Ikerne Zarate
Zapata-konpontzaile ofizioa odolean darama Marta Orduña donostiarrak, eta haren eskutik ikasi du Begoña Martinez errenteriarrak. Aita zapataria zuen Orduñak, eta harengandik ikasi zuen ikasi beharreko gehiena. Gaur egun, oraindik, ez da ohikoa emakume zapatariak ikustea, eta, are gutxiago, Errenteriako Orduña zapata konpontzaileen dendan gertatzen den bezala, bi emakume ofizio horretan lanean aritzea. Orduñaren emaztea da Martinez. 44 urte dituzte biek, eta Orduñak ia 30 daramatza zapatak, gerrikoak, zorroak eta larruz egindako beste jantziak nahiz osagarriak konpontzen: "Oinetakoak neurrira egiten zituen aitak, eta Gipuzkoako ia zapatari guztien irakasle izan zen; askok egin zuten lan harekin, eta zapatari ofizioa ikasi genuen seme-alabek ere". Aukeratutako bidearekin ez dela aberastuko aitortu du Orduñak, baina krisi garaietan ere "duin" bizitzea ahalbidetu die ofizioak. "Irauteko nahikoa lortzen dugu". Ofizioa "izugarri" gustatzen zaiola gaineratu du donostiarrak.