gipuzkoa

[Herriz herri] Antzuola. Balioa ez da dirutan bakarrik neurtzen

[Herriz herri] Antzuola. Balioa ez da dirutan bakarrik neurtzen

Maite Alustiza

Proiektuez eta asmoez hitz egitean, dirutan pentsatzen dugu beti". Beñardo Kortabarria Antzuolako alkateak dioenez, udalak badauzka martxan aurrekontuan jasotako hainbat inbertsio, noski, baina baita "dirutan neurtzen ez diren" beste zenbait kontu ere.

Ur parke bat egitea da, dirutan, udalaren asmo handiena. "Ez daukagu igerilekurik, eta, modu honetan, uda aldean gune bat izateko aukera emango diegu gaztetxo eta familiei". Sagasti auzoan jarriko dute, eta eskuz sakatuta martxan jartzen diren ur jolasak izango ditu. "Jauregiko kontuak astiro" doazen arren, alkateak ziurtatu du uztailerako prest izango dutela, eta ahal bada, ekainerako, uda hasterako.

Ur parkearena "obra bat da, azken finean". Bestelako balioa duten egitasmoen artean udalekuak aipatu ditu Kortabarriak. Urtero egiten dituzte, eta askotariko balioak sustatzen dituzte: euskaraz aritzen dira, haurrek elkarren artean jolasten dute... Aurten, gainera, "esperimentu txiki, polit eta merke bat" egingo dute: Aiherra (Nafarroa Beherea) herriko haurrak gonbidatuko dituzte udan. Bi herriak senidetuta daude 1984tik, eta Antzuolan bada Iparraldeko herri horren izena duen kale bat ere. "Konturatu gara senidetza hori belaunaldi batean badagoela, baina hortik aurrera ez dagoela sekulako harremanik. Ezagutza bultzatu nahi dugu, aste batez edo pare bat astez hemengo etxeetan egon daitezela... Harremanak asko sendotu daitezke". Senidetu zirenetik, ekintza ugari egin dituzte bi herriek; adibidez, Gaubela aihertarren jaia Antzuolan egin izan dute, eta Aiherratik Antzuolara arteko maratoia ere egin zuten: 140 kilometro, 24 orduan, eskuz esku lekuko bat eramanez.

Gaur egun, 2.180 biztanle inguru ditu Antzuolak. "Gorago" egon zen. Kortabarriak dioenez, inguruan etxeak garestitu, eta kanpoko jendea herrira joan zen bizitzera, baina gero askok martxa egin dute berriro.

Bergara oso gertu dute, baina "oinarrizko zerbitzu denak" badituzte herrian. Tamaina txikia izateak, gainera, bestelako aukera batzuk ematen dizkie. Aurten, esaterako, martxan jarriko dute lehen sektoreari begirako proiektu pilotu bat. "Helburua izango da jakitea ea Antzuolan posible izango litzatekeen baserritik bizitzeko bideak irekitzea". Udalak beste hiru erakunderekin jardungo du, elkarlanean: Gipuzkoako Diputazioarekin, Eusko Jaurlaritzako Hazi departamentuarekin eta Debagoieneko Landa Garapenerako Elkartearekin. Aurten diagnostikoa egingo dute, eta horren arabera zehaztuko dute zein bidetatik jo beharko litzatekeen lehenengo sektorea indartzeko. Egin daitezkeen egitasmoen artean, adibide bat jarri du: "Goizper enpresara joan —han egunero 200 bazkari ematen dituzte—, haiekin hitz egin, eta proposatu: Zergatik ez dituzue erabiltzen Antzuolako baserritarren produktuak zuen menuan?". Antzuolak daukan tamaina edukita, kontrolatzeko eta bideratzeko moduko proiektu bat da, Kortabarriaren ustetan: "Gertutasunak ematen du horretarako aukera, eta, hain zuzen ere, horregatik aukeratu dute Antzuola".

Azpiegituren atalean, eskola handitzeko proiektu bat dute bidean. "Oraingoa justu xamar dago". Dagoeneko adostua dute Hezkuntza ordezkaritzarekin lanak hurrengo udan edo bi uda barru hasiko direla. Kortabarriak uste du komenigarria dela eskola handitzea, daukaten ikasketa sistema kontuan hartuta: "Konstruktibismoan oinarritutakoa da, hau da, haurrek gaiak lantzen dituzte, eta, horren arabera, edukiak. Bakoitza bere irtenbideak topatuz doa, irakaslearen laguntzarekin. Halako sistema batek espazio beharrak-eta ezberdinak dauzka". Behar horiek aintzat hartu ditu Hezkuntza Sailak handitzea onartzeko.

Autobidearen ondorioak

Autobidearen obrek eragina dute herrian: "Hankaz gora dago ingurua, mendia puskatuta dago, dena suntsitu da, eta zain gaude. Badakigu gertatzen diren gauzak direla, eta, oraingo honetan, guri tokatu zaigu". Aldundiaren aurreikuspenen arabera, Antzuola eta Bergara lotzen dituen errepidean urte amaierarako hasiko dituzte lanak, eta 24 hilabete iraungo dute. Horrela, osatuta geratuko da Gipuzkoako Biribilgunea errepide sarea.

