gipuzkoa

Kaleko sortzaileen omenez

Kaleko sortzaileen omenez

Aitziber Arzallus

Aurten, 25 urte bete ditu Kalerki Nazioarteko Kale Antzerki Topaketak, eta kale antzerkian diharduten sortzaileak omenduko dituen obra bat estreinatuz ospatuko dute urtemuga Zarautzen. Nola, bestela? Lewis Carrollen Alicia obraren moldaketa da A lurpean, eta Zarauzko sei aktorek antzeztuko dute, Amancay Gaztañagaren zuzendaritzapean. Bi emanaldi egingo dituzte —bihar lehena, etzi bigarrena—, eta, antzezlanaren ezaugarriengatik, 190 lagunera mugatu dute emanaldi bakoitzerako ikusle kopurua. Ikusmina piztu du, eta airean amaitu dira sarrerak. Ikusteko gogoz geratu denak, agian, aurrerago izan lezake aukerarik; oraingoz, ordea, ez daukate beste emanaldirik aurreikusita.

Aintzane Muguruza: “LGTBI kolektiboa zabala da, baina, batez ere, oso plurala”

Aintzane Muguruza: “LGTBI kolektiboa zabala da, baina, batez ere, oso plurala”

Eider Goenaga Lizaso

LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunaren aitzakian, Gipuzkoan azterketa sakon bat egingo dutela iragarri zuten, joan den astean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen zuzendari Maribel Bakerok eta Gehituko koordinatzaile Aintzane Muguruzak (Donostia, 1969). Bi erakundeek elkarlanean egingo dute diagnosia, eta urte amaierarako prest edukiko dutela espero du Muguruzak.

Zortziko airea Cincinnatira

Zortziko airea Cincinnatira

Aimar Maiz

Jatorriz, otxoteen musika sagardotegi eta taberna girokoa da. Abesti herrikoiak aireratzen ditu zortzi kantarik osaturiko taldean. Euskal Herriko mugak gainditu, eta Cincinnatiko (Ohio, AEB) May Festivalen izan da berriki Txanbela otxotea. Airos itzuli dira munduko musika jaialdirik entzutetsuenetako batean jardunda.

Zelofan urdina ipini artean

Danel Agirre

Bere superbotereak erabiltzen dituen bakoitzean, flipatu egiten dut aitarekin. Jatetxe japoniar batean irrigarri laga nahi izan genuen aurrekoan. Sushiarekin estreinaldia zuen, eta mokaduak ehizatzerakoan lantze gorena exekutatzera doan toreatzailea zirudien. Esku bakoitzarekin txotx bana banderillaren moduan eutsi, eta heldu beharrean alboetatik zulatu zituen. Gure txantxa sinplistak kiroltasun osoz onartu, eta kafearen zain geundela, Mega katean prime timean programatzeko moduko ikuskizunarekin txunditu gintuen aitak. Txotxak eta kandelak paratzeko ontzitxoak hartu, eta Anoetako estalki berriaren zertxak (hitz kutuna dut asteotan, sinpatikoa da gero) muntatu zituen mahaian, miniaturan. Lau piezak elkarrekin lotzeko airean gauzatu beharreko operazioak ere simulatu zituen, modu zehatz eta didaktikoan. Bukatu zuenean, zutitu eta bibaka hastea beste erremediorik ez zitzaidan geratu.

MITOALDIA 2018

Gaur hasi eta hilaren 14ra arte, hainbat ekitaldi izango dira Ataunen:Gaur19:00. Errementari filma eta Paul Urkijorekin solasaldia, Herri Antzokian.Bihar10:00. Ataunen ibilaldia mitologia guneetan barrena, Jon Aizpuruaren eskutik.Etzi11:00-12:30. I...

Iraganaren eta orainaren zubi

Xabier Regil Agirre

Aurten 37 urte beteko dira Ataunen lehenengoz Jentilen Etorrera antzeztu zutenetik. Bi urtez behin antzezten hasi ziren ikuskizun horri hainbat jarduera eta ekintza batu zaizkio azken urteotan, eta iaz aste berean antolatu zituzten mitologiarekin loturiko jarduera horietako asko, Mitoaldian. Jendearen erantzun ona ikusita, aurten formatua errepikatzea erabaki dute. Herenegun Donostian aurkezpena eginda, gaur hasiko da jaialdia, Paul Urkijoren Errementari filmaren emanaldiarekin. Zuzendariak berak egingo du hitzaurrea, Ataungo herri antzokian.

