Danel Agirre
Berriemaile —patetiko samar— gisa eman ditudan orain arteko bi hamarkadek highlight bakarra laga dute, baina munta handikoa: izan ere, Michael Jackson hil, eta nik kontatu nion Xabier Saldiasi. 2009ko ekainaren 26 gaueko ordu bata aldera, kuadrillakoak sanpelaioetako txupinazo ondorengo kalejiran Joshe Marira iritsi eta gutxira, telebistak ohiko programazioa eten zuen Los Angelesetik zetorren abisua pasatzeko. Zurbil geratu ginen, Poparen Erregeak Bad diskoa atera zueneko azal tonalitatearekin, hain zuzen ere; edo hor nonbait. Kanpoaldean, Musika plaza zentrifugatzen ari zen Egan, eta, ordu txikitan soilik eskuratu ohi den buru-argitasunarekin, premiazkotzat jo nuen bizirik geratzen zen abeslari handienetakoa jakinaren gainean ipintzea. Ez zen une aldrebes samar bat probokatzearen irrika izan, are gutxiago eszenak Hitzarako eman zezakeela pentsatu nuenik (zutabe bat izatea ameskeriatzat nuen hartan, ez zizkioten, orain bezala, edonori ematen). Funtsean, komunitatearekiko ardurak mugitu ninduen, ez beste ezerk.