Sailkatugabeak

Lau urteko zigor eskaera, istripu bat eragiteagatik

DONOSTIA. Gipuzkoako Fiskaltzak lau urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du auto gidari batentzat, hark eragindako istripuan pertsona bat hil zelako. 2010eko urrian jazo zen istripua Donostia erdialdean. Autoa, orduko 125 kilometroko abiaduran zihoa...

Donostiako Udalak geltokiaren proiektua aurkeztu du

Donostiako Udal Gobernuak atzo aurkeztu zuen Loiolako Erriberako Oroimenaren Lorategian eraikitzea aurreikusten duen geltoki intermodalaren proiektua. Hala, proiektua urtea amaitu baino lehen aurkeztuta, PPk proiektuaren alde egiteko jarritako baldint...

“Kezkaz ikusten dut besteek ez dutela erantzun”

Badira bi hilabete ETAk jarduera armatua uzteko erabakia jakitera eman zuenetik. Zer-nolako analisia egiten duzu bi hilabeteotan izandako urratsen inguruan?Garrantzitsua izan da ETAren erabakia, gehienbat alde bakarrekoa delako. ETAk erabaki du, 50 ur...

“Jende gaztea dabil egun lanean, baina ez dute lan erraza”

Arraunketa modernoaren aroan ezinbesteko izena da Paco Prietorena (Pasai Donibane, 1940). Pasai Donibane-Koxtape Arraun Elkartearen garairik onenean taldeko entrenatzaile eta presidente izan zen Prieto. Ordea, garai zailak ere pasatu zituen, 1990eko hamarkadaren hasieran Pasai Donibanen gertatu zen zatiketan protagonistetako bat izan baitzen. Dena dela, Kontxako lau bandera irabazi ditu —1986, 1988, 1990 eta 1999koak—, eta Kantauri itsasoan egin diren estropada ia denetan garaipenak lortutakoa da entrenatzaile modura. 2009an utzi zion Pasai Donibane-Koxtapeko presidente izateari; aurretik alboratuak zituen entrenatzaile lanak.

Baina Prietok ez du galdu arraunarekin duen lotura. Erretiratuta dago —Caravanas Oiartzun saltokiko arduraduna izan zen—, baina bere bihotzeko herriko arraunaren alde lanean jarraitzen du. Batetik, Pasai Donibanen egiten ari diren eraikin balioaniztunaren sustatzaileetakoa da —bertan izango du egoitza San Juan arraun taldeak, besteak beste—. "Herriko arraun taldearen zuzendaritza berriak eskatu zidan gai horren gainean lanean jarraitzeko. Aurretik eraikin horren azpian aparkalekua egin genuen, eta orain, eraikina altxatzen ari dira. Nahi baino gehiago iraun dute eraikina egiteko kudeaketa lanek, baina 2012aren bukaerarako prest egotea espero dut". Bestetik, San Juango Haur Mailako entrenatzailea laguntzen ibili da Prieto, eta estropadak dauden asteburuetan taldea laguntzen eta babesten ibiltzen da. "Baserrian ere lan egiten dut!", zehaztu du.

Atletismotik arraunera

Donibane Atletismo Taldearekin hasi zen kirolean Prieto. Koxtape izeneko pistan entrenatzen zuten talde horretako kirolariek. Gaur egun Iberdrolaren zentral termikoa dago pista izandako horren orubean; "1960an-edo izan zen hori". Geroago, eta atletismoak indarra galdu ahala, arraunean hasi ziren bertan ibili ziren kirolariak. Orduan sortu zen Pasai Donibane-Koxtape Arraun Elkartea; 1965eko azaroan, hain zuzen. "Ni ez nintzen egon hasiera horietan, baina gerora lanean hasi nintzen".

Arraunketa olinpikoarekin hasi ziren, eta gero, Yola elkartearekin elkarlanean, herriko trainerua indartzen. "Orduan herriko tosta finkoko taldea ez zebilen ondo, arrazoi asko tarteko", oroitu du Prietok.