Zezenen aurrean, hankaz gora

Zezenen aurrean, hankaz gora

Beñat Alberdi

Gipuzkoan, Azpeitia, Tolosa eta Donostia dira jaietan zezenen errealitatea erdigunean jartzen duten hiri nagusiak, baina beste hainbat lekutan ere izaten dira gorabeherak. Arrasate eta Elgeta dira horren adibide nabarmenak. Arrasaten, sanjoanetan, sokamuturraren aurkako protestek presentzia izan zuten zezen plazaren kanpoaldean. Elgetako Udalak, berriz, zezenak ez ditu sartu jaien egitarauan, eta zezenen aldekoek pankarta jarri dute herriko plazan. Protesta artean, berea defendatzen ari da alde bakoitza.

“Aspalditik neukan gogoa herrian musika jaialdi bat antolatzeko”

“Aspalditik neukan gogoa herrian musika jaialdi bat antolatzeko”

Aitziber Arzallus

Musikarik gabeko bizitzarik ezin lezake irudikatu Mikel Unzurrunzaga Schmitz Makala-k (Zarautz, 1970). "Behar dut, arnasten dudan oxigenoa eta edaten dudan ura behar ditudan bezala". Besteak beste, DJa da, musikaria, baxu jotzailea, abeslaria, ekoizlea, kontzertu programatzailea, irratiko esataria, kolaboratzailea, surflaria eta nerabe baten aita.

Duela hiru hamarkada hasi zuen ibilbidean, AEBetan eta Europako herrialde gehienetan izan da musika jartzen, dozenaka areto eta jaialdi entzutetsutan. Lan mordoa ditu kalean: nola beste sortzaile batzuen kantekin osatutako bildumak eta nahasketak, hala berak sortutako kantuekin egindako diskoak ere. Ezinezkoa da haren musika etiketa baten azpian sailkatzea, estilo asko jorratzen dituelako —jazza, swinga, soula, funka, discoa, afroa, reaggea...—. Dantza egiteko moduko musika maite duela aitortu du, soinu bero eta tropikalak doinu elektronikoekin nahastea.

Zer erantzungo zenioke Mikel Unzurrunzaga Schmitz nor den galdetzen duenari?

Musika maite duen tipo bat dela, musika pasio duena, eta pasio hori lanbide bihurtzen asmatu duena. Ez da gauza makala!

Denera iristen al zara?

Diruari dagokionean, irauteko lain ateratzera, bai; denborari dagokionez, ez. Egunak 48 ordu izan beharko lituzke nahi nukeen dena egin ahal izateko. Norberak jarri behar ditu mugak eta nik ez dakit muga horiek jartzen, ez dakit ezetz esaten.

Nondik datorkizu musikarako zaletasuna?

Etxean ez zen musikaririk, baina melomanoak bai; ama eta anai-arrebak, batez ere. Bost anai-arrebetan gazteena nintzenez, eskura nituen haien kaseteak eta biniloak, eta beti ibiltzen nintzen saltseatzen. Irratia ere dezente entzuten nuen garai hartan. 12-14 urteko nerabea nintzenerako, musika pasioa zen niretzat. Herrian bazegoen musika zentroa deitzen genion gune bat eta denbora asko pasatzen nuen han. Artean ez zegoen CDrik, baina nik orduan ikasi nuen pirateatzea zer zen.

Gaur egun, musika duzu afizio eta ofizioa. Baina, nola hasi zenuen bidea?

15 edo 16 urte izango nituen Zarautzen Arraio Irratia sortu zutenean. Han saio bat egiterik ba ote geneukan galdetu genuen, eta baiezkoa eman ziguten. Hura poza! Musikari lotuta fundamentuzko zerbait egin nuen lehen aldia izan zen.

Eta DJ gisa, non egin zenituen lehen urratsak?

