Unai Zubeldia
«Ez ukitu aurpegia, sudurra eta begiak». Horixe izan da Jose Ignacio Rekalde (Eibar, 1952) Bilboko Oftalmologia Institutu Kliniko Kirurgikoko eta Eibarko Recalde klinikako oftalmologoaren lehen aholkua. Begiak arrisku gune bihurtu dira COVID-19 gaitza zabaltzen ari den garaian, eta, alde horretatik, aholku argiak eman ditu Rekaldek. «Erosoak» direla onartuta ere, bereziki gazteei eskatu die lentillen erabilera neurtzeko. «Gazteek kalitate oneko malkoa daukate; ez dute nekerik nabaritzen, eta abusatu egiten dute. Denborarekin, ordea, murriztuz joaten da malkoaren kalitatea». Eibartarrak berebiziko garrantzia eman dio begiei tarteka atseden emateari ere.
