Ekonomia

Ihesbideei atea itxi nahian

Ihesbideei atea itxi nahian

Eider Goenaga Lizaso

Panamako Paperen eskandaluak agenda mediatikoan ipini du zerga iruzurra. Panaman off-shore konpainiak sortu, dirutza handiak konpainia horien izenean jarri eta ogasunari ordaindu beharrekoa paradisu fiskaletan ezkutatu dutenen zerrenda apurka-apurka ari da kaleratzen. Gobernuburu eta estatuburuak, politikariak, ministroak, futbol jokalariak... Gipuzkoako Ogasuna, munduko gainerakoak bezala, gertutik ari da jarraitzen auzia.

"Prozedurak martxan jarri ditugu, eta hurrengo asteetan joango gara ikusten", esan dio HITZA-ri Jokin Perona Ogasun zuzendariak. Konfidentzialtasunaren babeserako legedien ondorioz, Ogasunak ezin du halako kasurik badagoen edo ez aurreratu, eta are gutxiago izenen aipamenik egin. Delitu litzateke. "Zerga araudia hautsi den zantzuak daudela dioen edozein informazio jasotzen dugun bakoitzean bezala, ikertzea da gure betebeharra. Arau-hausterik topatzen badugu, araudiak ahalbidetzen dituen tresnekin erantzungo dugu", esan du Peronak.

Alemaniako Suddeutsche Zeitung egunkariak lortu eta, ICIJ ikerketa kazetarien partzuergoaren bidez, hainbat komunikabidetan zabaldutako agirietan Gipuzkoako izen bakarra agertu da, orain arte. Horien arabera, Realak offshore konpainiak baliatu zituen, 2000 eta 2007 artean, zazpi jokalariri ordainketak egiteko: Darko Kovacevic, Nihat Kahveci, Tayfun Korkut, Sander Westerweld, Valeri Karpin, Gabriel Schurrer eta Mattias Asper.

Realak adierazpena kaleratu zuen apirilaren 6an gaiari buruz. Klubak ez du ukatzen offshore konpainien kontua, eta esaten du auzia ez dela berria Realarentzat; halaber, 2008-2009an Gipuzkoako Ogasunak ikuskaritza fiskala egin ziola, bere egoera erregularizatu zuela eta kontuak garbi dituela azaldu du klubak. Ogasunak gaia ikertuko duela beste azalpenik ez du eman auziari dagokionez.

Iaz, 357 milioi euro

Peronaren hitzetan, iruzurraren kontrako borroka "etengabeko hobekuntza prozesu bat da, helmugarik gabeko lasterketa bat". Iazko jardunari dagokionez, martxoan eman zituzten iruzurraren datuak. Horien arabera, 2015eko kanpainan 357,7 milioi euroko irizurra azaleratu zen, eta Sozietate Zergari zegokion zati handiena (180 milioi euro). Ogasunari ezkutatutako kopuru horren ondorioz, gipuzkoar bakoitzeko 510 euro gutxiago jaso ziren iaz. Hala ere, Gipuzkoako Ogasunak diru horren %70 inguru berreskuratzeko itxaropena azaldu du (250 milioi euro inguru).

Azken urteotan, Sozietate Zergaren alorrean azaleratutako iruzurrak izan du bilakaera handiena —2011n 93 milioi izan ziren, eta 2015ean 179—; Peronak, ordea, ez du uste kopuru hori gehiago igoko denik. "Ez dirudi hurrengo urteetan Sozietate Zergaren inguruan ikusi dugun garapena mantenduko denik". Izan ere, iruzurraren zatirik handiena Enpresak Sustatzeko Sozietateen bidez egiten zen, eta erregimen berezi horren azterketatik etorri da azken hiru urteetan iruzurraren gorakada. "Egun, erregimen hori indargabetuta dago, eta ez da erregimen horretan zegoen enpresarik gelditzen aztertzeko".

Iruzurgileei ateak ixtea Gipuzkoako Foru Aldundiaren "lehentasuna" dela azaldu du Peronak. "Iruzurgileek gero eta metodo sofistikatuagoak erabiltzen dituzte, teknologiak ahalbidetzen dituen bideak, eta gurea etengabeko jarduketa da erritmoari eutsi eta esparru berrietara iristeko. Lanketa horri esker, iruzurgileek gero eta alor murritzagoak dituzte iruzurra gauzatzeko".

Ogasuna, beraz, etengabe ari da iruzurrari aurre egiteko neurri berriak indarrean jartzen. Iaz azaleratutako iruzurraren datuak, "oro har, datu onak" direla uste du foru aldundiak, aurreko urtekoaren ildoan doazelako. "Gure aldetik, esku artean ditugun tresna teknologikoak eta giza baliabideak modu egokienean erabiltzen saiatzen gara, iruzurgileei ahalik eta zirrikitu txikiena uzteko". Ogasunaren egunerokoan zeharkako lerro bat da iruzurraren kontrako borrokarena. "Eta emaitza lantalde koordinatuaren ondorioa da. Ahalegin kolektiboa dela esan daiteke, ez baita ikuskaritza ekintzetara soilik mugatzen; Ogasuneko edozein langilek, bere egunerokoan, zenbakietan inkoherentziaren bat aurkitu eta iruzurra azalera dezake", azaldu du Peronak.

Iruzurraren aurkako borrokan, ordea, foru aldundiak ez duela bakarrik jarduten ere nabarmendu du. Beste administrazioekiko informazio trukea, lurraldeko eragile eta sektore ordezkariekin egiten den kontzientziazio lana eta Ogasuneko zuzendaritzaordeen arteko koordinazioa aipatu ditu Peronak "zutabe garrantzitsuenen" artean.