Kaltea "itzela" da herriarentzat: "Estetikoa, urekin lotutakoa, lur mugimendu asko izan da...". Baina, horretaz gain, beste azpiegitura eta zerbitzu batzuk ere kaltetzen ditu: "Autobidea egiten dutenean, herri ondotik pasatzen den trafikoaren parte bat handik joango da, eta, gainera, hori egiten den egunean, Bergara-Antzuola bidegorria egingo da. Gas naturalaren hoditeria ere, Bergaratik Antzuolara ekartzeko, horrekin batera doa".

Garraio loturei dagokienez, berriz, ez dute "aparteko arazorik" Iruñera, Gasteizera, Bilbora eta Donostiara joateko. Eskualdean mugitzeko, martxan daukate zerbitzu zirkularra: Antzuola, Bergara, Oñati, Urretxutik buelta... Zirkularra abian jarri zutenean, areagotu egin zizkieten zerbitzuak, baina, egun, "arazotxo bat" dute Antzuolatik Bergarara joan nahi izanez gero. "Bergarara hiru kilometro daude, zazpi bat minutu autobusean. Baina zazpi minutu izan daitekeena hogei minutuko bidaia bihurtzen da. Iristen da Bergarara, pasatzen dira geltoki ondotik, eta ematen diote buelta osoa Bergarari". Kortabarriak azaldu duenez, ez dago prestatuta norabide horretan jendea jaitsi ahal izateko; auto ilarak sortzen dira, jaisteko tokia ere ez da segurua... Horregatik erabaki zuten aldatzea. Arazoa konpontzeko eskatu du udalak.

Bestelako kezken artean, hondakin kontuak ditu udalak. Garrantzia ematen dio kale garbiketari, eta baita birziklatzeari ere: "Birziklatzearen aldeko apustu argia egina daukagu, garbi daukagu birziklatu behar dela nahitaez; gainerako guztiak apaingarriak eta negozioak dira. Auzokonposta ere bultzatzen dugu".

Alde horretatik, herritarrak sentsibilizatzeko hainbat ekintza egiten ari dira, "nolabait ere, beraiek parte senti daitezen gauzak ondo egiten ari direla". Buruan ere badituzte beste zenbait: "Plastikoa batzeko eguna, adibidez. Eskolan landu umeekin, antolatu egun bat, herritarrekin plastikoa batu, bereizi..."

“Beste soinu bat lortu dute oraingo bandako kideek”

“Beste soinu bat lortu dute oraingo bandako kideek”

Julene Frantzesena

Aita-semeak dira Jose Luis Frantzesena (Azpeitia, 1942) eta Unai Frantzesena (Azpeitia, 1974). Odolak ez ezik, musikak ere lotzen ditu. Izan ere, Jose Luisek 1986an hartu zuen Azpeitiko Udal Musika Bandaren gidaritza; Unai semeak, berriz, 2007ko irailean eutsi zion aitaren lekukoari, eta bera da egungo zuzendaria. Azpeitiko Udal Musika Banda 150. urteurrena ospatzen ari da aurten, eta aita-semeek bandaren iragan laburreko ibilbideaz hitz egin dute.

150 urte. Erraz esaten da...

JOSE LUIS FRANTZESENA: Bai, urte asko dira. Bigarren Karlistadaren ostean, herri askotan sortu ziren bandak. Herrietako orkestrak dira.

UNAI FRANTZESENA: Beste hainbat bandak ere ospatu du 150. urteurrena. Azkoitikoak, esaterako, datorren urtean beteko du urtemuga. Imanol Elias zenak idatzitako efemerideen liburuan ikusi genuen duela 150 urte bandarako instrumentuak erosteko diru saila jarri zuela udalak. Hura hartu genuen datatzat, baina orain anaia hasi da bandaren inguruko liburua idazten, eta lehenagoko datak agertzen dira artxiboan eta.

Bandan hastean, zerekin egin zenuten topo?

J.L.F.: Zuzendari hasi nintzen, hala proposatu baitzidaten. Kopuruz, banda txikia zen orduan; 22 edo 23 lagunekoa. Bitan banatuta zegoen gainera, eta, poliki-poliki, lortu genuen bat egitea. Ordutik ez da hausturarik izan, eta ikaragarria da hori. Konpromisoa eskatzen du bandak, eta iraun dezan lana egin behar da. Orain martxa onean dago.

U.F.: 15 bat urterekin hasi nintzen ni. Aitak xilofonoa ekarri zuen etxera, eta hura jotzea erraza iruditu zitzaidala esan nion. Bandan hasteko esan zidan, eta halaxe egin nuen. Zuzendari moduan, bederatzigarren ikasturtea dut hau. Dena den, bandan jotzetik hura zuzentzera saltoa dago.

J.L.F.: Zuzendari nintzenean, lehengo jendeak osatzen zuen banda. Bandan bertan pixkanaka ikasitako jendea zen, eta zaila zen errepertorio berria egitea.

Zertan aldatu da musika banda urte guztiotan?

J.L.F.: Aldaketa ikaragarria izan da. Unai zuzendari hasi zenetik, izugarri hobetu da banda.

U.F.: Zuzendari postua hartu nuenean, ikasle guztiak bandako akademiatik musika eskolara bideratzen hasiak ziren. Erabaki hori hartu zen, eta ondo prestatutako gazteak daude orain bandan.

