako Diputazioak, eta, horretarako, 25 milioi euroko diru saila jarri du Landagipuzkoa+ programarako. Markel Olano ahaldun nagusiak azaldu duenez, Gipuzkoako herritar guztiek oinarrian "pareko bizi kalitatea" izatea da helburua. Asmoa bikoitza da: biztanleriari eustea batetik, eta landa eremuak "erakargarri eta lehiakor" egitea bestetik. Joan den ostiralean eman zieten planaren berri herrietako ordezkari eta eragileei, Albizturren.

Lau neurri biltzen ditu egitasmoak, bi ataletan banatuta. Planaren lehen atala 2.500 biztanle baino gutxiago dituzten Gipuzkoako 48 udalerrientzat da. Horren barruan, bi ekintza egingo dituzte: zuntz optikoa jartzea eta sustapen ekonomikoko "proiektu estrategikoak" garatzea.

Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko diputatuak ziurtatu du legealdi honetan iritsiko dela zuntz optikoa 48 herriguneetara —baita herri horietako beste auzo batzuetara ere—. Neurri horrekin, informazio eta komunikazio teknologien garapena herriguneetara eraman nahi du aldundiak: "Udalerri horietako bizilagunei zerbitzu bat eskaintzeaz gain, jarduera ekonomikoarekin ere guztiz lotuta dago".

Proiektu estrategikoei dagokienez, berriz, herri txikietan aktibitate ekonomikoa bultzatu nahi dutenei babesa ematea biltzen du foru aldundiaren programak. Hortaz, 48 udalerrietan dauden edo egon daitezkeen egitasmo "lehiakorrenak eta erakargarrienak" diruz lagunduko dituzte. Toki bakoitzean herriko ordezkariekin adostuko dute zein proiektutara bideratu laguntza hori.

Egitasmoaren bigarren atalarekin, landa eremuetan antzemandako "gabeziei" erantzun nahi die diputazioak. Bi izango dira lan lerroak: baserri bideak konpontzea, eta argindar sarea berritzeko plana.

Lurraldeko landa eremu guztiak sartzen dira planaren bigarren atal horretan, ez soilik 2.500 biztanle baino gutxiagoko 48 herriak. Aizpururentzat, baserri bideak berritzea "ezinbesteko inbertsioa" da baserritarren bizi kalitatea bermatzeko. Azaldu duenez, Gipuzkoan ia 3.400 kilometro baserri bide daude, eta gehienak "gaizki" daude. Une honetan egoeraren argazkia eta balorazio ekonomikoa egiten ari da diputazioa, baina, aurreikusi duenez, gutxienez 1.500 kilometrotan egingo dituzte hobekuntzak.

Baserri bideak txukuntzeaz gain, landa eremuetako sare elektrikoak dituen arazoei irtenbidea eman asmo die diputazioak. Aizpuruk esan duenez, Gipuzkoako sare elektrikoa 1990. urte inguruan jarri zen martxan: "Orain, kontagailu digitalekin-eta, zaharkituta geratu da. Potentzia igoerarekin edo ustiapen hazkundearekin izen emate gehiago egin diren neurrian, beharrei ez zaie egokiro erantzun".

Hori hala, "modernoagoa" izango den eta "ahalmen handiagoa" edukiko duen sare bat osatu nahi dute; diputatuak ziurtatu du legealdi bukaerarako jarrita egongo direla 37 transformadore berri, eta "kilometro ugaritan" lineak berrituko dituztela.

Txikien garrantzia

Programaren berri ematean, Olanok nabarmendu du herri txikiek Gipuzkoan duten garrantzia. Haren arabera, "Gipuzkoako nortasunaren oinarrietako bat" dira, eta Gipuzkoa "lehiakorra, adimentsua, orekatua eta sortzailea izan dadin, ezinbestekoa da herri txiki eta eskualde indartsuak izatea".