Eider Goenaga Lizaso
Atzo arratsaldean hasi zen 21. Korrika Garesen (Nafarroa), eta astelehenean egingo du lehen sartu-irtena Gipuzkoan. Lapurditik helduko da, Hendaiatik, gauerdia pasatuta, eta Nafarroa alderantz joko du, Behobiatik 02:00etan igaro eta gero. Horixe besterik ez, Korrikak bi ordu bakarrik egingo ditu Gipuzkoan astelehenean. "Izan ere, Behe Bidasoko eskualdea aurten Ipar Euskal Herriko ibilbidean txertatuta dago", azaldu du Mattin Sorzabalberek. Behe Bidasoan Korrikaren koordinazio lanaz arduratzen da Sorzabalbere 7. Korrikaz geroztik, 1991tik. "Baten batean huts egin dut, halere". Hendaia, Hondarribia eta Irun hartzen ditu Behe Bidasoa eskualdeak. "Eta inoiz Bortziriak ere gure eskualdeko agenda kulturalaren barruan sartu dira". Euskaltegiak Hendaian eta Irunen ditu AEK-k; Hondarribian ez dago euskaltegirik.