J.L.F.: Batetik, erritmoan hobetu da. Bestetik, afinazioan. Nik, adibidez, ez nuen lortu klarinetea afinatzea; gaizki ibiltzen nintzen beti. Oraingo bandako kideek beste soinu bat lortu dute. Horrez gain, errepertorioa ere aldatu da. Izan ere, orain errazagoa da partiturak lortzea. Gure garaian, partitura asko eskuz eginak ziren, eta fotokopiagailurik ere ez zegoen...

U.F.: Soinua aldatu da, eta perkusio alorrean beste aukera bat daukagu. Instrumentu berriak erosi ahal izan ditugu, eta zaharrak pixkanaka baztertu.

J.L.F.: Udalaren laguntza izan dugu beti. Instrumentuekin ere asko lagundu izan du, eta, eskerrak, ze ni bandan hasi nintzenean zituzten instrumentuak...

Osasuntsu al dago Azpeitiko banda?

U.F.: Bai, ia 60 lagun izatera iritsi gara. Gazteak musika eskolatik datoz, eta haiekin banda gaztea osatu dugu. Kontua da denei ez zaiela ematen bandara sartzeko aukera, ez dagoelako tokirik instrumentu batzuetan, eta ikasle batzuk gogoarekin daude. Unibertsitatean hasten direnean-eta, gazte askok uzten du banda, baina orain 45 bat lagun inguruk osatzen dugu. Dena den, boladak izaten dira. 150. urteurrena dela eta, batzordea dugu osatua, gauzak antolatzeko, eta giro ederra dugu. Bandan garrantzitsuena giro ona edukitzea da.

J.L.F.: Talde guztietan moduan, giro ona izatea da gakoa. 80 urte inguruko hiru kidek, Iñaki Alberdik, Javier Bergarak eta Felix Gurrutxagak, 50 urte egin dituzte, gutxienez. Gainerako gehienak nirekin hasitakoak dira.

150. urteurrenak balio al dizue bandaren historiaren berri izateko?

U.F.: Gutxi gorabeherako historia badakigu, baina gauza asko pasatu dira bandaren ibilbidean, eta horien berri zehatzago izateko balioko du aurten argitaratuko dugun liburuak.

J.L.F.: Bandak gorabehera asko izan ditu. Gaztetxoa nintzeneko San Sebastian eguneko diana baten oroitzapena dut. Gero, zortzi-bederatzi urte egon zen Azpeitia bandarik gabe. Historia jasotzea garrantzitsua da.

Udal musika banda izanik, zer hitzarmen duzue udalarekin?

U.F.: Hitzarmenean egutegia dugu jasoa. Ekitaldi horiez gain, beste pare bat eska ditzake udalak. Dena den, hitzarmena moldatu egiten dugu urtero.

J.L.F.: Hitzarmena 1926koa-edo da, eta, ordutik, Aste Santuko prozesioa-eta kenduta daude. Aldaketak izan dira urtez urte.

Herriko beste kultur taldeekin zer harreman duzue?

U.F.: Saiatzen gara elkarlanean aritzen. Koruarekin, argazki elkartearekin, dantzariekin eta abarrekin egin izan ditugu ekitaldiak, nahiz eta muga bat baino gehiago dugun; batez ere, errepertorio aldetik eta.

Eta beste herrietako bandekin?

J.L.F.: Duela urte asko, Gipuzkoako Banden Elkartea sortu genuen. Bide onetik hasi bazen ere, denborarekin indarra galdu zuen.

U.F.: Harremana dugu hainbat bandarekin. Gainera, jendea behar denean, elkarri deitzen diogu tronpeta-jotzailea edo klarinete-jotzailea behar dugula esanez.

Nola ikusten duzue etorkizuna?

U.F.: Badu etorkizuna, baina lana egin beharko dugu eusteko. Musika eskolan jende asko ari da haizezko instrumentuekin, eta horiek dira bandaren oinarria. Alde horretatik, jarraipena izango duela dirudi.

“Ezin dira alderatu itsasoko uraren onurak iturrikoarekin”

“Ezin dira alderatu itsasoko uraren onurak iturrikoarekin”

Eider Goenaga Lizaso

La Perla talasoterapiatik urtean milioi erdi lagun igarotzen dira: Donostiakoak eta Gipuzkoakoak dira, batik bat; baina baita hiriburura oporraldia igarotzera joandakoak ere. "Donostiara etortzen direnentzat, La Perla bisitatu beharreko hiru tokietako bat da, Igeldorekin eta Aquariumarekin batera", dio Ana Oliva La Perlako Osasun eta Estetika departamentuko zuzendariak (Donostia, 1973). Batzuentzat egun osoko aisialdi aukera izaten da —zirkuitua, masajea eta bazkari edo afaria—, edo pare bat ordurako zirkuituan eguneroko estresa arintzeko modua; beste batzuek, berriz, osasun arazoentzako konponbidea topatzen dute bertan; badira, bestalde, estetikari begirako tratamenduak egiten dituztenak ere. "Ez nintzateke gure bezeroen profil zehatz bat ematera ausartuko, ez dago tipologia jakin bat; denetarik etortzen da hona".

1912an ireki zuten La Perla bainuetxea lehendabizikoz, Espainiako errege-erreginek eta hango gorteak uda Donostian igarotzen zuten garaian. "1936ko gerraren bueltan eten zuen ibilbidea bainuetxe hark, gero diskoteka bat izan zen, eta baita igerilekua ere; donostiar askok han ikasi genuen igerian. 1995ean ireki zituen berriro ateak talasoterapia gisa, eta ordutik ari naiz ni bertan lanean", dio Olivak. Kiroterapeuta eta estetizista gisa hasi zen garai hartan, eta egun departamentuko zuzendaria da. "Baina oraindik izugarri gustatzen zait masajeak eta tratamenduak ematea. Ahal dudanean kabina batean sartzen naiz, bezeroarekin kontaktu zuzenean; niretzat hori terapia bat da".

