Gizartea

Sareak josi eta harremanak estutu

Sareak josi eta harremanak estutu

Karmele Uribesalgo
Eskualdeko talde feministak saretzeko sortu zen Buruntzaldeko Neska* Gazteak taldea. Harremanak sendotu eta esperientziak partekatu nahi dituzte talde hori osatzen duten dozena bat partaideek. Mugarri izan ziren irailean Andoainen, H...

“Garbi dago eskola ez dela nahikoa”

“Garbi dago eskola ez dela nahikoa”

Miren Garate

Ahobiziak eta belarriprestak izan ziren protagonista 2018ko Euskaraldian. Bi figura horiek ezagunak ziren aurretik ere Lasarte-Orian, 2016an herrian egindako 40 egun euskaraz egitasmoan erabili baitziren lehen aldiz. Euskaraldia 16 urtetik gorakoentzat zegoen diseinatuta berez, baina Lasarte-Orian lehentasuntzat hartu zuten nerabeekin lanketa bat egitea, eta egitasmoa haiei ere egokitu zieten, ikerketa-ekintza formatuan. Ateratako emaitzak Nerabeak Euskaraldian liburuan jaso dituzte —Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Diputazioak, Lasarte-Oriako Udalak, Oriarte institutuak, Ebetek eta Ttakun kultur elkarteak hartu dute parte—. Azken horretako langilea da Jon Pello Artetxe, eta, erabilera areagotzeko, beharrezko ikusten du eskolaz kanpoko jardueretan ere euskarak presentzia izatea.

Ahobizi eta Belarriprest figuren diseinua nerabeen hizkuntza-ohituretan eragiteko eraginkorra al den ikusi nahi zenuten. Kuantitatiboki, lortu al zuen Euskaraldiak nerabeek euskara gehiago erabiltzea?

Bai, ikusi zen erabilerak dezente egin zuela gora. Ez da komeni datu horiekin gehiegi txoratzea, neurketa egiteko gazteek beraiek erantzundako galdetegiak erabili zirelako eta egin duzuna baino pixka bat gehiago egin duzula esateko joera egon daitekeelako, baina paperean emaitzak oso onak izan ziren. Euskaraldia amaitu eta pare bat hilabetera, beste erronda bat egin zen, eta, hasierako aparra jaitsita zegoen arren, Euskaraldiak eragindako hobekuntzak jarraitu egiten zuela ikusi zen.

Eta kualitatiboki nola bizi izan zuten gazte horiek Euskaraldia?

DBHko lehen eta bigarren mailakoek eta batxilergokoek batzorde bana sortu zuten, eta horiek institutu mailan nahiz herri mailan aktibazio lan interesgarria egin zuten. Batzorde horietan parte hartzea borondatezkoa zen, eskolaz kanpoko zerbait: ahalduntzea eskatzen zien partaideei. Aktibazio horrek gerora ere jarraitu zuen, esate baterako, handik hilabete batzuetara egindako Korrikan.

12-18 urte artekoekin egin duzue lan. Horietatik ia guztiek dakite euskaraz Lasarte-Orian. Hala ere, nerabeen artean Belarriprest figura indartzen ahalegindu zineten. Zergatik?

Belarriprest figura indartu nahi izan genuen Ahobizi figurak izan zezakeen karga arintze aldera. Alabaina, Belarriprest aktiboak bilatu genituen, hau da, erabilerarako ere prestutasuna izango zutenak, aldi berean Ahobizi izate horrek edukiko zuen derrigortasunaren karga gutxitu nahian edo.

Egindako ikerketaren emaitzetako bat izan da nerabeei gehiago kostatzen zaiela talde handietan euskaraz hitz egitea bizpahiru lagunen artean baino. Zergatik izan daiteke hori?

Lasarten igotzen ari dira ezagutza ehunekoak, eta nerabeen artean ia-ia unibertsalizatu ere egin da euskararen ezagutza. Alabaina, gehiengo handi batek gaztelania du oraindik ere lehen hizkuntza, eta, nahiz eta horietako askok euskaraz ere egiten duten, badago gaztelaniara jotzeko berezko joera bat, batez ere eremu informaletan. Orduan, euskaraz aritzeko joera handiagoa duen jende horrek ere askotan lagunarte erdaldunxeagoetan egin ditu kuadrilla naturalak, eta hor binakako edo hirunakako euskarazko elkarrizketak errazagoak dira taldean egindako euskarazko elkarrizketak baino.

