Kerman Garralda Zubimendi
Ekaineko ostiralak eztabaida eta hausnarketa sakonetarako dira Zumarragan. Pello Biain filosofia irakasleak antolatuta, Kafe Filosofikoak topaketak egingo dituzte hirugarrenez: "Filosofia egarriz sumatzen dut gizartearen zati bat", azaldu du Biainek. "Inguratzen gaituzten gai politikoez, erlijio gaiez, gai etikoez... hitz egin nahi du jendeak, baina ez daukagu foro egokirik. Inoiz baino behar handiagoa dugu halako gaien inguruan hausnartzeko, baina ez dago aukera askorik. Horregatik antolatzen ditut Kafe Filosofikoak". Gaur egingo dute aurtengo lehen eztabaida, 18:00etatik aurrera, Zelai Arizti kultur etxean. Sarrera irekia da, eta ez dago aurrez izena eman beharrik.