Itsasoko ura, horixe da La Perlaren lanerako tresna nagusia. "Talasoterapia kontzeptua, izan ere, grekerazko thalassa eta therapeia hitzak batzetik dator, itsasoa eta sendatzea. Alegia, itsasoko ura eta itsasoko elementuak helburu terapeutikoekin erabiltzea; horixe da guk egiten duguna".

Olivak talasoterapia bat eta spa bat ezberdindu egin behar direla nabarmendu du. "Spa hitzak salute per aqua esan nahi du, eta gurean ere ura erabiltzen da osasunerako, baina itsasoko ura erabiltzeak bestelako tasun batzuk gehitzen dizkio. Gerta liteke Madrilgo spa batean eta gurean bainuontzi bera edukitzea, baina urak markatzen du ezberdintasuna; ezin dira itsasoko uraren onurak iturriko urarekin alderatu, eta horixe da spa batean erabiltzen dutena. Osasunari begira, itsasoko urak ematen dio erabilera terapeutikoa". Itsasoko uraren flotagarritasuna eta urak dituen mineralen eta oligoelementuen eragina aipatu ditu Olivak bereizgarri gisa. "Guk itsasotik hartzen dugu ura, eta hondarrak iragazle lana egiten du; gero ur horri beharrezko tratamendua ematen diogu, berotu behar bada berotu egiten dugu, eta bainuontzietara edo tratamenduetara bideratzen dugu. Noski, horrek ez dauka zerikusirik etxeko iturria ireki eta bainuontzia betetzearekin".

La Perlako "izarra" zirkuitua dela dio Olivak. "Europan, hiri batean dagoen zirkuiturik handiena da, eta La Perla ezagutzen duen jende gehienak zirkuitua egin duelako ezagutzen du. Baina talasoterapiako eskaintza osatzen dutenak itsasoko urarekin eta itsasoko elementuekin egiten diren tratamenduak dira: itsasoko urarekin egiten diren masaje eta tratamenduak, Itsaso Hiletik ekarritako lohiekin eta algekin egindako tratamenduak, ur azpiko masajeak...".

120 langile eta hiru mediku

Talasoterapiaren ikuspegi terapeutikoa asko zaintzen dutela nabarmendu du Olivak. "120 langile ditu La Perlak, eta horietako 30 osasungintzarekin lotutako profesionalak gara; eta hiru mediku ditugu, bezeroei azterketak eta jarraipena egiteko". Ildo horretan, gero eta traumatologo gehiagok errehabilitazioa itsasoko urarekin egitea aholkatzen dutela dio. "Jende asko etortzen zaigu hemen inguruko medikuek bidalita. Itsasoko urarekin egiten den errehabilitazioak ez du zerikusirik lehorrean egiten denarekin. Grabitaterik ez dagoenez, ariketak arinagoak dira, giharrak errazago erlaxatu eta minik gabe indartzen dira, uraren eragin analgesikoa baliatzen da... Nik egin dut errehabilitazioa horrela, eta askoz ere azkarrago osatzen da".

Olivak bi aholku eman nahi izan dizkie La Perlako erabiltzaileei. "Zirkuitua egiten duenari, aurretik ura edateko eta amaitzean hamar minutuko atsedena hartzeko; ikusiko du beste gorputzaldi batekin aterako dela, tentsioa jaistea saihestuko baitu horrela. Tratamendu estetiko edo terapeutikoak egin nahi dituenari, zalantzarik gabe, gure profesionalekin kontaktuan jarri eta aholkua eskatzeko; horretarako gaude eta".

Ekintza solidarioa Saharara laguntza bidali ahal izateko

Dena ez da kirola eta lehia hutsa izango aurtengo Goierriko 7 Orduetan, kirol ikuskizunari hasiera ematearekin bat, SEK Saharatik Euskadira Kirolean gobernuz kanpoko erakundeari laguntzeko bizikleta ekintza solidario bat egingo baita. Mikel Azparren d...

Zazpi orduz egur batean

Zazpi orduz egur batean

Iñaki Gurrutxaga

Erronkazaleak dira Ordiziako Emaneurre taldeko kideak. Erronkazaleak, beren buruari berriketa gutxiko lantegia jartzen diotelako, eta erronkazaleak, Euskal Herriko puntako kirolari asko —120 bat inguru— lehian jarri behar dituztelako hilaren 16an Ordizian, Goierriko 7 Orduak kirol ikuskizunaren bigarren aldiaren harira. Kirol diziplina ugarirekin gozatzeko aukera izango da Beti-Alai pilotalekuan, baita haren ingurumarian ere.

Euskal Herriko Txirrindulari Itzuliaren 54. aldia Ordiziatik abiatu behar zela eta, ekintza sorta bat antolatu zuten udalak eta herriko hainbat eragilek, Udaberrian Martxan goiburupean. Emaneurrek Goierriko 7 Orduak antolatzea erabaki zuen, garai batean Donostiako belodromoan egiten zen Euskadiko Sei Orduak ekitaldia gogoan. "Orain bi urte, udala etorri zen guregana ekintzaren bat antolatzeko eskatuz; aurten, alderantziz izan da. Aurreneko ekitaldiaren balorazio oso ona egin genuen, eta, udala laguntzeko prest azaldu denez, aurrera egitea erabaki dugu", azaldu du Egoitz Iztueta Emaneurreko kideak.

