Gizartea

Kezkak plazara daramatzate

Kezkak plazara daramatzate

Aire zikinari aurre egiteko mozorroa edo lore-errota. Bi aukera horien artean, bigarrenaren aldeko hautu garbia egin du Lasarte-Oriako Aire Garbia plataformak. Zubietan egin asmo duten errauste plantaren aurka batu dira hainbat herritar, eta haien kez...

Baten afizioa, bestearen ofizioa

Baten afizioa, bestearen ofizioa

Familia berean bertsoa eta pilota guztiz uztartuta dauzkate Artola anaiek. Bertsolaria da Mikel Artola (Alegia, 1989), eta Gipuzkoako Bertsozale Elkartean egiten du lan; Iñaki Artola (Alegia, 1994), berriz, pilotari profesionala da. Batak afizio du bestearen ofizioa.

Egun txapelketetan murgilduta daude, biak final-laurdenetan: Mikel, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan; Iñaki, Lehen Mailako Lau t'erdiko Pilota Txapelketan. Iñakik ez du ondo hasi final-laurdenetako ligaxka, orain astebete Jokin Altuna lagun amezketarraren aurka 22-14 galdu baitzuen. Gaur Bengoetxearen aurka du bigarren partida, Tolosako Beotibar pilotalekuan: "Galtzen hasi gara, baina oraindik beste bi partida ditugu. Bengoetxearena ere zaila ikusten dut; pilotari handia da".

Mikelek, berriz, txapelketa "gorabeheratsu" doala dio. Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea erraz pasatu zuen, baina gero justu-justu igaro da final-laurdenetara —bera izan da azken sailkatua—. "Ez dut uste saio txarra egin nuenik, baina puntuz larri-larri, eta azkeneko unera arte zain egon behar izan nuen pasatu nintzela jakiteko. Baina aurretik egin duzunak ez duenez zerikusirik, orain final-laurdenetarako prestatzen ari naiz". Haren helburua txapelketa ondo prestatzea eta lehen saioa ondo egitea zen: "Behin pasatu garela, gure helburua beteta dago. Harituz bertso taldeko lau gaude final-laurdenetan. Polita izango litzateke norbait deskuidatu eta pasatzea, eta Tolosako finalerdian aritzea". Eskoriatzan du final-laurdenetako saioa, azaroaren 8an.

Afizioak partekatu dituzte, gero bakoitzak ofiziorako bere bidea hartu badu ere. Halere, elkarrekin topo egiten dute, batez ere pilotan, Mikel Iñakiren botilero moduan aritzen baita txapelketetan. "Bera izan da txikitatik pilotan gehien ezagutu izan nauena, eta nirekin gehien ibili dena", dio Iñakik. Iazko ekainean profesionaletara jauzia egin zuenetik, anaiarekin jarraitu du: "Galdetu zidan ea berarekin jarraitu nahi nuen, eta nik baietz erantzun nion. Orain arte gauzak nahiko ondo ateratzen ari zaizkigu, eta ondo sentitzen naiz berarekin. Beti pentsatu izan dut ustez pilotaz gehiena dakiena baino hobe dela zu ondo ezagutzen zaituen botileroa izatea: ez bakarrik pilotan dituzun gaitasunak jakiteko, baita buru aldetik zer joera dituzun ere. Eta horretan gehiena Mikelek daki".

Egia esateko askatasuna

Beren arteko harreman horrek ez du esan nahi haserretzen ez direnik. "Tarteka partidetan izaten ditugu gure haserreak", dio Mikelek. Anaiaren botilero denean "gehiago sufritzen" du: "Askoz gertuagotik bizi duzu, eta kanpora esaten ez diren gauza asko bion artean geratzen dira. Txikitatik ezagutzen dudanez, badakit zertan hobetu duen eta zertan ez, eta, egia esateko, askatasun handiagoa dut. Beti sinistu izan dut harengan, nik uste berak bere buruarengan baino gehiago. Horrek ere bultzatzeko balio du". Iñakik gauzak esatea exijitzen dio anaiari: "Nahi duzuna da akatsak ikusten badizkizu esatea, nahiz eta jakin zuri ez zaizula gustatuko hori entzutea. Mikelek pentsatzen duena esaten dit, eta orain arte nigan gehien sinistu duena bera izan da".

Ia partida guztien jarraipena egiten dio Mikelek, zuzenean ez bada , telebistatik. Ez dira, baina, denbora guztian pilotaz hitz egiten aritzen. "Askotan partida batera autoan joaten garenean, filosofiaz hitz egiten dugu, Iñaki unibertsitatean ikasten ari denaz, eta gure eztabaidak izaten ditugu", ekarri du gogora Mikelek.

Iñakik ez dio Mikeli jarraitu bere bertsolari ibilbidean, Mikelek Iñakiri pilotan adina. "Txapelketako saioak dituenean bai, herrian eta inguruan egin dituenean ere bai, baina bestela beste herri askotara joan denean, ez naiz berarekin hainbeste ibili". Bertso saioetarako prestatzeko Iñakik ere tarteka laguntzen dio. "Gaiak jartzen, eta parte hartzen ere bai", dio Mikelek. Autoan joaten direnean bertsotan ere aritzen dira; azkena, sanmateoetako torneorako bidaian, Logroñorako joan-etorrikoan.

Elkarrekin egon bai, baina elkarren aurka ez dira lehiatu pilotan. "Konturatzerako, berak niri erraz irabazteari utzi, eta ni berari erraz irabazten hasi nintzen", esan du Iñakik. Herriartekoan aritu izan dira biak, Alegia ordezkatzen. "Herriarteko batean izan zen aukera bakarra Iñaki nire botilero aritu zela. Lau tanto bakarrik egin genituen...", gaineratu du Mikelek, bere anaiaren barrea eraginez.

Bertsotan, berriz, behin parte hartu zuten elkarrekin, txapelketa batean. Harituz-ek antolatu zuen Tolosaldeko bertso txapelketa egin zenean, herriartekoan, Alegia ordezkatuz. Lehen kanporaketa gainditu zuten. "Herriko bertsolarien saioa egiten da festetan eta hor ere parte hartu izan du", esan du Mikelek, eta gaineratu: "Beti esaten diot bertsoarekin lotura izatea ez dela txarra. Kirolaz aparteko kontu batzuekin harremanetan irautea ez da txarra".