Foru aldundiak gero eta zailago jarri nahi dio iruzurgileari tranpa egitea, eta horretan kontzientziazioa ezinbesteko jotzen du. "Iruzurgileen kontrako kontzientzia gero eta handiagoa da", dio Ogasuneko zuzendariak. "Guretzat, zerga betebeharrak borondatez betetzearen aldeko pedagogia da iruzurraren kontrako jardunaren parte garrantzitsuena". Eta kontzientziazio horretan buru-belarri jarraituko dutela iragarri du. "Badirudi batzuetan ez garela jakitun zertara bideratzen den zerga bilketan jasotzen den dirua: hezkuntza, osasuna, zerbitzu sozialak...".

Gipuzkoa, herritarrek ordaintzen dituzten zergei esker, eta zergekin ordaintzen diren gizarte zerbitzu horiei guztiei esker, Europan "ezberdintasun gutxieneko lurraldeen artean" dagoela azpimarratu du Peronak, eta gizarteari hori ikusaraztea ezinbestekoa dela. "Gizarteak barneratu beharreko zerbait da hori".

Iruzurgileen izenak, argitara

Hala ere, Ogasunak iruzurraren kontra daraman borrokan eta herritarren kontzientziazioan, beste pauso bat emango du epe laburrean Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ogasunarekin zorrak dituzten enpresa eta norbanakoen zerrenda itxita dauka dagoeneko Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta urteko bigarren seihilabetekoan argitara emango dute zerrenda hori. "Zerrenda jada itxita dago, martxoaren 31n atera genuen argazkia", azaldu du Peronak. Izan ere, martxoaren 31 izan zen Ogasunari dirua zor zioten herritar eta enpresek zorrak kitatzeko zuten azken eguna. Hainbat hedabidek zabaldutakoaren arabera, 60 bat izango dira zerrenda hori osatuko duten izenak. Halako daturik, ordea, ez du baieztatu Ogasuneko zuzendariak. "Argitalpena 2016ko bigarren seihilekorako dago iragarrita, eta beste lurraldeekin adostuta dago. Zerrenda horretan Ogasunarekin milioi bat euro baino gehiagoko zorra dutenak identifikatuko dira".

EH Bilduk eta Podemos Ahal Dugu-k kopuru hori jaisteko ahalegina egin zuten iaz, eta 100.000 eta 50.000 eurotik gorako zorra zutenen zerrenda argitaratzeko eskatu zuten, hurrenez hurren; EAJk, PSE-EEk eta PPk zorraren gutxienekoa milioi bat eurotan uztea erabaki zuten. Peronak "pedagogia egiteko estrategian" kokatzen du zerrenda hori.

Ogasunaren aurrera begirako urratsen artean, bestalde, iruzur fiskalaren aurkako Egiaztapen Plana aipatu du Ogasuneko zuzendariak. "Plan horrek urtebeteko indarraldia izaten du, eta bertan biltzen dira urtean zehar foru aldundiak iruzur fiskalaren kontra egiteko aurreikusten dituen jarduerak. Aurtengoa datorren astean aurkeztuko dugu, batzar orokorrean". Bertan, arlo teknologikoan zein giza baliabideei dagokienez nolako pausoak emango dituzten jasoko da, xehetasun guztiekin.

Erretiroan, borroka bikoitza

Erretiroan, borroka bikoitza

Eider Goenaga Lizaso

Felix Casadok zailtasun handiekin igo ditu eskailerak. Arnasestuka, hamar eskailerako tartean bi edo hiru geldialdi egin behar izan ditu. Lazkaon ibiltzeko, motor elektriko bat jarri diote, edozein aldapa txiki gainditu ezinezko oztopoa baita harentzat. Baina, oztopoak oztopo, gaurkoa egun seinalatua da Casadorentzat. Izan ere, duela bost urteko martxoaren 18an, kirofanora sartu zuten, bertatik bizirik ateratzeko %20ko probabilitate eskasarekin. Biriketako minbizi "oso txar" bat topatu zioten eskuineko birikaren erdi-erdian, eta ebakuntzan birika osoa eta perikardio zati bat kendu behar izan zioten.

"Bizirik jarraitzeko apustua" egin zuen orduan Casadok, eta horretan segitzen du. "Bost urte asko dira. Gurea bezalako kasuetan, bizi itxaropena sei hilabete eta bost urte artekoa izaten da", gehitu du Felipe Cuñadok. Cuñadori iaz egin zioten ebakuntza, hari ere biriketako minbiziagatik. Mendian ibiltzeko ohitura handia zuen Cuñadok, minbizia topatu zioten arte; orain, maldarik gabeko tokietan baino ezin da ibili. Minbiziaren jatorriari buruz, zalantza izpirik ez. "Orain dela 40 urte Olaberriko Aristrain fabrikan lan egindako zortzi urteak. Nik ez dut ordutik harreman gehiago izan amiantoarekin, eta nire gaitza amiantoaren ondorio zuzena da", azaldu du Casadok.