Emaneurre orain dela zazpi urte Ordizian sortu zen Realaren lagunarte bat da, eta, horri lotutako ekintzak antolatzeaz gain, hasiera-hasieratik garbi izan dute kirola eta euskal kultura uztartzeko ekitaldiak antolatzea daudela haien helburuen artean. "Honako hau arrakasta izan duen formatu bat da, eta ea aurrerantzean ere hala izaten duen, baina horrek ez du esan nahi bi urtez behin jarraian antolatuko dugunik. Beharbada konturatuko gara gure helburuak betetzeko beste era bateko proba bat antolatu behar dugula", zehaztu du Gorka Argaiz taldeko kideak.

Eskarmentutik ikasten

Aurtengo kirol ikuskizuna orain bi urtekoa oinarri hartuta antolatu dute. Iztuetak nabarmendu du "aurrekoa hobetzen" saiatu direla. "Orain bi urte, arraunlarien probarako, lauko bi talde ekarri genituen nesketan zein mutiletan, eta aurten, esaterako, lauko lau talde izango dira, Kontxako ohorezko txandan parte hartu zutenak".

Usurbe mendirako desafioa ere prestatu zuten 2014an, baina ez ziren gustura gelditu, eta ahalegin berezia egin dute aurten, Iztuetak aurreratu duenez: "Murumendira izango da aurtengo igoera, eta Goierriko bederatzi herrik parte hartuko dute lauko taldetan [horietako batek gutxienez neska edo mutila izan beharra dauka], ekintza hori eskualdera zabaltzea baitzen gure nahia. Erantzuna bikaina izan da".

Bi marka ontzeko saiakera

Atletismoko eta txirrinduko kanporaketa probak, kros-fit saioak, kickboxing borrokaldiak —Euskal Herria Valentziaren aurka—, Amets Bide dantza taldearen saioa, Zesura Euskal Rap taldearen emanaldia Gemma Urteaga beasaindar bertsolariaren kolaborazioarekin, eskalada, motor ikuskizuna... Asko eta asko dira zazpi orduz etenik gabe Ordizian ikusi ahalko diren lehiak. "Zazpi orduan eserita egotea aspergarria suerta liteke, horregatik jartzen ditugu kirol diziplina ezberdinak eta ordutegi zehatzak, jendeak sartu-irtenean ibiltzeko aukera izan dezan. Kirol ikuskizuna oso dinamikoa da, eta ikusleak gertu ikusi eta sentitzen ditu kirolariak", argitu du Argaizek.

Herri kirolei tarte berezia emango diete aurten. Batetik, Ibarrako sokatira taldearen eta Ordiziako errugbi taldearen arteko desafioa dago, eta, bestetik, herri kiroletan aritzen diren bi emakumezkoren marka ahaleginak. Irati Astondoa zeanuriarrak 45 ontzako sei enbor ebakitzeko erronka du, eta Aitzol Atutxa txapeldunarekin ari da entrenatzen azken asteetan. "Saio ofiziala izango da; dopinaren proba pasa beharko du", esan du Iztuetak. Idoia Etxeberria oriotarra, berriz, 105 kiloko harria esku bakarrarekin jasotzen ahaleginduko da.

Sarrera doan da, eta frontoi atarian otorduak ere emango dituzte. Eguna borobiltzeko, motor ikuskizun bat izango da gauerdia pasatuta, eta, segidan, dantzaldia Laket taldearekin.

Ingurukoari forma emateko bi forma

Ingurukoari forma emateko bi forma

Maite Alustiza

Ematen du guk elkar ezagutu baino lehen bildumek elkar ezagutzen zutela". Pasaia Hiria-Xabier Portugal poesia lehiaketan lehen saria jaso berri du Garazi Ugalde Pikabeak (Lezo, 1988), Morfologiak lanarekin. Euskarazko bigarren bildumarik onena, berriz, Anartz Izagirre Zubimendiren (Azpeitia, 1994) Forma geometrikoak zure baitan izan da. Sariketako gaia librea izan arren, "kasualitatez" formei erreferentzia eginez ondu zuten biek izenburua. Bat datoz: desberdinak izan arren, bi olerki bildumek ondo baino hobeto osatzen dute liburua. Bermingham argitaletxearekin argitaratu dute, eta Gipuzkoako liburutegietan aurki daiteke jada.

Morfologiak ez da gai baten inguruan sortutako bilduma bat, "gehiago da bilduma kronologiko bat". 2014ko udan hasi eta urtebetean idatzitako poemekin osatu du Ugaldek: "Gai aldetik denetik dago, norberaren burua eta besteak kokatzeko saiakera bat dago, objektuen eta espazioen deskribapen bat". Berlinen bizi zela sortu zituen Ugaldek, eta, dioenez, landutako gaiak ez dira kasualitatea: "Agertzen dira emigrazioa, errefuxiatuak... behin-behineko bizitzak, oso sotilki izan arren". Egin eta gero jarri zion izenburua bildumari, galdera bati erantzunez: non dago poema hauek elkartzen dituen zerbait? "Iruditzen zitzaidan kasu askotan behintzat forma presente zegoela; espazioen, izakien eta objektuen azterketa moduko bat".