Horren ondoren, pixkanaka, traineruen lehietan pizten hasi ziren arrosak. "1978an, Kontxan bigarren egin genuen. Bilboko lehen jaitsiera ere irabazi genuen urte hartan: nire lehen bandera izan zen hura". Geroztik, haziz joan zen arrosen tokia Kantauriko estropadetan, 1980ko hamarkadaren erdialdera arte: 1985ean gutxigatik ez zuten Kontxa irabazi, eta handik aurrera, Donostiako lau bandera irabazi zituen Pasai-Donibane Koxtapek. "Garai horietan arraunlari asko ginen, eta talde ona egin genuen. Tosta mugikorrean ere lan ona egiten ari ginen. Arraunaren gainean genituen ideiak emaitzak ematen hasi ziren. Arraunkeran aldaketak egin genituen: sorbaldekin lan hobea egiten hasi ginen, eta arraunlarien gorputzen pisua baliatzen hasi ginen arraun egiteko. Arraunketa luzeagoa egiten hasi ginen. Horrek emaitza onak eman zizkigun".

1986ko, 1988ko eta 1990eko Kontxak irabazi ondoren, haustura gertatu zen Pasai Donibaneko arraunean. Hortik sortu zen Donibaneko Arraunlariak taldea; Pasai Donibane-Koxtape arraunlari gazteekin hasi zen lanean, eta 1999ko Kontxa irabaztea lortu zuten.

Aro berria

1999tik 2003ra, eta Kantabriako traineruei irabaztea lan nekeza zen arren, Euskal Herriko arraun talderik onena izan zen Pasai Donibane-Koxtape. Garai hartan sortu zuten Prietok eta beste hainbatek Traineru Kluben Elkartea (TKE). Egun, TKEk antolatzen duen liga Kantauriko indartsuena da. 2006an, baina, arraunaren bigarren mailara jaitsi zen Pasai Donibane-Koxtape; 2009an berreskuratu zuen kategoria, eta iaz eta aurten oso txukun ibili dira arrosak arraunaren elitean.

2009ko abenduan, presidente kargua utzi zuen Prietok. "Jende gaztea dabil egun lanean, baina ez dute lan erraza. Ondo dabiltza. Lagundu egin behar zaie".

Landa eremua Internetera lotzeko proiektu bat abiatu dute

Landa eremuko herritarrak, baserritar ekoizleak eta gainerako negozioak Internet sarera konektatzea eta Internetez haien berri ematea. Horixe da Dinamizatic proiektuaren helburu nagusia. Eusko Jaurlaritzaren ekimenaren barruan Gipuzkoako eskualde guztiak daude sartuta, eta, nor bere erritmoan bada ere, martxan dira denak. Aurreratuen hiru eskualde daude: Urola Kosta, Debagoiena eta Donostialdea-Bidasoa, hain zuzen ere. Gipuzkoan, Urkome Urola Kostako landa garapeneko elkartea izan da aitzindaria, iaz probako proiektuan parte hartuz. Aurten gehitu zaizkio beste bi eskualdeak.

Proiektuak hainbat zati ditu: alde batetik, webgune batean eskualdeko turismoari eta zerbitzuei buruzko informazioa ematea eta baserritarren ekoizpenak eskaintzea; bestetik, Interneteko konexioa landa eremura hedatzea eta herritarrei Interneteko ikastaroak eskaintzea, besteak beste.

Urola Kostan azarotik martxan da www.urolakostaonline.com webgunea, eta beste bi eskualdeetan urtarrilean jarriko dituzte abian. Eskualde bakoitzak bere beharren eta errealitatearen arabera moldatu du sareko tresna, baina ezinbestean atal berberak izango dituzte denek: Turismoa, Zerbitzuak eta Denda Birtuala. Hain zuzen ere, azken atal horrek hartu du "indar berezia" Urola Kosta eskualdearen kasuan, Urkomeko kudeatzaile Yurre Peñagarikanoren arabera. Donostialdea-Bidasoko Behemendi elkarteko webgunean, berriz, Turismo atala sustatuko dute bereziki. Elkarteko teknikari Mikel Zendoiak jakinarazi duenez, "helburua turismoa landa eremura erakartzea da". Izan ere, haren ustez, oraindik "ezezaguna da eremu hori bai kanpotarrentzat, bai bertako askorentzat ere". Hala, Donostiarural deituko den webgunearen bidez, "landa eremuko negozioei eta baserritarrei sarean egoteko aukera emango zaie". Webgunea alde batera utzita, proiektuaren barruan Interneteko konexioa landa eremu guztira iristeko lanean ere ari da Behemendi, Oiartzungo Udalarekin elkarlanean.

