Maite Alustiza
Erakundeen arteko lankidetza "fruituak ematen" ari da. Mugi garraio sistemak "harro sentitzeko moduko datuak" izan zituzten iaz, Gipuzkoan. Marisol Garmendia aldundiko Mugikortasun diputatuak azaldu duenez, 65 milioi bidaia baino gehiago egin ziren tarifa sistema bateratuaren barruan, 2015ean baino %1,5 gehiago eta 2014an baino %4,8 gehiago. Garmendiaren arabera, datuok adierazten dute sistema "egonkortu" egin dela; dena den, sistema hori beste zerbitzu batzuetan integratu nahi dute: "lehentasunen" artean dago Renfe. Diputatuak jakinarazi duenez, Renfeko arduradunei eskutitz bat bidali diete elkarrizketa bat eskatzeko, eta aurten negoziatzen hastea espero dute.