Unai Zubeldia
"Pertsona gorren eskubideak bermatzeko asmoz" sortu zen Gainditzen Tolosaldea-Goierriko Pertsona Gorren Elkartea, 2002an, Tolosan. "Pertsona horiek zeuzkaten beharrei erantzun bat ematea zen erronka". Garazi Sasiain Gainditzen elkarteko bitartekariak azaldu duenez, komunitate gorraren sentsibilizazio astea antolatzen hasi ziren lehenengo, eta egitasmo horrek hamaseigarren urtea bete du jada aurten; azaro erdialdean egin zituzten jarduera horiek. "Azken finean, gorrek komunikatzeko dauzkaten mugak azaltzea eta horiek nola hauts ditzakegun aztertzea izaten da urteroko helburua". Pertsona gorren beharrei tiraka, ordea, askotan bazterrean gelditzen da horien aisia eskubidea, eta, sentsibilizazio lan horretan pauso bat gehiago emanda, duela hamar urte sortu zuten Keinu Hizkuntzako Nazioarteko Zinema Jaialdia. "Keinu hizkuntza ezagutarazteko eta bultzatzeko helburuarekin sortu zen jaialdi hori, herritarrak gorren kulturara gerturatzeko erronkarekin".