Izagirreren kasuan, aldiz, olerki guztiek badute lotura bat: forma geometrikoak eta sentimenduak. "Formek bezala sentimenduek ere badituzte beraien erpinak, guk jartzen dizkiegun mugak, angeluak...". Joan den udan idatzi zituen, eta lehenengo olerkiak egin ahala konturatzen joan zen forma geometriko bakoitzari zerbait aurkitzen ziola, bederatzi olerkiko bilduma osatu arte. Eta inspirazioa, nondik? Ikus-Entzunezko Komunikazioko ikasgai bat ikasten ari zela, hor ikusi zituen formak, konposaketak... "Eta hor sortu zitzaidan gogoa formez idazteko". Bestelakoan, eguneroko edozein momentu edo tokitan topa dezake inspirazioa; autobusean, adibidez. Gaiei dagokienez, "inertziaz" sentimenduetara jotzen duela dio, baina badu gogoa beste gai batzuen inguruan idazteko ere: "Badauzkat beste terreno batzuk esploratzeko".

Ugalderentzat, norbere burua munduan kokatzeko modu bat da poesia: "Norberaren azterketa, bestearena... Non nago ni, eta, horretatik abiatuta, nola ikusten dut mundua, zer harreman daukat harekin". Bere inguru hurbileko errealitatetik abiatzen da, beraz. "Nire barruan darabildan zerbaiti forma ematea da".

Liburuan, Irati Goikoetxeak egin die hitzaurrea Ugalderen eta Izagirreren sortei —epaimahaiko kide ere izan da—. Ugalderen olerkietan, Goikoetxeak nabarmendu du egileak bere poemen kanpo egitura zaindu duela, baina batez ere muinari heltzen asmatu duela. Izagirreri, berriz, barrutik hutsik dauden formak sentimenduz bete izana goraipatu dio.

Txikitatik gustuko izan dute biek irakurri eta idaztea. Ugalde herriko lehiaketetara aurkeztu izan da, eta baita hainbat sari eskuratu ere —2014an Pasaia Hiria lehiaketa bera irabazi zuen, Korapiloak lokarrietan lanarekin—. Sariketak aukera bezala ikusten ditu; "aitzakia polita" dira zerbait erakusteko izanez gero, baina ez dira helburua: "Bestela ziur asko gure lanek ez lukete ikusiko argirik, ez da batere erraza, eta ezagutzera emateko aukera bat da, tiraderan gordeta ez geratzeko". Bat dator Izagirre. Ilusioa egiteaz gain, olerkiak liburu batean ikusteak bultzada ere eman dio: "Lehiaketak era batera edo bestera indartu egiten du zure gogoa".

Poesia ala prosa?

Eroso sentitzen dira poesia idazten. Izagirrek hasieran prosa zuen gustukoen, eta 16 bat urterekin hasi zen poesia deskubritzen, irakurtzen... Idazteko orduan ere, "errazagoa" zaio poema bidez ideia bat adieraztea: "Aukera gehiago ematen dit nik nahi dudana azalerazteko. Poesian askoz ere libreagoa da. Pasatu izan zait prosan loturak egiterakoan eta haria jarraitzerakoan kosta izana".

Ugaldek ere idazten du prosa, baina formatu laburra berezia da harentzat: "Ideia bat biltzeko formatu txiki bat da, eta aukera ematen dizu denbora laburrean zerbait sortzeko. Dedikazio askoz handiagokoa da prosa, luzeagoa. Esfortzua da laburragoa, eta emaitza ere azkarragoa. Poesiak ere badu indar berezi bat laburtasun horretan, adierazkortasun handia du". Irakurtzerakoan ere, horra jotzen du: "Agian gaur egungo bizimoduak ere horretara garamatza".

Egunerokoan, hitzekin baino gehiago irudiekin aritzen da Izagirre, Ikus-Entzunezko Komunikazioa karreran. Ugaldek, berriz, Itzulpengintza eta Interpretazio ikasketak eginak ditu, eta itzultzaile ari da egun. Idaztea, beraz, "oso lotuta" dago bere lanarekin: "Itzultzeak ere badu sorkuntzatik. Nahiz eta izan norbaitek idatzitako zerbait, zuk gaur egunera eta hizkuntza batera ekarri behar duzu, jarri behar diozu sorkuntza puska handi bat". Literatura itzultzea, adibidez, asko gustatuko litzaioke, baina lanbide bezala "ez da errazena". Biek ala biek, oraingoz, tarte libreetarako eta idazteko gogoa daukatenerako gordeko dute idaztearena.

Adin ertaineko txatxala biri gertatutakoa

Leire Narbaiza
Batzuetan gertatzen zaizkigun pasadizo txikiek hausnartzeko parada eskaintzen digute, eta azalarazteko errealitateren bat, hor egon dena beti, baina, beharbada lehenengo begi kolpean ikusten ez genuena. Guri halako zerbait gertatu zitzai...