Pilotan eskuratu dituen lorpenak galdetzerakoan, Iñakik berehala dio iaz lortutako bigarren mailako lau t'erdiko txapela izan dela nagusiena. Anaiak, baina, bestelako iritzia du: "Lehen mailako binakako finalerdietara iristea". Iñakik arrazoia eman dio gero: "Txapela janzteak ilusio handia egiten du, baina lorpen moduan, lehen mailakoa jarri behar da aurretik".

Orain ere lehen mailan lau t'erdiko final-laurdenak jokatzea lorpen handia dela dio Mikelek. Ilusio berezia egiten die ligaxkan Olaizolaren aurka jokatzeak. Horrek ere botilero anaia du, Asier. "Txikitan pilota partidak ikustera joaten ginenean, nik Barriolaren kamiseta nuen eta Mikelek Olaizolarena. Orain ni kantxan eta bera aulkian, Olaizola anaien aurka ariko gara". Eta Mikelek: "Bai kantxan eta bai aulkian uste dut desabantaila pixka bat dugula...".

Osinalde sariketa irabaztea du Mikelek bertsolaritzan lortutakoen artean. "Guretzako bere garaian Osinalde bazen erakartzen gintuen sariketa bat, eta horrek ikaragarrizko ilusioa egin zigun". Lorpen zerrendari begiratuz gero, handiena aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan final-laurdenetara pasatzea dela esan du. "Baina bertsotan egin dudan gauzarik politena eta gehiena ase nauena bertsolari onenekin aritzea izan da: [Andoni] Egaña, Amets [Arzallus] edota Maialenekin [Lujanbio], esaterako... Eta ilusio handia egin zidan Joxe Agirrerekin kantatzeak ere. Orain dela urte batzuk esanez gero, ez genuen sinistuko". Beste une berezi bat ere aipatu du Mikelek: Altzoko festetako bertso saioa. "Inguruko garrantzitsuena iruditu izan zaigu beti. Aurten han kantatzeko aukera eman ziguten, eta hori eginda, dagoeneko lasai geratzeko moduan nintzela esan nuen".

Lehen oroitzapenak

Tartean anaia dagoela ditu Iñakik pilotarekin bere lehen oroitzapenak: "Igande goizetan joaten ginen biok aitarekin Orendaingo frontoira, edo Alegiakora, edo Abaltzisketara... Horretaz ondo oroitzen naiz, eta baita Kalebeherako frontoian irabazi nuela nire lehen txapela".

Bi oroitzapen mota etorri zaizkio Mikeli bertsolaritzaren inguruan. "Gure aitonak, aitan aldekoak, bazekizkien bertsoak buruz, eta batzuk kantatzen zizkigun. Bestalde, gogoan dut Hitzetik hortzera ematen zutela igande eguerdian eta nola horri begira egoten ginen. Eta nola etxekoentzat bertsolariak norbait garrantzitsuak ziren, eta haiei entzuteko isilik egon behar ginen. Beste oroitzapena kantatzen hasi ginenekoa da: parrandan hasi ginenean-eta, lagun batzuk elkartzen ginen, bertsozale amorratuak, eta bertsotan aritzen ginen, hankamotzak, hankaluzeak eta potoak eginez".

Bestearen ezaugarriren bat norberaren ofiziorako hartuko lukete. "Pilotan aritzen zenean tenple ona zuen eta erabakiak hartzen zituenean, azkar hartzen zituen", esan du Iñakik. "Nik bertsoak josteko bere gaitasuna hartuko nuke", dio Mikelek bere aldetik: "Okerrena errimarekin ibiltzen naiz, eta oinak ekartzeko garaian. Berak, hain gutxi arituta ere, askotan hitz egokiagoak ekartzen ditu eta horrek inbidia pixka bat ematen dit. Izaera aldetik, frontoitik kanpora pilota eta horren zakuan sartzen den guztia hartzeko modua".

Iñakik ondo hartzen du famaren kontua. "Azkenaldian ari naiz bizitzen ezaguna izatea zer den. Batzuetan pisua da, edozein lekutara joan arren ezin duzulako pilotari jantzia kendu. Baina ondo daramat, eta gustatzen zait kalean pilotari moduan ezagutzea". Mikelek bertsolaritzan ez du hori ezagutzen: "Nire gertatu zaidan aldaketa, anaia ezaguna egin denean izan da. Izenaren beharrik ez daukat, orain Artola pilotariaren anaia bihurtu naiz".

Etxean bertsolaritza eta pilota asko bizi dute. "Gurasoak, gu aritzetik aparte, oso zaleak dira", esan du Iñakik. "Aitak frontoi asko zapaldu ditu, bai Mikelekin eta bai nirekin ere, eta orain ere ia beti joaten da nire partidetara. Ama gutxixeago, nerbioekin-eta okerrago pasatzen du eta etxetik bizitzen ditu". Mikelek dioenez, gurasoek utzi diete bidea egiten beraiei iruditu zaien moduan: "Meritu handia izan dute noraino sartu jakiteko, noraino baldintzatu pilotaren eta bertsolaritzaren gure bidea. Datorrena hartuz, gure martxan utzi digute. Eta horregatik uste dut gusturago egiten dugula ere".

Bakoitzak hartu duen bidea irudikatzeko badute pasadizo bat. Azkoitira joan ziren herriarteko pilota txapelketa jokatzera, bakoitza bere mailan, eta Iñakik egun berean eskolarteko bertso txapelketa zuen, Azkoitian bertan. "Bertso saioa bukatu ondoren, Iñakiri 'hi pilotan aritzen haiz,ezta?' esan zioten, eta pilota partidak bukatu ondoren, niri 'hi bertsotan aritzen haiz, ezta?' esan zidaten", gogoan du Mikelek. "Garbi geratu zen bakoitzaren eremua zein zen".

Arerio handia, arma txikiekin

Arerio handia, arma txikiekin

Artisau erara eta eskuz betetako granadak dira. Iturgintzarako hodiak erabilita egindakoak. Hodian TNT edo dinamita sartu, metrailarekin bete eta metxa batetik aktibatzen zirenak. Dozena eta erdi aurkitu dituzte. Zartarazi gabeak —Ertzaintzaren esku egon dira hainbat hilabetez, indargabetu eta segurtasunez erakusteko moduan utzi arte—. 1936ko gerran Errepublikaren aldeko indarrek erabilitakoak dira. Zubietamendin, Txaldatxur izeneko mendi kaskoan egin dute aurkikuntza Lasarte-Oriako Islada Ezkutatuak taldekoek, eta atzo eman zuten horri buruzko informazioa, prentsaurrekoan.