Casado eta Cuñadorekin batera, Julian Garcia eta Jose Robles agertu dira Hitza-rekin eginiko hitzordura. Garciak eta Roblesek ez zuten lanean amiantoarekin harremanik izan, baina galdaragintzan egin zuten lana biek, eta soldadurako gasen eraginez gaixotu dira. Garciari biriketako minbizia antzeman zioten iaz. "Zorterik handiena nik izan dut", gaineratu du Roblesek. Izan ere, Robles da lauren artean minbizia izan ez duen bakarra. "Oraingoz", zehaztu du. "Neumologoak esan zidan lana aldatzen ez banuen oxigeno botila bizkarrean nuela ibili beharko nuela. Enpresari postu aldaketa eskatu, eta erantzuna ezezkoa izan zen". Erretiroa hartu zuen orduan.

GEPEren kanpaina

GEPE Gipuzkoako Erretiratu eta Pentsiodunen Elkarteko kideak dira laurak, eta gaixotasunak eragindako zailtasunak gorabehera, modu aktiboan ari dira parte hartzen elkarteak gaixotasun profesionalen inguruan abiatu duen kanpainan, eta baita Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkartean (Asviamie) ere.

Antton Karrera GEPEko koordinatzailea lagun dutela ari dira batera eta bestera mugitzen, hitzaldiak ematen, euren errealitatea azaltzen eta amiantoarekin eta beste gai toxikoekin lan egin duten langileen artean kontzientzia pizten. "GEPEn konturatu ginen erretiratu ostean jende askori ari zitzaizkiola jatorri profesionaleko minbiziak eta bestelako gaitzak diagnostikatzen, eta gaitz horiek triskantza ari zirela egiten gure artean. Zerbait egin behar genuen, eta kanpaina jarri dugu martxan", azaldu du Karrerak.

Kanpaina ez da soilik amiantoarekin lan egin dutenentzat. "Egia da amiantoak eragiten duela gaixo gehien, baina Euskal Herriko lantegietan minbizia sortzen duten gai asko erabili da —silizea, soldadurako gasak, disolbatzaileak...—, eta erabiltzen da". Eta horiei guztiei egiten die deia, mugi daitezen eta erretiroaren osteko osasun azterketak eska ditzaten.

Izan ere, jatorri profesionala duten gaitz asko gai toxikoekin kontaktua izan eta urte askotara agertu ohi dira —Casadoren kasuan, adibidez, 40 urtera—, eta langile asko eta asko erretiratuta daudenez, enpresako ohiko azterketarik ez dago haientzat. "Asviamie elkartekoak saiatzen gara amiantoarekin lan egin izan dutenak Osalanen protokoloan sartzen; Euskadin, hiru lurraldeetan, 7.000 lagun daude sartuta. Baina, askoz gehiago izan beharko lukete, eta GEPEren kanpaina horiei begira ari gara egiten", azaldu du Casadok.

"Ni naiz prebentzioak eta Osalanen bidez egiten diren osasun azterketek duten garrantziaren adibidea", gehitu du Cuñadok. 2007an sartu ziren Cuñado eta beste hainbat langile Osalanen protokoloan, eta ordutik urtean behin egin dizkiote azterketa espezifikoak. "Eta 2014ko irailean egindako azterketari esker nago bizirik orain. Oso minbizi azkarra zen nirea, asko zabaldu zen epe motzean, eta azterketa bi hilabete geroago egin izan balidate, hilerrian nengoke orain".

Hala, GEPEk Osalanera bideratzeko, aldiriko osasun azterketak bermatzeko, eta Gizarte Segurantzan gaixotasun profesionala onartua izateko laguntza eta aholkularitza eskaini nahi duela dio Karrerak. "Arazo nagusia langileak amiantoarekin edo bestelako gai toxikoekin lan egin duela frogatzea da; behin hori frogatzen denean, ikuspegi juridiko-legaletik ez dago arazorik Gizarte Segurantzan ezintasun absolutua onartzeko". Karreraren arabera, asko borrokatu da hori hala izan dadin; lehen, zailtasun askorekin lortzen zen ezintasunaren onarpena, baina orain, errazagoa da.

Ezintasunaren onarpena ia berehalakoa da enpresa desagertuta dagoen kasuetan. "Enpresa existitzen ez denez, astebetean onartu zidaten gaixotasun profesionalak eragindako ezintasun absolutua", azaldu du Garciak. Enpresak jarraitzen badu, bidea konplexuagoa da. Casadoren kasuan, mutualitateak bi helegite jarri zituen, eta kasua EAEko Auzitegi Nagusiraino heldu zen. "Noski, enpresa ez badago martxan, Gizarte Segurantzak ordaintzen du pentsio osoa; baina, enpresak jarraitzen badu, ezintasun absolutuari dagokion diferentzia mutualitateak ordaindu behar du", azaldu du Casadok. Karrerak, horren harira, nabarmendu du herritar guztien dirutik ordaintzen direla enpresa askok egindako kaltearen ondorioak, eta hori "iruzurra" dela.

Kalte-ordainik ez

Ezintasunaren onarpena eta horri dagokion pentsioa kobratzea gauza bat da, ordea, eta bestea, langileak dagokion kalte-ordaina lortzea. Enpresarik ez badago, kalte-ordainik ez dago. Enpresa baldin badago, hark ordaindu behar du, bere garaian hartu ez ziren segurtasun neurriengatik atzerapen moduan. "Baina hori oso zaila da. Niri abokatuak esan zidan 30 milioi pezeta [180.000 euro inguru] kobratu beharko nituela, baina ez dut dirurik ikusi", azaldu du Roblesek. Casadoren kasuan, Espainiako Auzitegi Gorenean dago Arcelor Mittalek ordaindu beharko liokeen kalte-ordainaren kasua. "Joan den hilean onartu zidaten prestazioen errekargu bat, baina ez dizut esango zenbatekoa den, helegitea jarriko dutelako, ziur".