Debagoienean, auzoak indartuz

Debagoiena eskualdeko Deba-Garaia elkartea ere webgunea prestatzen ari da, eta arreta berezia jarriko du auzoetan: "70 auzotik gora ditugu eskualdean, eta herriei bainoago, auzoei emango diegu garrantzia webgunean", azaldu du proiektuko dinamizatzaile Itziar Urizarbarrenak. Hala, auzoei buruz askotariko informazioa emango dute sarean, "haien arteko elkarlana ere bultzatuz".

Denda Birtualari forma eman gabe daude oraingoz Behemendi eta Deba-Garaia. Azken horretan, urtarrilean ekoizleekin egoteko asmoa dute; Behemendin, gaia aztertzen ari dira, "dauden plataformak aprobetxatzeko".

Donostiako zorraren igoera, milioi eurotan.

Hamar urtean, 119 milioi euro igo da Donostiako Udaleko zorra; 2002an 85 milioi euro zor zituen, eta 2011. urtea 204 milioiko zorrarekin amaituko du. Sarreren %46 izatetik, %76 izatera pasatu da hiriburuaren zor bizia.

“Sahararrekin batera jarraituko diogu borrokaren bideari”

Aretxabaletan 2006an Sahararen aldeko Iesbaa elkartea sortu zenetik, hango lehendakaria izan da Olaia Sagredo (Arrasate, 1974). 2004an Arrasateko Nubi elkartea sortu zenetik, berriz, hango burua izan da Agurne Juldain (Arrasate, 1979). Gehiegizko lanak eta baliabide faltak, ordea, bi elkarte horien jarduna behin betiko bertan behera uztera bultzatu ditu. Hala ere, argi dute Mendebaldeko Sahararen aldeko lanean jarraituko dutela, beste modu batean bada ere.

Urteetako lanaren ondoren, bidearen amaierara heldu zarete. Zer sentitzen duzue?

Agurne juldain. Sentipen gazi-gozoa daukat: gazia, bertan behera uzteko arrazoia giza baliabide falta delako, eta Saharan, zoritxarrez, oraindik ere gatazka hor dagoelako; gozoa, berriz, egin ahal izan dudan guztia egin dudalako.

Olaia sagredo. Bat nator Agurnerekin. Dena den, elkarteak desagertu arren, biok bat egiten dugu oraindik gatazka horrekin, eta, beste modu batean bada ere, sahararrekin batera jarraituko diogu borrokaren bideari.

Zerk eraman zaituzte erabaki hori hartzera?

A.J. Lan guztia norberak bakarrik egitea oso zaila da. Lana handituz joan da urteak aurrera joan diren heinean, eta giza baliabideek, berriz, behera egin dute; horrela ezinezkoa da lan txukun bat egitea.

O.S.Gauzak gaizki egitea baino hobe da ez egitea. Ezin dugu lan guztia bakarrik egin. Kontuan eduki behar da elkarteaz gain gure lana eta ikasketak ditugula, eta, zenbait urte igarota berdin jarraitzea, alegia, biok bakarrik jarraitzea, gehiegi da.

Egoera jakin baterako hartu duzue erabakia ala behin betiko desagertuko zarete?

A.J. Oraingoz, behin betiko erabakia da; betiere elkarteko konpromisoaz ari bagara. Saharako herriaren alde lanean jarraituko dut ekintzetan parte hartuz eta ahal dudan neurrian Gerra eta Minen Biktima Zentroan lagunduz.

