Aitziber Arzallus
Mende eta laurden igaro da Zarautz eta Donostia trenbidez lotu zituztenetik. 1895eko apirilaren 9an inauguratu zuten trenbide zati hori, eta egun horretan bertan hasi ziren zerbitzua eskaintzen. Ordutik, Zarauztik Donostiara eta Donostiatik Zarautzera trenez joateko aukera dago, eroso eta azkar. Zarautz eta Donostia artekoa, ordea, proiektu handiago baten zati bat besterik ez zen izan. "Helburua zen Bilbo eta Donostia trenbidez lotzea", Juanjo Olaizola Burdinbidearen Euskal Museoko zuzendariaren hitzetan, "eta Zarautz eta Donostia arteko zatia izan zen azken-aurreko urratsa helburu hori lortzeko bidean".