Aitziber Arzallus
Parisko Louvre museoan eskegita dauden margolanak, Bilboko Guggenheim museoan erakusgai dauden eskulturak, Amsterdameko kaleak argiztatzen dituzten instalazio erraldoiak... Artea dira horiek guztiak, bai, baina ez dira herritarren eskura dauden artelanak: edonork ikus ditzake, baina inor gutxik erosi. Ordea, badira arteari zentzu herrikoiagoa ematen dioten artistak. Jende arruntaren egunerokoari beste kolore bat emateko piezak sortzen dituztenak. Edozeinen poltsikotik ordaintzeko moduko lanak ere egiten dituztenak. Lagun ezkutuari artea oparitzea baino aukera hoberik ez dagoela uste dutenak. Horietako artista batzuen lanak ikusteko eta erosteko aukera izango da, bihartik abenduaren 22ra, Azpeitian lehenengoz egingo duten Zelai Luze arte azokan, Foru Ibilbideko 14. zenbakian.