Hobetu beharreko zer identifikatu duzue?

Garbi dago eskola ez dela nahikoa. Kirola Euskaraz eta horrelako programa batzuk sortu ziren orain sei-zortzi urte, erabat deskafeinatuta daudenak, baina eskolaz kanpoko jardueretan —futbolean, saskibaloian, dantzan, antzerkian...— behar-beharrezkoa da euskararen presentzia, gazte horiek heldu erreferente euskaldunak ere izan ditzaten. Bestela, eskolako irakasleak edo eremu oso formalei lotutako erreferentziak bakarrik izaten dituzte gazte horiek.

Komunikazio digitalak ere pisu handia du nerabeen artean. Arlo horretan egiten duten euskararen erabilera ikertu al duzue?

Orduan ez, baina aurten badago zerbait egiteko asmoa. Programa zabala da Nerabeak Euskaraldian, eta zati bat Oriarte institutuan egiten da. DBHtik batxilergora arteko programa bat dago, Elemeleka izenekoa, eta aurten, DBHko hirugarren eta laugarren mailetan hiruzpalau saio egingo dituzte, komunikazio digital hori erdigunera ekartzeko eta ikusteko gazteek zer eduki kontsumitzen dituzten, euskarak zer presentzia duen horietan eta abar...

Bestelakoan, zer egiteko asmoa duzue aurtengo Euskaraldiari begira?

Zikloka, programazio ezberdinak ditugu pentsatuta, eta DBH1etik batxilergora arteko ikasle guztiengana iritsiko gara. Saio horietatik abiatuta, ea euskara batzordeak sortzen ditugun, eta batzorde horietatik zenbateko aktibazio maila lortzen dugun. Euskaraldiaren heldulekuaren bidez, gazteak motibatzea nahi dugu.

Dorreak eraiki, potentzia igota

Dorreak eraiki, potentzia igota

Laida Goiburu

Obretan ari dira Itsasoko argindar zentralean. Gueñes-Itsaso goi tentsioko linearen harira, 400.000 volteko bi poste eraikiko ditu zentralean Red Electrica de Españak, 70-80 metro ingurukoak. 72.427 metro izango ditu lineak, eta, batez ere, 24 udalerriri eragingo die. Itsasoko Udalak "kezka" agertu du zentraleko potentzia handitzearen inguruan.

Digitala eta humanoa, batuta

Digitala eta humanoa, batuta

Ikerne Zarate

Humanitate digitalak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da hilaren 10ean UEU Udako Euskal Unibertsitateak eta Errenteriako Udalak elkarlanean antolatu duten Errenteria 700 urte: herria eta teknologia jardunaldiaren bidez. Teknologia sortzen, erabiltzen eta eraldatzen doan heinean, izakia bera ere eraldatzen ote doan aztertzea dute egiteko nagusietako bat humanitate digitalek, beste askoren artean. Jardunaldien itzaletik ariko da Xabier Landabidea ikerlari, irakasle eta UEUko kidea; hura izan da Errenteriak hartuko duen jardunaldiaren sustatzaileetako bat. "Errenteriak bere historia luzean zehar bizi izan dituen eraldaketa teknologiko eta sozial handien gaineko hausnarketa zabalduko dugu, nondik gatozen, nor garen eta bereziki etorkizunean izan nahi dugunaren inguruan elkarrekin hausnartzeko", azaldu du Landabideak.

<

Lankidetza platerkada bat

Lankidetza platerkada bat

Karmele Uribesalgo
Donostiako Herreraauzoan martxanjarri duten proiek-tu komunitarioada Sucalde. Auzo-tarren jateko beharra asetzen la-gundu nahi du proiektuak. Kon-tsumo kolektibizatuaren bitartez,herritarrentzako jakiak prestatu eta kostuak parte hartzaileen ar-tean ordaintzen dituzte. Uztailean lau asteko probaldi bat egin ostean, bigarren txanpari hasiera emango diote urriaren 12an; hamar astez laurogei partaideri jaten ematea da asmoa.

