Aitziber Arzallus
Egutegiak dio bi aste barru iritsiko dela uda, eta kostaldeko herrietan ari dira urtaro berrirako egokitzapena egiten. Barrualdeko herrietatik hondartza gosez doan jende oldea hartzeko prest dituzte zerbitzu eta azpiegitura gehienak, eta zenbait herritan piztu dituzte TAO makinak ere (Trafiko eta Aparkamenduaren Ordenamendua). Zarautz eta Orio izan dira horretan aurrenak, eta datozen egunetan gauza bera egingo dute beste guztiek, Gipuzkoako kostaldean ez baita herririk udako sistema hori ez duenik. Zumaia izan zen ezartzen azkena, duela bi urte, eta Oier Korta jarduneko alkateak "oso balorazio positiboa" egin du: "Herria ordenatuago ikusten da, eta nabarmen jaitsi da atzera eta aurrera bueltaka ibiltzen den auto kopurua. Definituta daude TAO guneak, eta egoiliarren guneak ere bai; aurrerapauso handia eta garrantzitsua izan da mugikortasunaren ikuspegitik".