Hain zuzen ere, kalte-ordainik izango ez duten horientzat konpentsazio funts bat sortzea da GEPEren, Asviamieren eta kaltetutako langile ohien aldarrikapen nagusietako bat. "Gure osasuna itzuli ezin digutenez, gutxienez laguntza bat litzateke hiltzeko garaian", dio Cuñadok, eta baita gure alargun eta seme-alabentzat ere", gehitu du Roblesek. "Kontua da Eusko Jaurlaritzak esaten duela ez dela bere eskumena, eta Espainiako Gobernuari eskatzen dio funtsa sortzeko. Nik ez dakit nork sortu behar duen, Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak, mutualitateek edo enpresek, baina ezinbestekoa da lehenbailehen sortzea. Eta askorentzat, gainera, beranduegi izango da".

Funtsak berebiziko garrantzia izango luke, Cuñadoren arabera, senarraren arropak garbitzeagatik gaixotu diren emakumeentzat. "Hemen, Bergaran hildako emakume bati aitortu diote gaixotasun profesionala. Kontua da pentsiorik ez dagokiola, ez duelako inoiz kotizatu. Kalte-ordaina gizonaren enpresak ordaindu beharko lioke. Baina, zer gertatzen da enpresa itxita badago? Nork ordaintzen dio?".

Amiantoarekin gertatutakoa ondo olioztatutako sistema baten ondorio dela dio Cuñadok, langilearen bizitzari baliorik ematen ez dion sistema baten ondorio. "Terrorismoaren biktimak omendu dituzte gaur [martxoaren 11n egin zen elkarrizketa], eta nik aldarrikatu nahi dut gu ere terrorismoaren biktimak garela. Etorriko zenaren jakitun izan arren, enpresek gauzatu zutena, mutualitateek babestu zutena, eta laneko inspektoreek ahalbidetutakoa; izan ere, denek zekiten amiantoak minbizia sortzen zuela". "Eta horri gehitu behar diozu bere garaiko agintariek eta gobernuek, batez ere frankismo garaian, onartu zutela, beste alde batera begiratu zutela, babestu zutela. Legeak egin arren, ez baitziren inoiz bete", gehitu du Karrerak. Eta gobernu askori egozten die ardura GEPEko kideak. Izan ere, amiantoari buruzko lehen arauak 1940koak ziren, baina hura erabiltzeko debekua ez zen 2001eko abenduaren 30 arte indarrean sartu.

Gobernuen eta, batez ere, enpresen arduragabekeria hori orain garesti ordaintzen ari dela nabarmendu dute bostek. Orain, milaka langile ohi ari dira gaixotzen, milioika eurotan zenbatzen dira pentsioak eta kalte-ordainak. "Prebentzio neurriak ez hartzeagatik, begira orain zein garesti ari garen ordaintzen. Eta enpresak ere bai, enpresa baten iraupenarentzat ere ez baita gozoa orain kalte-ordainak ordaindu behar izatea. CAFen, adibidez, 30 bat dira orain arte amiantoaren ondorioz hildakoak, eta dirutza bat da kalte-ordainetan", azpimarratu du Casadok.

Cuñadoren iritziz, enpresek amiantoaren eta bestelako gai toxikoen eraginak epe luzera agertzearekin jokatu nahi izan zuten. "Haiek oso ondo zekiten zeintzuk ziren ondorioak, baina bazekiten denbora asko pasatuko zela ondorio horiek agertu arte. Zenbat jende hil den asbestosia [amiantoaren gaitza] zuela jakin gabe, eta biriketako minbizia zerk eragin zion jakin gabe! Zorionez, zientziaren aurrerapenak ahalbidetu du orain kasu hauek guztiak azaleratzea, eta gaixotasunak amiantoaren eraginez sortu direla frogatzea".

Etorkizunarekin kezkatuta agertu dira laurak. Ez euren etorkizunarekin, ordea, amiantoaren ondorioek ekarriko duen etorkizunarekin baizik. Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, urtean 107.000 lagun hiltzen dira munduan, amiantoaren eraginez, eta kopuru hori handituz joango da. "Puntu gorena 2025-2030en iritsiko da, eta hori izugarria da", amaitu du Cuñadok.

Mantendu bai, dena ez

Mantendu bai, dena ez

Maite Alustiza

Harridura marka bat darama barruan ertz gorriko triangeluak. Arriskua adierazten du. Gipuzkoako errepideak mantentzeaz arduratzen diren langileek seinale hori zabaldu dute aste honetan, bai errepideetako zubietan zintzilikatu dituzten pankartetan, bai egin dituzten elkarretaratzeetan. Greba mugagabea hasi zuten asteartean, eta eguerdian, Donostian bildu ziren protestarako, sirena hots etengabearekin. Ozen egin zuten eskaera: "Diputazioa, soluzioa". Errepideak mantentzen jarraitu nahi dute; ez, ordea, egungo baldintzak mantenduta.

Gipuzkoan lau dira errepideen mantentzeaz eta ustiapenaz arduratzen diren aldi baterako enpresa elkarteak, eta horietatik hiru batu dira ELAren greba deialdira: UTE Goierrialdea 2014, UTE Miramon 2014 eta UTE Urola Deba 2014. Diputazioaren menpe daude, eta hirurek 95 langile inguru barnebiltzen dituzte —sektorean 130 bat langile dira guztira—. Langile horiek ordainpekoak ez diren errepideen %75-80ren mantentze lanez arduratzen dira, N-1 errepidea barne.