Abelgorriak, jabe bila larrean

Abelgorriak, jabe bila larrean

Urko Etxebeste

Gipuzkoako Foru Aldundia eta Hondarribiko Udala elkarlanean ari dira, udalerri horrek Jaizkibel mendian duen eremuan identifikatu gabeko abelgorri talde bat udal baimenik gabe bazkan ari delako. Arazoari irtenbidea emateko asmoz, espedientea zabaldu dute. Auzia zabaltzeko legedia hartu dute eskuan bi erakundeek; hau da, debekatua dago mendian identifikatu eta kontrolatu gabeko aziendarik egotea, Gipuzkoako Mendien 7/2006 Foru Arauaren, Hondarribiko Udalaren ordenantzen —Jaizkibel mendirako artzaintzari buruzkoa— eta Espainiako 1980/1998 Errege Dekretuen arabera. Legedi horietatik kanpo dago abelgorrien talde hori.

Hamabost bat burukoa da Jaizkibelen kontrolik gabe bazkan ari den ganadu taldea, Hondarribiak mendian duen lur eremuan. Udalaren arabera, animalia horiek "basatuta" daude, eta hori "arriskutsua" izan daiteke mendia egoki erabili eta kudeatu ahal izateko. Horien inguruan mendi ibilbideak egiteko ohitura dute herritarrek; hortaz, espedientean agertzen da pertsonen segurtasunerako ere arriskutsuak izan daitezkeela abelgorriak.

Herrialdeko mendietan izaten dira abelgorriak bazkan, baina, aldundiko Abeltzaintza Zerbitzuko Buruzagitzako arduradun Carlos Boixek esan duenez, identifikatu gabekoak "oso gutxi" dira, eta horiek erregularizatzeko lanean ari dira, gainera: "Kasu bakanetakoa da Hondarribikoa". Gipuzkoan bazkan aske aritzen diren abelburuetako gehienak betizuak dira; babestuta daude, abeltzaintzaren ondare dira. Baina Hondarribikoak, betizuetan jatorria izan arren, urteen poderioz egindako behi arraza nahasketen emaitza dira, "behi oldarkorrak", Juan Luis Silanes Kalixa Hondarribiko Udaleko Nekazaritza zinegotziak zehaztu duenez.

Silanesek esan du, osasun ikuspuntutik, abereek ez dutela arriskurik, osasuntsu daudela eta gaixotasunik zabaltzeko arriskurik ez dagoela. Arazoa da, eremu hesitu batean egon arren, batzuetan handik ihes egiten dutela eta "sustoak" eman dizkietela, batik bat, mendizaleei, eremu publikoan baitaude. Ezustekoak bai, baina ez da bestelako ezbeharrik izan.

Iazko maiatzean hasi zituzten abelgorri horien erregularizaziorako ekinbideak, aldundiak egindako txosten baten bidez. Behiek, ordea, 2-3 urte daramate kontrolik gabe, eremu horretan. Bitarte horretan guztian, inork ez ditu erreklamatu, ez dute jaberik, ez dira inorenak. Silanesen ustez, gainera, litekeena da inork ez hartzea bere gain abelgorrien jabetza; batez ere, animalia horiek ondorioak izango dituztelako hainbeste denboran gisa horretan egoteagatik. "Ia ziur ez dela inor ere azalduko horien jabetza erreklamatzera".

Prozedura

Martxoaren 23an argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean abelgorrien gaineko espedientea. Horren arabera, behien jabeek hamabost egun dituzte animaliak Jaizkibelgo inguru horretatik kentzeko. Aurretik jabetza egiaztatu beharko lukete. Hortaz, bi asteko epe hori bukatzear da.

Behin hori amaituta, aldundiaren esku geldituko dira animaliak. Orduan, beste bi eguneko epea zabalduko da, azken aldiz, jabeek bere egin dezaten jabetza. Boixek jakinarazi duenez, epe hori amaituta, animaliekin zer egin erabakiko dute. "Horrelakoetan hil egiten dira". Silanesek esan du behin horiek hilda euren haragia ez dela merkaturatuko: "Elikagaien merkatuan ezin da sartu abelgorri horien haragia, kontrolik gabe izan direlako".

Baina, hori guztia gerta dadin, lehenik eta behin behiak harrapatu behar dira, eta kamioietan sartu, aldundiaren esku uzteko. Hori egiten saiatuko dira, behiak janari erreklamu bidez mendiaren goialdera eramanaz, kamioiak irits daitezkeen eremu bateraino. Eta aldundiko eta udaleko kideek zeregin horretan huts egingo balute, eta gaiari buruz Hondarribiko Udalak egin duen dekretuan jasota dagoenaren arabera beti, abandonatutako animaliak ehiza piezatzat izendatu, eta udalak aldundiari baimena eskatuko lioke uxaldi bidez abelgorri horiek akabatzeko.

Txernobylgo haurrak. Harreraren norabide bikoitza

Maite Alustiza

Basoa dute ezker-eskuin. Errepide zuzen bat, eta herrixka ugari bidean. Kievetik ehun bat kilometrora dago Txernobyl ingurua, hiriburutik iparralderantz, eta han, Orane herrixka. Etxetxo indibidualak ditu, askok baratze txiki bat dute, eta hondarrezko kaleak. Txernobyl elkartearen bitartez, hainbat familiak ingurua ezagutzeko aukera izan dute, udan harreran hartzen dituzten haurren eta haien familien eskutik. Arantxa Etxeberria donostiarra da horietako bat, eta esperientzia oso on batekin itzuli da etxera: "Dena eman nahi izan digute, dena erakutsi". Asteazkenean egin zuten bueltako bidaia; triste, baina hilabete gutxi barru berriro elkartuko direla pentsatuz.