Fusilekin jaurtitzeko bi rabiza (muturrean granada txikia daramaten eta fusilean sartzen diren suziri modukoak; Iparraldeko Fronteak asko erabili zituen) eta katalogoko eskuko granadak ere aurkitu dituzte tokian. Islada Ezkutatuak taldekoek aitortu dute beraientzat "sorpresa handia" izan zela horiek topatzea. "Guk pentsatzen genuen Lasarten ez zela ezer gertatu gerra garaian, eta begira nolako aurkikuntza egin dugun", azaldu dio Hitza-ri Mailu Arruti taldekideak.

Taldearen lehen aurkikuntza defentsarako erabilitako 120 metroko lubaki eremua izan zen. Horrek bakarrik merezi zuen ahalegina. Baina lubakietan, gerraren lekuko isilak aurkitu zituzten gero; bala-zorroak, soldaduen medailak, kontserba latak... Eta horiekin batera, eskuz egindako granadak eta rabizak. Badira bi urte lubakiak garbitzen hasi zirela, eta larunbatero elkartzen da taldetxo bat lanerako.

Asko egiteko

"Oraindik asko daukagu garbitzeko, eta asko daukagu argitzeko", azaldu dute taldeko kideek. Izan ere, 1936ko altxamendu militarraren ondorioz "Lasarten eta Orian zapalduak izan ziren herritarren egia" azaleratzeko sortu zuten elkartea, eta horretan ari dira jo eta su. Gerra tokiak izan zirenak arakatzeaz gain, gerra eta gerraostea bizi izan zutenen memorian arakatzen ere badabiltza, Lasarte-Oriako herritarren testigantzak bilduz.

Txaldatxurren egindakoa "aurkikuntza inportantea" da Islada Ezkutatuak-entzat. Besteak beste, Errepublikaren aldekoak nolako armekin borrokatu ziren jakiteko. "Arerio handia izan ziren frankistentzat eta erreketeentzat. Haiek hobeto armatuta zeuden arren, asko kostatu zitzaien Gipuzkoa hartzea. Oria bailaratik barrena sartu ziren Lasarte-Oriara, baina hainbat denboran atzera eta aurrera ibili ziren; eta tarte jorretan, jo bai, jo zuten, baina jaso ere bai", azaldu du Joxe Agustin Muguruza taldekideak.

Muguruzak dioenez, zaila da jakiten Errepublikaren aldeko indarrek zehazki zenbat denboran eutsi zioten faxisten erasoari Orian. Jakinekoak diren datak baliatzen ditu horren inguruko irakurketa egiteko. Uztailaren 19an atera ziren erreketeak Iruñetik Gipuzkoa aldera, eta Donostia ez zuten hartu irailaren 13 arte. "Kalkulatzen dugu Lasarte-Oriara irailak 4-5-6 inguruan sartu zirela. Argi dago denbora luzea dela, eta horrek erakusten du asko kostatu zitzaiela posizioak hartzen joatea".

Tolosa erori zen arte, kolpistek zailtasunak izan zituzten aurrera egiteko, eta Tolosatik barrena, Buruntza eta Belkoain mendien artetik egin zuten faxistek Oriarako bidea. Han, Txaldatxurren zain zituzten Errepublikaren aldeko soldaduak. Frontearen zati bat da Zubietamendin aurkitutakoa, Iramuñotik (Larraul) Mendizorrotzeraino (Donostia) luzatzen baitzen hiriburua kolpisten erasotik babesteko frontea.

Goian posizioa hartuta eta lubakiak eraikita, eskura zuten guztiarekin egin zieten eraso behean kokatutako indar frankista eta erreketeei. "Eskuz egindako granadak botatzen zituzten goitik behera, eta morteroekin erantzuten zuten behetik gora. Bi bandoek zituzten armak ezin dira konparatu. Katalogoko armekin borrokatzen ziren faxistak, eta arma kaskarragoekin eta eskura zuten guztiarekin egin zuten gerra Errepublikaren aldekoek", azaldu du Muguruzak. Errepublikaren aldeko soldaduek arma eskasagoekin baina "gogo, ausardia eta borondate handiarekin" jardun zutela erakusten du Islada Ezkutatuak-ekoen aurkikuntzak, taldekideek azaldu dutenez.

Aurkitzen lehenengoak

Iturgintzako hodiekin eginiko granaden aurkikuntzari, kopuruak ez ezik, arma horiek erabili zituzteneko datak ematen die garrantzia. Izan ere, jakina zen Errepublikaren aldeko soldaduek halakoak erabili zituztela, eta Eibar inguruko frontean aurkitu zuten halako bat. "Baina fronte hori geroagokoa da, 1936ko urritik 1937ko udaberrira artekoa. Guk aurkitutakoak 1936ko udakoak dira, gerra hasi eta hilabete eta erdi eskasera".

Granadak non egiten ziren zehatz jakiterik ez dagoela dio Muguruzak. Baina hainbat pista badituzte. "Manuel Chiapuso historialariak idatzi zuen nola Oriako Hilaturas de Brunete enpresan Valentin Garciak fabrika bat atondu zuen granadak-eta egiteko. Eta frontea hortik kilometro batera dagoela kontuan hartuta, normalena litzateke handik ekartzea. Zuten pisua kontuan hartuta, ez dugu uste urrunagotik ekartzen zituztenik —600 gramo eta 1,7 kilo arteko pisua dute—".

Granadak Orian egiten zituztela pentsarazten duen lekukotza bat ere badu taldeak. "Pertsona batek azaldu zigun nola bere aitonak kontatzen zion fabrikako atzeko aldean frogak egiten zituztela granadekin". Azkenik, Frantziako L'Illustration aldizkariaren artikulu bat eta argazki bat baliatzen dute tesi horri eusteko. "Aldizkari horrek hainbat kazetari bidali zituen gerrara, eta argazki batean hainbat pertsona ageri dira granada hauek eskuetan dituztela. Donostiako frontearen inguruan kokatzen dute argazkia, zehaztasunik eman gabe. Baina lotura garbia da".

Orian kolore eta ideologia askotako jendea mobilizatu zen Errepublikaren alde. "Oraindik gerra ondo finkatu gabe zegoen, eta jendea alderdi eta sindikatuekin mobilizatu zen: Euzko Gaztedikoak, anarkistak, sozialistak, abertzaleak, ANV, ELA, Eusko Nekazarikoak... nahasketa handia izan zen".