Greba egiteko arrazoi nagusia bat da, Manu Tena ELAko Gipuzkoako eraikuntzako arduradunak azaldu duenez: "Adjudikazioena da benetako arazoa. Urtetik urtera merkeago egiten ari dira, eta iritsi da momentu bat non diputazioak, pribatuan eta birritan, hori onartu egin duen. Eskatzen dugu adjudikazioen politikak prezio justu batera aldatzeko, horrela enpresen eta langileen baldintzak hobe daitezen". Hala ez den bitartean, argi dute greba mugagabean jarraituko dutela.

Zerbitzu berri bat adjudikatzeko, erreferentzia moduan aurreko adjudikazioa erabiltzen dela dio Tenak, eta aurreko adjudikazio hori dagoeneko merkatuta dagoela: "Beherantz doan marra bat da. Iritsiko da momentu bat non enpresek ezingo dieten aurre egin legeak ezartzen dizkien baldintzei". Langileek eurek ere, egoerari aurre egiteko, greba egitea beste aukerarik ez zuten, Jone Irureta UTE Miramon 2014ko langile eta ELAko delegatuak dioenez: "Badirudi azken urteetan diputazioak murrizketak aplikatzeko politika bat izan duela, eta enpresa hauei ez zaie inolako tarterik gelditzen hobekuntzak egin ahal izateko. Beste irtenbiderik ez dugun momentua iritsi da".

Lan baldintzei dagokienez, Gipuzkoako eraikuntzaren hitzarmeneko baldintzak dituzte. Tenak dioenez, itunak sei urte daramatza geldirik; beraz, "langileen baldintzetan ez da inolako hobekuntzarik egon urte hauetan". Lau urtean behin sartzen dira zerbitzura aldi baterako enpresa elkarteak, eta horietara subrogatzen dira langileak. Iruretaren arabera, arazoa duela zenbait urtetatik dator: "Gure lan espezifikoa dela eta, urte askotan eraikuntza hitzarmenaren barruan egon gara, baina badaude gauza asko itun horrek hartzen ez dituenak. Nahi genuke hori erregulatzea, eta guretzako neurrira eginda egongo litzatekeen hitzarmen bat lortzea, bai alde ekonomikoan, bai bestelako arloei dagokienez". Besteak beste, soldata igoerak, plusak eta erreformaren kontrako klausulan jasotakoa betetzen dela berma dadin nahi dute.

Eragina herritarrengan

Errepideetan askotariko lanak egiten dituzte langileok: garbiketa eta mantentzea, mantentze elektrikoa, errepideko gertakarien artapena, neguko errepide planak, abisu eta gertakarien kudeaketa, tunelen zaintza... Horregatik, herritarrei "barkamena" eskatu die Tenak, grebaren ondorioz sor daitezkeen arazoengatik. "Ulergarria da herritarrak minduta egotea, baina haiek gu ulertzea nahiko genuke. Mantentze lan hauek denon zergekin ordaintzen direla esaten diegu, eta kontziente izan behar dira adjudikazioak okerrak direla".

Greba oihartzun handia izaten ari da. Lehen egunean, esaterako, deialdiak %98ko babesa jaso zuen, batik bat bulegoetako langileak lanera joan zirelako; errepideko langileek, berriz, %100ek egin zuten greba. Hala ere, ziurtatu dute gutxieneko zerbitzuak errespetatzen ari direla, eta diputazioari eta enpresei ere hala egiteko eskatu die sindikatuak: "Bestela, publikoki eskatuko dugu enpresa horiei kontratuak eteteko". Iruretak azaldu duenez, grebak gidarientzat ez dakar arriskurik, hitzartu dituzten gutxieneko zerbitzuak direla eta: "Abisuak, bideko garbiketa garrantzitsuenak eta abarrak beteko dira, baina eguneroko mantentze lanak ez ditugu egingo, larrialdiak bakarrik".

Negoziatzeko eskatu

Urritik hona hainbat bilera egin dituzte langileen ordezkariek enpresetako zuzendaritzekin, baina Tenak dioenez, ez dira bat etorri. "Ez dugu ahaztu behar enpresak direla zerbitzu honetan sartu direnak, beraiek dira sartu diren zerbitzuaren erantzule". Diputazioko ordezkariekin bildu zirenetik hilabete igaro da: "Geroztik ez dugu haien erantzunik jaso".

Arazoa "serioski" plantea dezala eskatu dio Iruretak aldundiari: "Onartu du arazoa badagoela, baina ez du oraindik soluziorik emateko pausorik eman, ez alternatibarik eman. Diputazioak pauso bat noiz emango zain gaude". Negoziatu, eta enpresa eta langileentzat baldintzak onak adostu ditzatela nahi dute. Aldundiak, ordea, joan den astean adierazi zuen hiru enpresei eta sindikatuei dagokiela negoziatzea, eta bilera horiek dakartenaren zain egongo dela. Haren egitekoa gutxieneko zerbitzuak bermatzea dela gaineratu zuen, eta hala izango dela ziurtatu.

Baserri txikien iraultza

Baserri txikien iraultza

Eider Goenaga

Baserritarraren ikuspegi tradizionala apurtu egiten dute: bai baserriari begiratzeko moldeagatik, bai egindako bizi apustuagatik eta baita baserria bizitzeko eragatik ere; eta, azalekoari erreparatuta, itxuragatik ere bai. Nekazaritza ekologikoa egiten dute, eta agroekologia da haien jarraibidea. Modu iraunkorrean ekoiztea, garaian garaikoa errespetatzea eta, bitartekaririk gabe, hasi eta buka, prozesu guztia eurek egitea. Horrek egiten ditu berezi.