O.S. Elkartearen lana behin betiko eten dut. Baina nik lanean segituko dut Afapredesarekin batera [Saharako Preso eta Desagertuen Familiakoen Elkartea]. Eta, Agurnek esan bezala, ekintzak antolatzen badira, horietan parte hartuko dut, ahal dudan neurrian lagunduz.

Bi elkarteak ez zineten aldi berean sortu, baina batera hartu duzue desagertzeko erabakia. Zer dela eta?

A.J. Bakoitzak bere elkarteko ardura izanik ere, zenbait urtez elkarri lagundu diogu, bakarrik geundelako eta gertu geundelako. Pozak eta tristurak elkarrekin bizi izan ditugunez, azken erabakia ere elkarrekin hartu dugu.

Zer iruditzen zaizue egindako lana?

A.J. Lana ondo egin dela uste dut, fede onez eta ahal izan dudan hobekien egin dudalako. Zenbaitetan, ziur gaizki egin ditudala gauza batzuk, baina iruditzen zait balorazio ona egin behar dela fede onez egindako lanaz.

O.S. Herritarren artean egindako lanaz harro nago: jendeak badaki zein den sahararren egoera, bai Tindufeko errefuxiatu kanpamentuan, bai Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan. Uste dut sentsibilizazio lan ona egin dugula. Jendea, eskolak, udala… Denen laguntza jaso dugu hainbat modu eta proiektutan. Pena da jendeak gehiago parte hartu ez izana elkartea desager ez zedin, baina horrela da.

Giza baliabideen falta aipatu duzue. Gero eta jende gutxiago dago halako ekintzetan boluntario gisara jarduteko? Zergatik?

A.J. Nubin, behintzat, bai. Elkartea jaio zenean, zazpi pertsona inguru geunden; poliki-poliki, jendea ardurak utziz joan zen, eta ez da animatu pertsona gehiagorik. Arrazoiak? Nork daki!

O.S. Iesbaan badaukagu laguntza, baina ekitaldi batzuk egiteko bakarrik, ez elkartearen eguneroko lana egiteko. Azkenean, zerbait antolatzeko orduan zama handia zen telefonoa hartu eta jendeari banan-banan deitu beharra.

Ikuspegi ekonomikoari dagokionez, zer-nolako babesa izan duzue?

A.J. Nubik hiru herritan egin du lana: Arrasaten, Eskoriatzan eta Oñatin. Erakunde publiko eta pribatuen laguntza jaso du elkarteak, baita laguntza anonimoak ere. Inor ahazten badut ere, hobe izenik ez ematea, baina bai, eskerrak eman nahi dizkiet Nubiren lanean sinistu dutenei.

O.S. Iesbaak Aretxabaletako Udalari eskertu behar dio jasotako laguntza ekonomikoa, gure lanean sinistu eta lagundu egin baitigute. Udalak ez ezik, beste hainbat erakunde publikok ere diru laguntzak eman dizkigute; enpresa pribatuek ere lagundu digute, eta laguntza anonimoak ere jaso ditugu. Eta ez gutxi.

Nola hartu dute gainerako elkarteek zuen lana bertan behera uzteko erabakia? Eta herritarrek?

A.J. Ez dut iritzi askorik jaso, baina, jasotakoen artean, harridura izan da ohikoena.

O.S. Ingurukoek esan didate denbora gehiegi pasatu dudala elkarteko lana bertan behera uzteko erabakia hartzen. Estresatuta ikusten ninduten, ikusten zuten dena hartzen nuela nire bizkar gainean; hala ere, pena ere eman die, badakitelako zer garrantzitsua den niretzat Iesbaa.

Nubi eta Iesbaa desagertuta, nola geratzen da eskualdean Saharako herriaren aldeko lana ?

A.J. Elkarteak sortu baino lehen ere bazegoen Sahararekiko elkartasuna, eta orain bide horietara itzuli beharko gara. Denborarekin ikusiko da.

Saharako herriaren gatazkak bere horretan jarraitzen du, ordea.