Islada Ezkutatuak taldekoek lanean jarraitzen dute gerraren ondorioak azaleratzeko. Ez dute aurkikuntza gehiago egitea baztertzen, eta aurkitutakoak ezagutarazten ere jarraituko dute, testigantzak biltzen... Eta, larunbatero, lurpeko metala topatzeko makinarekin, gerraren aztarnak bilatzen jarraituko dute. "Lurpean dagoela azalera ateratzen segituko dugu".

Hemen lan egiteko lanean

Hemen lan egiteko lanean

Itsaso Andueza EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko lehendakariak "kezkatuta" hitz egiten du Adegiko presidente Pello Gibelaldek urriaren hasieran egindako adierazpenen harira. Ez dio balio gazteei buruz esandakoak esan eta gero barkamena eskatzeak. ...

Akabukoa abiapuntu

Akabukoa abiapuntu

Ainhoa Larrabe Arnaiz Lau hilabete Zegaman (Gipuzkoa) eta lau Plentzian. Horrela bizi zen ikasturtean zehar Mikel Etxezarreta 12 urte bete zituen arte. Artaldeak eramaten zuen Uribe Kostara. Negu hotzetik ihesi, Urbiako larreetatik itsasaldera egiten zuen urtero familiak, ardiak giro epelagoan gordetzeko. 30 urte baino gehiago joan dira ordutik, eta orain ere artzain bada ere, atzean...

Kirol inklusiborako bidean

Kirol inklusiborako bidean

Hamabi urte dira Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa kirola egiteko aukera bermatzen ari dela. Alicia Figueroa federazioko teknikariak dioenez, prozesuaren hasieran konturatu ziren urritasunak dituzten haurrek kirola egiteko paradarik ez dutela, eta...

Euskaldunak %60 izango dira

Euskaldunak %60 izango dira

Donosti Buseko gidarien lan poltsa osatzeko akordioa erdietsi dute UGTk eta Donostiako Udalak. Iaz hasi zen lehiaketa publikoa, eta EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zuen; auzia desblokeatu egin dute EAJ eta PSE-EEren udal gobernuak eta UGTk, baina Dbusen euskalduntzeari eta hizkuntza eskubideak bermatzeari begira, atzera egitea dakar.

Izan ere, 2014ko otsailean, EAJ, EH Bildu eta Kurpil sindikatuaren botoekin, gidari berriek euskara derrigorrezko izatea erabaki zuten; baina aurrerantzean, akordio berriarekin, soilik gidari berrien %60 izango dira euskara gaitasuna egiaztatua dutenak. Batez besteko hori handitzen joango da hurrengo deialdietan, baina gehienez %70era helduko da, muga hori jasotzen baitu akordioak.

2014ko otsailean erabaki zuen Dbuseko administrazio kontseiluak lan poltsa osatzeko baldintzak aldatzea. Euskara derrigorrezko bihurtu zen gidari berrientzat, eta euskarazko azterketa gainditzen ez zuena ez zen lan poltsan sartuko.Ordu arte, azterketaren %5 balio zuen euskarak.

Auzitegietan

2014ko martxoan hasi ziren probak egiten, eta 45 lagunek gainditu zituzten lehen azterketak. Euskara proba egitekotan ziren EAEko Auzitegi Nagusiak deialdia baliogabetu zuenean. UGTren helegite bati erantzunez etorri zen epai hura, eta aurtengo otsailean beste ebazpen batek berretsi egin zuen lan poltsarako deialdia baliogabetzeko erabakia.

Lehen ebazpenak, Donostiako Lan Arloko 2. Auzitegiarenak, deialdiaren oinarrietan "funtsezko aldaketa" egin zela zioen, eta auzitan jartzen zuen euskararen derrigortasuna, esanez gidarientzat euskara ez zela ezinbestekoa.

Donostiako Udalak eta Kurpil, LAB eta ELA sindikatuek epai horri jarritako helegitearen ondoren iritsi zen bigarren epaia. EAEko Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salaren epaiak berretsi egin zuen deialdi publikoaren baliogabetzea, baina Garbiñe Biurrun epaileak idatzitako epaiak soilik araudiaren "funtsezko aldaketaren" argudioari eutsi zion. Euskara ezinbesteko baldintza izatearen egokitasunari buruzko ebazpena lan arloko auzitegiari ez zegokiola jasotzen zuen Biurrunen epaiak.

Gatazka desblokeatu

Dbusek 350 gidari inguru ditu, eta batik bat haien ordezkapenetarako behar dituzte gidari berriak. EAEko Auzitegiaren epaiaz geroztik, aurreko deialdia etenda gelditu zen, eta Lanbidetik hartu dituzte gidari berriak. Orain, prozesua hasieratik abiatuko dute berriro, eta Lanbidetik hartutako gidariek zein 2014ko deialdiaren lehen probak gainditu zituzten 45 hautagaiek gainerakoekin batera egin beharko dituzte probak.

Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak (EAJ) eta Miren Azkarate Euskara zinegotziak (EAJ) parte hartu dute UGTrekin izaniko negoziazioetan, eta Aranarekin hitz egin du Hitza-k gaiari buruz. "Guk printzipioz euskara derrigorrezko izatea babestu genuen, baina auzitegiek bertan behera utzi zuten baldintza hori ezartzen zuen deialdia, eta gatazka desblokeatu beharra zegoen". Aranaren hitzetan, Dbusentzat arazo larria zen deialdia etenda egotea —ordezkapenak egiteko arazoak, ordu estra kopuru handia eta 2016ari begira jarri beharreko linea berrietarako gidari falta—, eta "ezinbestekoa" zen kontrataziorako bidea irekitzea.

"Hautatu dugun bidea, beraz, langileen ordezkaritza handiena duen sindikatuarekin negoziatzea izan da". Aranak ez du uste "atzerapausoa" denik. "Izan ere, auzitegiek euskararen derrigortasuna baliorik gabe utzita, hutsean geunden, ez zen batere aurrerapausorik eman; eta, ondorioz, akordio honek aurrerapausoa dakar, gidari berrien %60k hizkuntza eskakizuna izango dutelako, nahiz eta hasiera batean EAJk hori baino gehiago nahi zuen". Hala, lehentasuna akordioari eta arazoa desblokeatzeari eman diotela dio Aranak.