Ion Ruiz de Egino Azkarate-Askasua (Bergara, 1987), Nere Aspiazu Baskaran (Bergara, 1988) eta Julen Azkoaga Baritxinaga (Mañaria, 1988) dira Eskubaratz proiektuaren atzean dauden izenak. Baratzea da haien proiektuaren ardatza, eta otarrak prestatuz eta azoketan zein denda berezituetan salduz ateratzen dute bizimodua. Izurtzan (Bizkaia) dute ortua, eta han dute hitzordua Hitza-rekin. "Ortura joango gara", esan diote kazetariari. Ezin espero, ordea, haren tamaina. 3.000 metro koadro dituzte negutegietan, eta beste 10-12 mila metro koadro kanpoan. Harrotasunez erakusten dituzte ortuak. "Ikusiko bazenu nola hasi ginen".

Duela hiru urte egin zuen lehen urratsa Eskubaratzek. Ilara anitzeko negutegi batean hasi ziren. "Ilara batekin hasi ginen, eta urtea amaitzerako osoa hartua genuen". Alokairuan dituzte lurrak, eta hurrengo urterako beste lursail bat alokatzekotan dira. Otarrak etxez etxe banatzen zituzten hasieran. "Orain, Durango eta Bergarako azoketan egiten dugu banaketa", azaldu du Azkoagak. 60 bat "elikadura talde" dituzte: "Kontsumo talde izena ez zait izen egokia iruditzen".

Agroekologiaren bidetik

Ingurumen Zientziak ikasi zituzten hirurek, baina karrerak ez zituen asebete. Bakoitzak bere bideari ekin zion ondoren, orain hiru urte berriro elkartu ziren arte. Agroekologian masterra egin zuen Azkoagak Jaenen (Espainia), eta han ikasitako teoria praktikan jarri nahi zuen. Eskozian etxalde batean aritu zen Ruiz de Egino, eta han egin ahal bazen hemen ere egin zitekeela pentsatzen zuen: "Agroekologikoki lantzen zuten, baina elite batentzat ekoizten zuten". Aspiazuk ere bazuen ortu txiki bat, eta interesa sortu zion beste bi kideek buruan zuten proiektuak. Halaxe osatu zuten hiruko taldea. Elkarrekin lan egiten dute, eta elkarrekin bizi dira. Horrek aberastu egiten ei du lana; baina ortuaren kudeaketari harremanen kudeaketa gehitzen dio. "Garrantzitsua da harremanak eta zaintza ondo kudeatzea, bestela proiektua pikutara joan daiteke berehala".

"Baserriak taldean bizitzeko gunea izan behar du. Lehen, esku asko izaten ziren baserrian, eta logikoa da", gehitu du Naroa Ariznabarretak (Eibar, 1983). Amarekin eta ahizparekin bizi da baserrian, eta baserrirako apustua egin zuenean, oso beltz jarri zioten etorkizuna. "Aitak eta amak baserritik ezin zela bizi esaten zidaten, hartzeko egun erdiko lan bat". Baina baserria da egun bere ogibidea. "Diru gutxi ateratzen da, baina nik gutxi behar dut bizitzeko". Amak kanpoan egiten du lan, eta berak baserria mantendu eta kudeatzen du. "Oreka lortu dugu horrela", dio.

Etorkizunera begira, buruan beste proiektu bat du Ariznabarretak. Baserrian obra egin nahi dute, jende gehiago bizi dadin egokitzeko. "Jende gehiago etortzea nahi dugu. Azkenean, osatuko dugu familia bat, baina guk aukeratutako familia, baserrian eta baserritik bizi nahi duen familia bat. Gurera etorri nahi duenak aukera izango du, nahi badu, kanpoan lan bat izan eta gero baserrian bizitzeko, edo lanaldi erdiz kanpoan eta beste erdiz baserrian aritzeko, edo lanaldi osoz baserrian aritzeko". Lehen hala izaten zela dio, batzuk baserrian soilik aritzen zirela eta beste batzuk baserrian zein kanpoan. "Garai batean hala izaten zen, eta erabateko zentzua du".

Baserriaren jabetza bertan bizi diren guztien artean banatzea litzateke proiektuaren funtsa. "Horrela lortzen dugu baserri hori eta lursail hori sekula ez erabili ahal izatea beste kontu batzuetarako, esplotazio handietarako edo espekulaziorako; alegia, agroekologia ez den ezertarako".

Baserria edo fabrika

Ruiz de Egino, Azkoaga eta Ariznabarreta baserrian jaioak dira, era batera edo bestera baserriarekin harremana izandakoak. Aspiazu da baserrian jaio ez den bakarra: "Ortuan hasi ginenean, jendeak esaten zidan zoratuta geundela: 'Oso gogorra da, ikusiko duzu...'. Baina ni fabrika batean aritua naiz, hilabete osoa pieza bera muntatzen, eta hori da nik inondik inora nahi ez dudana. Eta halako lan bat izango banu, jendeak zoriondu egingo ninduke".