A.J. Mendebaldeko Sahara zapalduta dago oraindik. Giza eskubideak bortxatzen dira han etengabe. Eta ardura nagusia berea den arren, Espainiako Gobernuak beste alde batera begiratzen du oraindik: ia 40 urte daramatza Saharako herriaren ardura eta erantzukizuna bere gain hartu gabe. Gobernuari berdin zaio sahararrak hiltzen eta desagertzen ari badira ere.

Gipuzkoan 9.394 ikasle ari dira bertsolaritza eskolan lantzen

Ikastetxeetan zein herrietan bertsolaritza eskolak sustatzeko eta bat-bateko taldeak sortzeko helburuarekin, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eskolak ematen ditu bertsolaritza transmisioa sendotzeko. Gipuzkoan, esaterako, 125 ikastetxetara iritsi da ikasturte honetan ekimena. Hartara, Haur Hezkuntzatik DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bitarteko 9.394 ikasle ari dira irailetik bertsolaritzaren munduan sartzen, eta sakontzen.

Euskal Herri osoko ekimena da Bertsozale Elkartearena. Hala, Bizkaian, Araban, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ere beste 260 ikastetxetara zabaldu dute egitasmoa. Horri esker, denera, 20.270 ikaslek izango dute hartu-emana 2011-2012 ikasturtean bertsolaritzarekin —aurrekoan baino 2.828 gehiagok—, eta hori guztia garatzeko Bertsozale Elkarteak 36 bertsolaritza irakasle jarri ditu. "Poztekoa da bertsolaritzaren transmisioa urtetik urtera eremu berriak irabazten ari dela ikustea", esan du elkarteak.

Bertsolaritza eskolak emateko propio sortutako materiala badute. Hala ere, aurten, bertsolaritza irakasleen lana hobetzeko bidean indar berezia jarriko dute, eta horretarako formazio saioak prestatu dituzte. Haur eta gaztetxoek bi urtez jasotzen dituzte bertsolaritza eskolak.

Aldi berean, Eskolarteko Bertsolari Txapelketa ikastetxeekin elkarlanean prestatzeko eta aberasteko hausnarketa prozesua abian jartzeko konpromisoa hartu du elkarteak aurten. Izan ere, urte osoan egindako lanaren emaitza izaten baita txapelketa hori, ikastetxeetan egiten dituzten saioekin batera.

Gipuzkoako ikastetxe berriak

Bertsozale Elkarteak jakinarazi du Gipuzkoako hainbat ikastetxek bat egin dutela lehenengoz aurten bertsolaritzaren transmisiorako egitasmoarekin. Legazpiko Haztegi; Errenteriako Koldo Mitxelena eta Langaitz; eta Donostiako Nuestra Señora de Aranzazu, Santa Teresa eta Jakintza dira ikastetxe horiek.

Bide horretan, Errenterian egiten ari diren lana nabarmendu dute Bertsozale Elkartekoek. "Errenteria aurreko ikasturtean sartu zen proiektuan. Cristobal Gamon ikastetxeak apustu irmoa egin zuen eta berak ekin zion bideari. Aurten bi ikastetxe gehiago daude. Horrez gain, sinatu berri den hitzarmenari esker, Errenteriako Udalaren laguntza jaso du proiektuak".

Era berean, Legazpiko herriak lehen aldiz egitasmoarekin bat egin duela azaldu dute, "oraingoz, Haztegi ikastolaren eskutik".

Foru Aldundiaren zerga erreforma, aurrera

DONOSTIA. Gipuzkoako Foru Aldundiak proposaturiko errezerga erreformak lehen tramitea gainditu du, Batzar Nagusiek atzera bota baitute PPk egindako osoko zuzenketa, PSE-EE, Bildu eta Aralarren aurkako botoekin. EAJ abstenitu egin da. Gaur, Ogasun Batz...

Kutxak Kirolgiri emandako laguntza bikoiztu du

DONOSTIA. Kutxa Fundazioak bikoiztu egin du Kirolgi Fundazioari emandako diru laguntza; lehen 270.000 euro ziren, eta orain 500.000 euro izango dira. Horri esker, errendimenduaren hobekuntzan lanean diharduten klubak babestuko dituzte, Kutxak jakinara...