EH Bilduren ordezkaria da Asier Jaka zinegotzia Dbusen administrazio kontseiluan, eta, haren iritziz, "atzerapausoa handia da". "Gidari berrien %40k ez dute hizkuntza eskakizuna izango, eta horrek urte mordo baterako hipotekatzen du Dbusen euskalduntzea eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzea". Jakaren arabera, administrazio kontseiluak gaiari buruz egindako bileran argi gelditu zen akordio berria hankamotz gelditzen dela. "Bileran administrazio kontseiluko idazkari nagusiak berak nabarmendu zuen erabaki honekin Dbusek ez duela betetzen hizkuntza eskubideei eta euskararen normalizazioari dagokion egungo araudia; osoko bilkurak aho batez onartua duen 5. Euskara Plana ere ez du betetzen".

EAJren jokabidearekin oso kritiko agertu da Jaka. "Izan ere, aurreko legealdian EAJ eta EH Bildu ados geunden ezarri beharreko irizpideei dagokienez, eta orain negoziazioa erdi ezkutuan eraman dute. EH Bilduk Diario Vasco-n irakurrita izan zuen akordioaren berri, eta ez zait iruditzen hori denik sozietate publiko batek izan behar duen funtzionamendua". Larria irizten dio EAJren jokabideari, eta "are larriagoa jokoan herritarren hizkuntza eskubideak daudelako".

Dbuseko LAB sindikatuak ere arbuiatu du hizkuntz eskakizunen inguruko akordioa. "LABen iritziz, Donostiako hiri autobus bat hartzen duen pertsona orok euskaraz artatua izateko eskubidea bermatua izan behar du, eta, ondorioz, ezin gara pozik egon EAJren eta UGTren arteko akordio honekin", azaldu du LABek prentsa oharrean. "Euskaraz ez dakien gidari gazte bat kontratatzeak bidaiarien hizkuntza eskubideak urratuko ditu hurrengo urteetan".

Atez atekoa, edukiontzira

Atez atekoa, edukiontzira

Hondakinen kudeaketa. Horixe joan den maiatzeko udal eta foru hauteskundeen kanpaina eta hauteskundeetako emaitzak goitik behera markatu zituen gaia. Gipuzkoan atez ateko sistema duten hainbat herritan gai erabakigarria izan zen hondakinen bilketarena; eta EAJk eta PSE-EEk EH Bilduri irabazitako herrietan udal gobernuek mahai gainean duten lehendabiziko gai potoloa da bilketa sistemarena. Batzuek hartu dute atez atekoa kentzeko erabakia jada, beste batzuek galdeketa prestatzeari ekin diote, eta badira oraindik erabakitzeko duten herriak ere.

EH Bilduk aurreko legealdian atez ateko bilketaren alde egindako apustua polemika iturri izan zen legegintzaldi osoan, eta EH Bilduren kontra erabilitako argudio nagusietako bat bilakatu zen EAJ, PSE-EE eta PPrentzat. Inposaturikoa, zikina, garestia, ezerosoa... adjektibo ugari jarri zizkioten atez atekoari, eta hiru alderdiek atez ateko bilketa sistema kentzea jarri zuten jomuga gisa.

Uda igaro da, gobernu berrien lehen 100 egunak igaro dira, eta EAJren eta PSE-EEren esku dauden udal gobernuak hasi dira urratsak egiten. Gipuzkoako Hitza-k atez atekoa duten eta gobernu aldaketa izan duten herrietara jo du, atez ateko sistemarekin zer egingo duten jakiteko.

PASAIA

Atez ateko sistema kenduko duen lehen herria da Pasaia. Gobernua osatzen duten bi alderdiek, PSE-EEk zein EAJk, hauteskunde programan jasoa zuten atez atekoa kenduko zutela, eta urriaren 27tik hasi eta hilabeteko epean gauzatuko dute aldaketa. Bosgarren edukiontzia jarriko dute, giltzarekin. Boluntarioa izango da edukiontzi horren erabilera, eta, printzipioz, ez dute birziklatzen duen herritarrari hobaririk ematea aurreikusten.

Pasaian 2013an hasi ziren atez ateko sistema jartzen, eta 2014ko irailean ezarri zuten sistema herri osoan. 2014ko azken hiruhilabeteko datuak —Pasaia osoa hartzen dutenak— orduan EH Bilduren esku zegoen Pasaiako Udalak eman zituen: birziklatze tasa %76,6ra igaro zen atez ateko sistema ezarriz geroztik. 2012an, birziklatze tasa %32,7koa zen.

ARETXABALETA

Atez atekoari buruzko herri kontsulta egingo dute Aretxabaletan; hala baieztatu dio Hitza-ri udal gobernuak. Erabakia hartuta dagoen arren, oraindik gaia nahiko berde dagoela azaldu dute. Oraindik pauso asko daude emateko herritarrei galdetu arte: galdera zein izango den, zein sistema alternatibo proposatuko den, nola gauzatu galdeketa... Halere, herritarrei galdetu eta haiek erabakitakoa errespetatzeko asmoa du Aretxabaletako Udalak (EAJ).

Aretxabaletan 2014ko uztailean jarri zuten atez ateko bilketa sistema, eta, EH Bilduren udalak emandako datuen arabera, %83,4ko birziklatze tasara iritsi ziren lehen hilabeteetan.

ASTIGARRAGA

EAJren programak herritarrei galdetzea jasotzen zuela, eta horretan buru-belarri dabiltzala azaldu dio Nerea Zusberro Astigarragako Parte Hartze zinegotziak Hitza-ri. Atez atekoa bai ala ez galdetu nahi zuen EAJk, baina, EH Bilduk eskatuta, atez atekoaren ala sistema alternatibo baten arteko aukera egin beharko dute astigartarrek. Sistema alternatibo hori zein izango den erabakitzen ari dira parte-hartze prozesu baten bidez. EAJren aukera txipa duen bosgarren edukiontzia jartzea litzatekeela azaldu du Zusberrok. Herritarrek erabakitzen dutena errespetatuko dutela ziurtatu du zinegotzi jeltzaleak. Galdeketa 2016ko urtarril-otsailean egitea aurreikusten dute.

2013ko apirilean jarri zuten martxan atez atekoa Astigarragan, eta 2014ko birziklatze tasa %84koa izan zen.

BERGARA

2014ko otsailetik biltzen dituzte hondakinak atez ate Bergaran. EAJk du orain gobernua, eta, udalak Hitza-ri adierazitakoaren arabera, datozen asteetan jakinaraziko dute zer egingo duten hondakinen bilketari dagokionez.

Hauteskunde kanpainan gai nagusietako bat izan zen hondakinen bilketarena. Juanje Alberdi alkategaiak kanpainan zera adierazi zuen gaiari buruz: "Iraganeko zorigaiztoko erabakiei buelta emango diegu, bosgarren edukiontzia jarriz, betiere bergararren gehiengoaren erabakiari jarraituz". Azken esaldi horrekin gaia irekita utzi zuen Alberdik.