"Bai, baina esan behar da hau oso bizimodu prekarioa dela; nik ez diot inori gomendatzen hutsetik hastea", gehitu du Azkoagak. "Hau ez da bukolikoa. Zuretzat zentzua baldin badu, bai, aurrera, bizi daiteke honetatik, eta merezi du saiatzea; eta behar dira nekazari gazteak, eta pila bat gainera; eta, gainera, hau da esperientzia bat bizimodua goitik behera aldatzen dizuna. Baina ez da bide erraza".

Lau gazteentzat baserria ez da bizibidea ateratzeko bitarteko soila; gehiago da, eta horrek ematen die motibazioa. Ez dute baserria ulertzen irizpide agroekologikoetatik kanpo, eta agroekologiak, kontsumo eredua aldatzeaz gain, gizarte eredua aldatzea dakar. "Iraultza txiki bat da gurea, eta iraultza handiagoa nahi dugu. Gizarte eredua aldatzera goaz. Hau ez da erabaki pertsonal soila, konpromiso kolektibo bat da, konpromiso bikoitza: ingurumena eta elikadura barne hartzen ditu", azaldu du Ariznabarretak.

Azkoagarentzat "sistema kapitalistari eta patriarkalari alternatiba bat" ematen diote agroekologiaren bidez. "Izan ere, aldaketa ez da elikagaiak beste era batera sortzea soilik, eragina dauka elikaduraz askoz ere haratago. Elikadura kontrolatzen baduzu, zure elikaduraren jabe bazara, aurretik gauza asko aldatu dituzu horra heltzeko". Elikadura burujabetzarako bidean gizarte osoa aldatu behar dela uste du Azkoagak, ez dela kontua ehun nekazari gehiago egotea, baizik eta gizartea aldatzea. "Beste elikadura eredu batek beste kontsumo eredu bat eskatzen du, beste kontsumo eredu batek beste gizarte eredu bat eskatzen du, eta hori da gure iraultza".

Gazteak, eragile

Gazteak eta baserritarrak izatea bera ere bada iraultza txiki bat. Hala uste du Aspiazuk. "Nik uste dut gure presentzia hutsak jada eragin bat duela. Nire lagun artean nekazaria den Nere bat egoteak ireki ditu leihotxo pila bat; agian ez da kontzientzia absolutu bat, baina ireki du tartetxo bat". "Eta ez lagun artean bakarrik, azoketan ere bai. Azkenean, hor eragileak gara; gure presentzia hutsarekin eta bakarrik hor egonez, eragin egiten dugu", gehitu du Ruiz de Eginok.

Azokei dagokienez, postuak dituzten baserritarren gehiengoa adin nagusikoa dela diote lau gazteek, eta baserrietan ere hori dela joera. Haize berria dira beraiek. Hala, gazteak baserrian hasten direla ikusteak, egiteko modu berriekin datozela ikusteak, hasieran beste baserritarren errezeloa pizten duela diote, baina gero gainditzen dela hori. "Batzuek esaten dute 'jausiko dira', baina nik uste dut beste askori ilusioa ere egiten diela", dio Ariznabarretak. "Bai, eta beste baserritarrek ere pentsatzen dute agian balioko duela azokara jende gazte gehiago erakartzeko; ez da gertatu, baina...", gehitu du Aspiazuk.

Eurek egindako apustuak, tamalez, gizartean islarik apenas duela berretsi du Azkoagak. "Batzuetan ortuan zaude, eta burbuila bat bezalakoa da. Gauzak goitik behera aldatzen ari garela pentsatzen ari zara, eta, gero, jaisten zara kalera, eta konturatzen zara, 'ai, errealitatea lehengoa da oraindik'".

Hala ere, ziur daude baserrian belaunaldi apurketa bat izaten ari dela eta horrekin egiteko moduetan ere aldaketa egongo dela. "Egon behar du", dio Azkoagak; bestela Euskal Herrian baserriak etorkizun kaskarra izango duelakoan dago. "Arazoa da baserritik bizi nahi duenak koltxoi bat behar duela, bestela oso zaila dela", dio Ariznabarretak. Horretarako formula egokia Aspiazuk jarri du mahai gainean. "Hainbeste baserri daude galtzera doazenak, hainbeste baserritar baserrirako ondorengorik ez dutenak... Harreman bat sortu beharko litzateke: arduratuta dauden baserritarrak, lurdunak, eta interesa duten gazteak, lurrik ez daukatenak. Harreman ederra litzateke, eta denontzako onuragarria". "Horrela etorkizuna ematen diozu baserriari, bestela dena basoak jaten du. Baina jende bat badago nahiago duena sasiak bere lurra jatea, beste norbaiti uztea baino", gehitu du Ruiz de Eginok.

Baserria XXI

Lau gazteak Baserria XXI elkartearen sorrera prozesuan parte hartzen ari dira. Garrantzitsutzat dute agroekologian dabiltzanentzako elkargune bat sortzea, ildo horretan Gipuzkoan hutsunea sentitzen baitute. "Bizkaian EHNEk badu lanketa bat egina, erreferentzia bat da nekazarientzat, baina Gipuzkoan erreferentzialtasun hori falta da", dio Ruiz de Eginok. "Orain urte batzuk jende batek EHNEtik martxa egin behar izan zuen, ibili ziren bilerak-eta egiten, ulertzen zutelako nekazaritza eredu konkretu bat zeramatenak gelditzen zirela kulerotan, ez zutela ordezkaririk, eta ez zirela kontuan hartuak. Hortik hasi zen prozesua", azaldu du Ariznabarretak.