12 urte ditu Snizhanak, eta 13 haren anaia Sheniak. Aurten ere, Etxeberriaren eta Juanjo Olaizola kidearen etxera etorriko dira udan. Seme-alabarik ez dute, eta "laguntzeko gogoz", duela zazpi urte harrera programan parte hartu zuten: Snizhana hartu zuten lehenik, eta urtebete geroago Shenia. Etxeberriarentzat, lehen aldia izan da anai-arreben bizitokian. "Herri txiki bat da, ez dauka gauza askorik, baina beraientzako, beren herria da politena". Haien etxean egin dute lo, eta 24 orduz egon dira elkarrekin.

Amarekin bizi dira bi anai-arrebak. Aita militarra da, eta Oranetik hamar bat kilometrora dagoen laku batean dago, kostazain lanetan. "Urtebeterako joan zen, eta oraindik ez da bueltatu". Oiloak dituzte etxean, eta baratzean, patata, aza, tomatea.... "Gehienbat patata egiten dute; hori da haien oinarria". Etxetik kanpo ere amak lan egiten du, baina irabazten duena gasa, argia eta ura ordaintzen gastatzen duela dio: "Hilean 1.000 hrivnia irabazten du —33 bat euro—".

Eskola

Txikia izan arren, eskola bat dute Oranen. Etxeberriak dioenez, ordea, maiz geratzen dira haurrak joan gabe: "Batzuetan berogailurik ez dela-eta ez dira joaten, edo aurten txerri gripearekin... Neskaren gelan, adibidez, bost dira, eta mutikoarenean, sei; hiru gaixo jarriz gero, ez dira eskolara joaten". Etxeberriak azaldu duenez, mutil gehientsuenek militar izan nahi dute: "Ez dute ikasi behar eta soldata bat dute".

Gazteek lokal moduko batean pasatzen dute denbora. Ez dira herritik asko ateratzen: "Kievera oso gutxitan joaten dira, hiru urtean behin agian, hona etortzeko pasaportea ateratzera baino ez". Lineako autobusean, pare bat orduko bidaia dute. "Errepideak ere ez dira onak; oso zainduak ere ez daude". Alkohola eta tabakoa eskura dute herrian. "Hona datozenean ahalegintzen gara erakusten hemen nola bizi garen; esaten diegu ez edateko... baina gero, erabakia beraiena da. Han ere bizi egin behar da".

Haurrak "deseatzen" daude Donostiara iristeko. Dena dute gustuko: "Hondartza, igerilekua, janaria... autoan ibiltzea bera ere". Aldaketa handia da, bai umeentzat eta bai harrera familiarentzat. "Guretzako ere sekulako aldaketa da. Bete egiten gaitu. Guk ahal dugun guztia laguntzen diegu, eta esker onekoak dira". Etxeberriak dioenez, gastua ere bada, familiak ordaindu behar baitu dena. Baina, aldi berean, poza handia da: "Ikusten duzu umeak osasun aldetik nola etortzen diren eta nola doazen bueltan, eta aldea sekulakoa da. Gehienbat janariaren kontuarekin; han janaria koipe askorekin prestatzen dute, eta ez dute aukera handirik".

Etxeberriak bere buruari galdetu izan dio ea haurrak hartzeak zerbaitetarako balio ote duen: "Han hamar hilabete pasatzen dituzte, hemen bi...". Hala ere, ziur da esfortzuak merezi duela, eta Oranen egon ondoren, are argiago du: "Zer suertea dugun jaio garen lekuan jaiota".

Elkarteak, hogei urte

Txernobyl elkarteak hogei urte beteko ditu aurten, eta, era berean, apirilaren 26an 30 urte bete dira Txernobylgo hondamenditik. Marian Izagirre elkarteko presidenteak azaldu duenez, Bizkaitik etorri zen elkartea sortzearen ideia: "1995ean, norbanako batek bere borondate onez Ukrainako talde bat ekarri zuen Bizkaira, kutsatutako gunetik ateratzeko. Ume horiek baliabide ekonomiko askokoak ziren. Horren ondoren, emakume talde batek erabaki zuen erakundea sortzea, eta beste modu batera hastea: haurrak ekarri, baina baliabide gutxikoak".

Izagirreren arabera, elkartea asko aldatu da urteotan, "gizartea bera bezala". Dioenez, hasieran elkartearen programa homogeneoa zen urtero, eta "salto bat" egitea erabaki zuten: "Ikusi genuen Ukrainan ume asko zeudela, modu irekiago batean lan egin behar zela, gizarteari begira, geure burua ezagutzera eman eta ahalik eta ume gehien ekarri. Oso salto garrantzitsua izan zen". Iaz, esaterako, Gipuzkoara 117 haur iritsi ziren elkartearen bidez.

Oinarrian gauza bakarra behar dute Txernobyl inguruan bizi diren haurrek: "Kutsatutako gunetik ateratzea". Izagirrerentzat, gainerako guztiak gehigarriak dira. "Hemen bi hilabete pasatzea da haurrarentzat balioko duena, etorkizunean osasuntsu garatzeko". Irailetik ekainera bitarte harrera familien bila aritzen da elkartea. chernobil@asociacionchernobil.info helbidea jarri du Izagirrek informazioa jaso nahi duen guztiaren esku.