Atez atekoaren lehen hilabeteetan emaniko datuen arabera, %80tik gorako birziklatze tasak lortu zituzten sistema berriarekin.

ESKORIATZA

2014tik Eskoriatzan atez ate egin dute gaikako hondakinen bilketa, baina sistema hori galdeketara eramango dute. Irailaren 22an egin zuten gaiari buruzko osoko bilkura, eta bertan aho batez onartu zuten galdeketa egitea. Hiru sistema izango dituzte aukeran eskoriatzarrek: lehen aukera atez atekoa izango da; bigarrena, bosgarren edukiontzia; eta hirugarren aukera, mistoa —edukiontzi kolektiboa eta indibiduala—. Galderak zeintzuk izango diren onartuta, urratsak egiten hasiko direla azaldu du Joserra Zubizarreta alkateak. EH Bilduk ere galdeketa egitearen aldeko botoa eman zuen osoko bilkuran.

Eskoriatza Garbia plataformak galdeketa antolatu zuen 2014ko otsailean. Parte hartzea %40koa izan zen, eta %97,9k bosgarren edukiontziaren alde bozkatu zuten.

Atez atekoa ezarri zutenean Eskoriatzako Udalak emandako datuen arabera, %81eko birziklatze tasa lortu zuten lehen hilabetean.

IRURA

EAJren hauteskunde programaren puntu nagusietako bat izan zen atez atekoa kentzea Iruran. Eta udal gobernua jada hasia da horri begirako urratsak egiten. Ana Leunda alkateak Hitza-ri esandakoaren arabera, dagoeneko egin diote eskaera Tolosako Mankomunitateari atez atekoa kentzeko. "Orain, nolako sistema ezarriko dugun erabakitzeko, zain gaude mankomunitateak zer erantzuten digun". Herri galdeketarik ez da egingo Iruran. "Guk programan jarri genuen, eta herritarrek gure programaren aldeko botoa eman zuten; beraz, gure hitza betetzera goaz".

2013ko ekainean jarri zuten martxan atez ateko bilketa sistema Iruran, eta, gorabeherak tarteko, %75eko birziklatze tasak lortu dituzte batez beste.

LAZKAO

Lazkaoko Udalak hartua du erabakia, eta Sasietako Mankomunitateari egina dio eskaera atez atekoa kentzeko. "Oraindik erabakitzeko dago zein izango den sistema, baina aldaketa egin egingo da. Atez atekoa kenduko da, eta bosgarren edukiontzia jarri", azaldu dio Hitza-ri Sasietako Mankomunitateak. Bosgarren edukiontzia txiparekin izango den, giltzarekin edo irekia izango den erabakitzeko dute oraindik. "Lanketan ari gara". Mankomunitatea eta udala ari dira sistema bakoitzaren ezaugarriak eta alde on zein txarrak aztertzen.

2015eko lehen zortzi hilabeteetan, Lazkaoko birziklatze tasa %75ekoa izan da, Sasietako Mankomunitatearen arabera.

LEGAZPI

Atez ateko bilketa sistemak hautsak nabarmen harrotu zituen Legazpin. Mobilizazioak, protestak eta atez atekoaren kontrako plataformak antolatutako herri kontsulta tarteko, Legazpin sistema mistoa ezarri zuten. Herritar bakoitzaren esku dago materia organikoa atez ate atera edo edukiontzi marroira botatzea; errefusa, berriz, soilik atez ate atera daiteke. Sasietako Mankomunitateko datuen arabera, %82koa izan da birziklatze tasa 2015eko lehen zortzi hilabeteetan.

Erik Galvez zinegotziaren (EAJ) arabera, errefusa ateratzeko edukiontzi grisak jarriko dituzte orain herrian. "Eta behin hori probatuta, herritarrei galdetuko diegu. Espero dugu urte amaiera bitartean-edo bi sistemak martxan edukitzea, eta ea urtea amaitu aurretik egin dezakegun galdeketa". Herritarrek erabakitzen dutena errespetatuko dute Legazpin, izan atez atekoa edo izan bosgarren edukiontzia. Baina sistema mistoa kendu egingo dute.

LEZO

Herritarrei kontsulta egingo dien herrietako bat da Lezo. Kepa Garbizu alkateak (EAJ) baieztatu dio Hitza-ri herritarrei galdetu egingo zaiela nolako hondakinen bilketa egin nahi duten aurrerantzean. Hala ere, oraindik galdera zehazteke dutela, baina gaiaren aterabidea udazkenean landuko dutela aurreratu du. Udalaren lehentasunetako bat da hondakinen bilketarena, baina, uda tarteko, gaiari behar bezala eusterik ez dutela izan azaldu du Garbizuk.

2013ko maiatzean hasita ari dira lezoarrak hondakinen gaikako bilketa atez atekoaren bidez egiten. 2014ko urtarrilean Ainhoa Zabalo alkateak (EH Bildu) emandako datuen arabera, hilabete horietan %28tik %85era igo zen birziklatze tasa.

ORDIZIA

Ordizian EAJk ere mahai gainean du atez ateko bilketa sistemaren etorkizuna. Hala ere, alkatetzak Hitza-ri esandakoaren arabera, oraindik ez dute erabakia publiko egin nahi, eta hurrengo egunetan jakinaraziko dute. Sasietako Mankomunitateak, ordea, Ordizian eta Legazpin galdeketak egingo direla adierazi dio hedabide honi. Bestalde, EAJk udaleko osoko bilkuran zein batzordeetan aipatu du kontsulta antolatzen hasteko asmoa.

2013ko uztailean jarri zuten martxan atez atekoa Ordizian. Sasietako Mankomunitateko datuen arabera, 2015eko urtarriletik abuztura bitarteko birziklatze tasa %73koa izan da.

VILLABONA

Iban Agirre Villabonako alkateak (EAJ) azaldu duenez, galdeketa egin baino lehen EH Bildurekin hondakinen bilketari buruzko akordio bat lortzen saiatuko dira. "Gaia adosten ahaleginduko gara, eta posible izango ez balitz, galdeketa antolatuko genuke", azaldu dio Hitza-ri Agirrek. Galdeketaren aukera baztertu gabe, beraz, Villabonan akordioaren bidez konpondu nahi dute hondakinen bilketarako sistemak sortzen duen tirabira.

2013ko ekainean jarri zuten atez ateko bilketa sistema Villabonan, eta, Tolosako Mankomunitatearen datuei erreparatuta, %80 inguruan ibili zen birziklatze tasa 2014. urtean.