Azken jardunaldiak joan den astean egin zituzten, Andoainen. "Berrogeitik gora lagun azaldu ginen; kopuru polita da. Gure helburu, arazo, hutsune eta erronkak zein diren zehaztu dugu, eta orain, gure lan ildoak erabakita, antolaketa ereduaz ari gara hizketan". Baserria XXIek ez dauka sindikatu bokaziorik, "sindikatua modu tradizionalean ulertuta", eta ez dator martxan den beste erakunde, elkarte edo eragilerik ordezkatzera, "asmoa ez da beste txiringito bat muntatzea". Modu ekologikoan jarduten duten baserritarren elkargune izan nahi du. "Kolektibo baten sorrerak berak halako babes bat ematen dizu, erreferentzialtasun bat, eta inportantea da", dio Aspiazuk.

Aldameneko baserritarra lehiakide gisa ez baizik bidelagun gisa ikusi behar dela uste dute, eta horretan urrats bat dela Baserria XXI. "Agroekologiak iraun behar badu, horrela izan behar du, ezin du izan lehiarik; bidelagun eta lagun izan behar dugu, lehia alde batera utzita", amaitu du Azkoagak.

Ekintzarako prest dago XV. mendeko eraikina

Ekintzarako prest dago XV. mendeko eraikina

Asier Perez-Karkamo
Ekintzarako eraiki zuten XV. mendean, hiribilduko ekialdeko sarbidea zen Nafarroako atea babesteko. Eta ekintzarako birmoldatu dute XXI.enean. Eskualdean aztarrena uzteko prest dauden ekintzaileak nahi dituzte Errenteriako Torrekua ...

Hemen lan egiteko lanean

Hemen lan egiteko lanean

Itsaso Andueza EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko lehendakariak "kezkatuta" hitz egiten du Adegiko presidente Pello Gibelaldek urriaren hasieran egindako adierazpenen harira. Ez dio balio gazteei buruz esandakoak esan eta gero barkamena eskatzeak. ...

“Atzerritarra zara hemen, eta lana ez-kualifikatua da atzerritarrentzat”

Martxoan Ingeniaritza ikasketak bukatzeko proiektua egiten hasiko da Leipzigen (Alemania), baina bitartean Berlinen bizi da Mikel Larrañaga (Azkoitia, 1992). Duela hiru hilabetetik alemana ikasten ari da Berlingo hizkuntza eskolan, Leipzigeko unibertsitatean egin beharreko ikasketak jarraitu ahal izateko, eta bitartean lanean ere ari da. "Minilan horietako batean", azaldu du.

Lana, Berlinen, soberan dagoela dio. Atzerritar ugari bizi da han —"batik bat espainiarrak eta italiarrak, euskaldunak gutxiago"— eta lana egin nahi duenak aurkitzen du. "Baina lan prekarioa izaten da, kualifikatu gabea; batzuetan minilanak dira, baina baita kontratu gabeko lanak ere, gero eta gehiago; adibidez, jatetxe batean platerak garbitzen".

Larrañagak erabilera anitzeko estadio batean lan egiten du. Ho-ckeyan eta saskibaloian jokatzen da bertan, eta jaialdiak ere egiten dituzte. Baterako edo besterako prestatzen dute estadioa Larrañagak lan egiten duen enpresakoek. "Lana fisikoa da, oso fisikoa".

Gehienezko ordu kopuru bat egin daiteke minilan batean, baina soldata ere horren araberakoa izaten da: gehienez, 450 euro hilean. "Niri ondo egokitzen zait; hilean bost-sei egun lan egiten ditut, 12 orduko lanaldian, hori bai, eta gero libre nago ikasteko. Baina horrekin ezin zara bizi, jendeak bi eta hiru minilan egiten ditu, bizimodua ateratzeko. Gainera, Berlinen alokairuak garestiak dira". Partekatutako pisu batean bizi da Larrañaga.

Gabonetan da Euskal Herrira itzultzekoa. Izan ere, Pello Gibelaldek esandakoaren kontra, Europan egonagatik ere asteburuetan etxera itzultzea ezinezko jotzen du Larrañagak. "Nola joango zara, ba, asteburuetan? Pentsa, hegaldi batek 200-250 euro balio du, eta 450 euroko soldatarekin... Eta minilan hauetan, gainera, asteburuak libre izatea ere ez da ohikoena".

Alemanian etxean dagoenik ere ez du sentitzen. "Hemen atzerritarra zara; ematen dituzte laguntzak, baina atzerritarra zara, eta gehienetan lan ez-kualifikatua da atzerritarrentzat. Lan beragatik ere gutxiago kobratzen duzu atzerritarra bazara". Bestetik, Euskal Herriko edo Espainiako enpresa batekin Alemaniara joandako langileen egoera are okerragoa dela dio; "Alemanian zaude, bai, baina hango soldatarekin, auskalo ze baldintzatan".

Larrañaga "denboradi baterako" joan da Alemaniara, nahiz eta ez dakien proiektua aurkeztu ondoren zer egingo duen. "Hau ez da paradisua, baina gutxienez praktikak ordaindu egiten dituzte. Izan ere, Euskal Herrian praktikatan hartzen zaituzte eta ia-ia eskerrak eman behar dizkiozu enpresari kobratu gabe lanean hartu zaituelako; askotan, gainera, zure prestakuntzarako baliorik ez duten praktikak dira, eta enpresarentzat doako lana egiten duzu. Halere, ez dakit zer egingo dudan; oraingoz, alemana ikasi, lan egin eta martxotik aurrera Leipzigera, ikasten jarraitzera".