Pentsio duinak izatea baino gehiago nahi dute erretiratuek

Pentsio duinak izatea baino gehiago nahi dute erretiratuek

Aitziber Arzallus
Bi urte eta zortzi hilabete pasatu dira Gipuzkoako erretiratu eta pentsiodunak kalera ateratzen hasi zirenetik. Koronabirusak behartuta etxean egon behar izan duten denboran salbu, astelehenero-astelehenero elkartu dira herrietako plazetan pentsio duinak aldarrikatzeko. Eta ikasturte berriarekin batera, berriz heldu diete asteroko elkarretaratzeei. "Ez gaude etxean egoteko", esan du Miren Odriozola Azpeitiko Jubilatuen eta Pentsiodunen Plataformako kideak. "Inoiz baino gogo eta indar handiagoarekin" daudela ziurtatu du, "inoiz baino behar handiagoa" dagoelako. Horren erakusgarri da Urola Kosta eskualdeko 150 bat erretiratu eta pentsiodunek astelehenean Zumaian egin zuten manifestazioa.

Aste oso bat hutsa betetzeko

Aste oso bat hutsa betetzeko

Julen Aperribai

Geroratutako jaien zerrendara batu ziren ikastolen aldeko jaiak joan den maiatzean, baina Ikastolen Elkarteak abuztuan jakinarazi zuen aurten ez dela halakorik izango. Pandemiak eredu batetik besteranzko trantsizioan harrapatu du Kilometroak jaia, lau urteko hausnarketa prozesuaren ondoren jaialdia egiteko modua aldatzea erabaki baitzuten antolatzaileek. Urte osoko lanaren uzta egun eta herri bakar batean jaso ordez, eskualdeka jaialdi txikiagoak egitea erabaki zuten, urriko jai nagusiari eutsiz, betiere. Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolari zegokion eredu berriaren gidaritza, eta bertan ziren egitekoak jai nagusia, igande honetan. Ez da horrelakorik izango, baina, jairik ezean, aste osoko egitaraua osatu dute, Kilometroak Astea izenekoa.

Bakardadea ere osasunaren etsai

Bakardadea ere osasunaren etsai

Miren Garate

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bakardadea-K. Gipuzkoan pertsonak konektatzen estrategiaren barruan, azterketa kuantitatibo bat egin dute, herrialdean dauden bakardade profilak aztertzeko asmoz. 55 urtetik gorako 2.050 pertsonako lagin bat hartu dute, eta ateratako emaitzetako bat hau izan da: %5,5ek esan dute bakarrik sentitzen direla —15.000 lagun lirateke—. Inkesta berean, zeharkako bakardadea edo bakardade pribatua ere neurtu dute.

Izokinik ez doa Urolan gora

Izokinik ez doa Urolan gora

Aitziber Arzallus
Bidasoa eta Oria ibaietan badira izokinak; Urola ibaian, ez. «Hori esaten dute, baina ez da guztiz egia», dio Aitor Leiza Naturkon Gipuzkoako natur talde eta talde ekologisten elkarteko kideak. «Urola ibaira ere sartzen dira izokinak; neure begiekin ikusia naiz», baieztatu du. Arrantzale batek erakutsi zion izokin bat Leizari, Zumaian, Urola ibaia itsasoratzen den lekuan. «Arrantzan ari zela harrapatu zuen, eta atzera berriz uretara bota zuen», kontatu du. Baina, orduan, zergatik ez doaz ibaian gora? Argi du erantzuna: «Ezin dutelako, bidean oztopoak besterik topatzen ez dituztelako».

Bi gurpilen arte berria

Bi gurpilen arte berria

Urko Etxebeste

Sailka dute antolatua elkartearen egoitza. Txukun. Sarreran, tailerra; ondoko aretoan, erabilgarri dauden bizikletak —bidaietarako, hobeak; bestelakoak, ondoan—; horren ezkerreko gelan, iritsi diren bizikletak sailkatzeko gunea dago, eta, harago, sormenerako laborategia, proiektuen txokoa. Bosgarren aretoa balioaniztuna da: bulegotxoa eta ikastaroak emateko eremuak daude. Lokalak badu metro koadro mordoska, baina bazkideak ezin dituzte onartu oraingoz, ez dituelako elkarteen legediari buruzko arau guzti-guztiak betetzen. Berri bat izango dute aurki. Horiek guztiak Errenteriako Gurpil Artea elkartearen gune sozialaren ezaugarriak dira. Bizikletan ibiltzera eta gailuei bigarren aukera bat ematera bideratu dute dena, ikuspegi sozial batetik, betiere. Elkartean boluntario lana egiten dutenek euren jarduna ez dute ulertzen gizarte onurarako ez bada.