ZESTOA

Zestoako Udalean ere mahai gainean dute atez ateko bilketa sistema aldatzea. Josetxo Mendizabal alkateak (EAJ) hedabide honi azaldu dionez, hondakinen bilketarako proiektu bat eskatu dio udalak Urolako Mankomunitateari, eta horren zain dago erabaki bat hartzeko. Hala ere, udalaren helburuak honako hauek direla azaldu du Mendizabalek: "Egutegi eta ordutegien lotura bukatzea; ekonomikoki, oraingo sistema baino merkeagoa izatea; eta gaur egun ditugun sailkako bilketaren batez bestekoak mantentzea, edo igotzea". EAJren aukera bosgarren edukiontzia jartzea litzateke, baina mankomunitatearen erantzunaren zain daude erabaki bat hartu aurretik.

Euriak ez ditu euskaltzaleak izutu

Euriak ez ditu euskaltzaleak izutu

Berria.eus Goizean goiz Donostiatik abiatu den bizikleta martxa batek eman dio hasiera aurtengo Kilometroak jaiari. Usurbilgo Udarregi ikastolak hartu du aurten antolakuntzaren ardura. Eraikin berria dute ikastolan, eta hori ordaintzeko helburuarekin antolatu dute jaia. Hala ere, helburu ekonomikotik harago doan ekinbidea da Kilometroak. Antolatzaileek jaiaren balorazio ona egin dute, nabarmenduz “urte osoko lana borobildu” zutela...

Balioekin ttunttunka

Balioekin ttunttunka

Lotu, josi, heldu. Usurbildarrek hiru hitzokin harilkatu dute Kilometroetako Lotzen Gattunk abestia. Hariak eta sokak asko dira, eta hiru aurtengo jaiaren ardatzak: parekidetasuna, inklusibotasuna eta iraunkortasuna. Atal horiek lantzen aritu dira urte osoan zenbait batzordetan; egindako lanketaz eta igandean izango diren aukerez hitz egin dute lantaldeetako kideek:

PAREKIDETASUNA
Elkarlana eta protokoloa

Neska bat ageri da lantegian, beste neska bat baratzean, eta emakumea da anguletan dabilena ere. Kilometroetako Lotzen Gattunk abestiaren bideoklipean agertzen dira hirurak, "tradizionalki gizonezkoen lan gisa definituak izan diren zereginetan". Garazi Lizaso Manterola (Usurbil, 1992) Parekidetasun Batzordeko kideak dioenez, egunerokoan barneratuta dauden eta, ondorioz, arretarik eskaintzen ez zaien hainbat jokabide hautsi eta bistaratu nahi izan dituzte horrela: "Genero rol edo joerei lotutako estereotipoak, hain zuzen ere". Kantuaren hitzetan ere jarri dute arreta: "Usurbilgo kaleetan horren entzuna dugun hikaren eta horren isil(du)a dugun nokaren aurrean, noka nabarmentzeari eman diogu lehentasuna".

Abestiarena adibide bat baino ez da. Jai ereduen inguruko hausnarketa ikuspegi feminista batetik egin dute, eta eremu ezberdinetan landu nahi izan dute parekidetasuna: antolakuntzan, egitarauan, komunikazioan eta indarkeria sexistaren sentsibilizazioan, horren prebentzioan eta erantzunean.

Eragile feministekin eta instituzioekin elkarlanean lan egin dute, eta, besteak beste, eraso sexisten aurkako protokoloa osatu dute. "Protokoloak ez du biltzen eraso bat izango litzatekeen balizko kasuan horren erantzuna soilik; indarkeria sexistaren sentsibilizazioa, erasoen identifikazioa, ligoteo sanoaren aldeko kanpaina, hau da, prebentzioa ere biltzen du". Igandeari begira, norbaitek eraso sexistaren bat pairatzen badu, jai gune bakoitzeko sorospen postura jotzea aholkatu dute.

Lizaso Manterolaren arabera, orain arteko festaren ereduak "hutsune asko" zituen: "Horren adibide garbia da batzorde batek ez duela landu gaia, eta zehar lerro gisa ere ez dela landu. Ez da inongo irizpiderik kontuan hartu jaialdi parekide bat antolatzeko orduan, ezta egitarauan edota komunikazioan ere". Festak, oro har, "bigarren mailako eremutzat" hartuak izan direla uste du Lizaso Manterolak. "Ez da hala. Jaiak errealitateko balioen adierazleak dira. Azken finean, errealitatearen isla".

Usurbilen beharrezko ikusi dute jaietan ere ikuspegi feminista txertatzen joatea, "egungo egiturazko zapalkuntza guztiei" aurre egiten hastea. "Guk eraikitakoa guk alda dezakegu. Eta, bide horretan, jai parekideen aldeko jardunari ekin nahi izan diogu".

Orain arte gaia "nahiko ikusezina" izanda, parekidetasunaren alorrean urratsak egiten hasteari berari garrantzia eman diote. "Aurtengotik aurrera eraso sexisten gai ikusezina kontuan hartzea, horien aurkako mezuak barneratzea eta erasoak identifikatzea ez litzateke pauso eskasa izango".

Egunean bertan, eremu ezberdinetan txertatuko dute gaia, hala nola emakume eta gizonen presentzia orekatua bermatzen, boluntarioen arteko lan banaketa sexuaren arabera ez egiten eta genero rolak hausten... "Ligoteo sanoaren aldeko kanpaina ikusi eta entzun ahalko da, eraso sexistak identifikatzen lagundu diezaguketen kartelak ere zirkuitu osoan egongo dira, musika taldeetan emakumeen presentzia ere bermatu nahi izan da…". Aurten pauso batzuk aurrera eman dituzten arren, "asko" dago egiteko: "Oraindik bidea luzea da. Emakume eta gizonen presentzia orekatua bermatzetik, taldeen mezu eta edukiak kontuan hartzera egin behar dugu salto, baita genero rolekin amaitzera ere".

INKLUSIBOTASUNA
Denontzako jaia

Pedagogia eta sentsibilizazio dinamika martxan izan du urte osoan Guztiok Gattunk batzordeak. "Hazitxo batzuk" erein dituzte inklusibotasunean: "Guztiok kontura gaitezen denak gizarte berean gaudela, denok garela horren partaide, eta gauzak egiterakoan, hezkuntzan, lan arloan eta aisian, unibertsaltasunean pentsatu behar dugula". Begoña Izeta (Usurbil, 1964) batzordeko ordezkariak azaldu duenez, hiru eremutan jorratu dute inklusibotasuna batik bat: Udarregi ikastolan, herrian eta Gipuzkoa mailan.

Ikastolan, proposamen pedagogiko bat jarri dute martxan, unitate didaktiko bat ariketa inklusiboekin, Lehen Hezkuntzarako. "Lan garrantzitsua izan da. Lau haizeetara barreiatu bai, baina etxetik hasi behar da". Ebaluazioa egingo dute gero. Horrez gain, kirol egitasmoak ere izan dira ikastolako soinketa klaseetan; adibidez, teknifikazioa landu dute gurpildun aulkian daudenekin batera.

Herria izan da inklusibotasuna lantzeko beste eremuetako bat. Horren adibide da hainbat herritarren artean egin duten Jendartean bidaide antzezlana. Bigarren emanaldia inprobisatu behar izan zuten, eta deiak jaso dituzte beste herri batzuetara eramateko. Gipuzkoa mailan, berriz, dekalogoa aurkeztu die Guztiok Gattunk batzordeak eragileei. "Erantzun polita" jaso dute, atxikimendu ugari; erakundeak ez ezik, enpresak, kirol arlokoak eta abarrak daude tartean.

Gainerako lantaldeek bezala, bilerak egin dituzte urte osoan, eta bertaratu ezin zutenen iritziak posta elektronikoz jaso dituzte. Bide askotatik jaso dituzte ekarpenak; hala ere, arazoak egunerokoan dituztenen aldetik sentsibilizazio gehiago nabari du Izetak: "Ezgaitasuna guztiok daukagu; mota askotakoa izan daiteke, ikusten ez dena ere bai. Baina egia da alaba, iloba edo gizona gurpil aulkian badaukazu egunerokotasuna zaildu egiten zaizula, eta beti ateratzen da kontzientzia gehiago halako jendearengandik".

Egunari begira, zirkuitua guztiontzako egokitu dute. Hala ere, saihetsezinak diren hainbat traba badaude: aldapak. Dena den, ibilbidearen %95ean porlana izango da, gurpil aulkian joateko egokia. Aldapek duten desnibela esku orrietan adieraziko dute: "Ez da gurpil aulkian doana bakarrik; bikiak organ daramatzanak ere planifikatu beharko du bidea". Porlan gabeko bideetan, alternatiba egongo da: laguntzaileak jarriko dituzte beste bide batzuetatik pasatu eta gero zirkuitura itzultzeko.

Guneetan ere, inklusibotasuna lantzeko zenbait ekintza prestatu dituzte. Bereziki landu dute ikastolen artean egin ohi duten Erronka: aurten, gaitasun ezberdinen neurketa jarri dute deman, joko ezberdinekin; taldeak zabaldu egin dira, frogak banatu... 21 ikastetxek parte hartuko dute, eta denak iritsiko dira finalera; tarteko frogak ez dira filtro izango.

IRAUNKORTASUNA
Ez sortzea helburu

Hondakinik onena sortzen ez dena leloa izan du goiburu Ingurumena eta Garbitasuna Batzordeak. Lantaldearen izenean, Ainhoa Arrozpidek dio (Usurbil, 1973) orain arte garbitasunera mugatu izan dela ingurumenarekin lotutako atala, eta, aurten, hori aldatu nahi dute: ingurumenean eragin, ondoren garbitu beharrekoa ahalik eta gutxiena izan dadin.

Igandeari begira, hainbat neurri edo proposamen egin dituzte ildo horretatik. Usurbilera iristeko, esaterako, bizikleta martxa antolatu dute Donostia eta Usurbil arteko bidegorria aprobetxatuz. 09:30ean aterako da Alderdi Ederretik, 10:15ean pasatuko da Lasarte-Oriatik eta 11:00ak aldera sartuko da Usurbilen.

Jairako produktuak gertuko hornitzaileekin hitzartu dituzte, ahal zuten neurrian; eta festa garaian ere egongo dira aldaketak: freskagarriak ez dituzte aluminiozko latan zerbitzatuko; sagardo, ardo eta txakolinaren botilak berreskuratu egingo dituzte; eta iturriko ura kontsumi dadin, herriko iturriak seinaleztatu, txosnetan iturri gehiago jarri, eta sustapen mezuak zabalduko dituzte. "Botilako uraren beharra multinazionalek artifizialki sortua da. Garestia da botilako uraren iruzurra. Iturrikoa baino mila aldiz gehiago ordaintzen da. Gainera, petrolioz eginda dauden plastikozko botilek gure airea, itsasoa, ibaiak eta lurra kutsatzen dituzte, besteak beste. Usurbilen badaukagu hori saihesteko aukera: iturriko ura, primerakoa, oso ona eta doan".

Edalontziak berreskuratzen ere indar berezia jarri dute. Basoengatik gordailu gisa utzitako dirua berreskuratu ahal izango da gune guztietan, eta, horretaz gain, bereziki festaren bukaeran, edalontziak itzultzeko eskatuko diete festazaleei. "Horrela lortuko da urtero edalontzi berri pila berriro fabrikatu beharrik ez izatea".

Birziklatzeari dagokionez, berriz, sortuko diren hondakinak ez nahasteko "nahikoa baliabide" jarriko dituzte. Hondakin organikoak hiru gunetan egokitu dituzten konpost guneetan jarriko dituzte une berean. Higienearen atalean, komun idorrak egongo dira gune batean: "Zerrautsa botaz dena konposta egiteko eramaten da. Horrela egiten dute Lekornen [Lapurdi] ospatzen den EHZ musika jaialdian. EHZko kideen laguntza izango dugu".

Jaia ahalik eta modurik iraunkorrenean garatzeko ahalegina egin dute. Horretarako, aurrelanketan jarri dituzte indarrak. Kilometroekin lotura duten praktika guztietan, publiko zein pribatuetan, iraunkortasun irizpideak kontuan hartzen saiatu dira; urte osoko ekintzetan ere aintzat hartu dute iraunkortasuna: salmenta puntuetan, herriz herri ibili den puntu ibiltarian eta herrian zabaldu den dendan, adibidez, poltsa berrerabilgarriak banatu dituzte, eta ekitaldietan eta prentsaurrekoetan iturriko ura lehenetsi dute. Maiatzean, Kilometroak Kultur Elkarteak Zero Zabor hitzarmena sinatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, eta, bide horretan, pausoak ematen doaz murrizketan, berrerabiltzean eta birziklatzean.