Malekoi zaharreko tabernetan. Marinan, Marmolen eta beste taberna batzuetan hasi nintzen diskoak jartzen. Orduan ez ginen DJak, pintxadiskoak ginen, eta biniloak ez genituen guk erosten, tabernek erosten zituzten. Ama alemaniarra nuenez, ia urtero joaten nintzen Alemaniara, eta tabernariek eskatzen zidaten handik musika ekartzeko. 25.000 pezeta ematen zizkidaten, gaur egun 300 bat euro izango liratekeena. Aurreneko aldietan, eurek eskatzen zizkidaten biniloak; baina, gerora, nahi nituenak erosten uzten zidaten. Izugarria zen niretzat!

Afizio hutsagatik aritzen zinen diskoak jartzen ala sos batzuk ateratzeko ere balio zizun?

Saltsa hura asko gustatzen zitzaidalako ibiltzen nintzen, ez diruagatik, baina, pozik hartu nuen lehen soldata. 1990eko udan izan zen, 20 urte nituela. Marinako jabeak lagun bati eta bioi eskatu zigun tabernan musika jartzeko. Bi hilabetez aritu ginen, ia egunero. Orduan ez zegoen Internetik-eta, eta beste ohitura batzuk genituen: egunero irteten ginen kalera eta egunero egoten zen parranda giroa.

Hainbat taldetan jo duzu baxua. Noiz ikasi zenuen?

Ikasi, inoiz ez. Instrumenturen bat jotzen ikasteko gogoa piztu zitzaidan eta baxua aukeratu nuen, eta txarrak ginenez eta musika eskolarik ez zegoenez, punkia egiten hasi ginen. Nire amaren etxeko ganbaran entseatzen genuen hasieran eta Vista Alegreko lokaletan geroago. Bi talde sortu genituen: Noise AM behin eta Tofu. Gipuzkoan barrena kontzertu batzuk eman genituen eta pare bat maketa grabatu ere bai. Elkarrekin ibiltzen ginen herriko hiru taldek hamabost kantako bilduma bat ere grabatu genuen geuk sortutako Aza Rekords zigilupean, baina dirurik ez genuen, eta han gelditu zen. Egunen batean kaleratuko dugu oraindik.

Estilo bateko musika egiten zenuen, beste estilo batzuetakoa jarri... Dena gustatzen zitzaizun?

Garai hartan, punkiak punkiak ziren, heavyak heavyak... Baina estilo asko gustatzen zitzaizkidan niri: atsegin nuen musika dantzagarria eta baita kontzertuetara joatea ere. Inolako aurreiritzirik gabe mugitzen nintzen.

Musikaren bueltan, bai, baina herrian eta inguruetan ibiltzen zinen. Nola egin zenuen jauzia?

1995ean, Berlinera joan nintzen arreba bisitatzera, han bizi zelako. Kasulitatea: bere bikotea DJa zen. Bazekien ni ere hasia nintzela eta berekin batera saio bat egitea proposatu zidan; baiezkoa eman nion nik, noski. Flyer-ak egiteko izen bat behar zuela esan zidan. Nik ez nekien hori zer zen ere.

Eta, nolatan 'Makala'?

Nahikoa izen absurduak zituzten garai hartan gustatzen zitzaizkidan DJ batzuek: DJ Food [janari]; DJ Shadow [itzal]... Nire izenaren kontsonanteei bueltaka nenbilela, Makala bururatu zitzaidan.

Zer egin zenuen Berlinetik bueltan?

Hemen ere aukerak egongo zirela konbentzituta, inguruan begira hasi nintzen, eta binilo denda bat topatu nuen Donostian. Han nengoela agertu zen Javi Pez, Donostiako DJ famatua eta musikaria. Hizketan hasi ginen eta oso harreman ona egin genuen. Programa bat zeukan Herri Irratian eta han kolaboratzen hasi nintzen. Handik Etxekaltera joaten ginen musika jartzera, eta, poliki-poliki, nire lekua eginez joan nintzen. Beste leku batzuetatik deitzen hasi zitzaizkidan. Aldi berean, Pezek Bartzelonako Txarly Brown lagunarekin zeukan Novophonic Diskak disketxean hasi nintzen, eta nire lana uztea eta afizio nuena ofizio egitea erabaki nuen.

Ez zen erabaki erraza izango...

30 urte nituen ordurako, eta ez zen erabaki erraza izan, ez; eskerrak orduan eta orain nire bikote denak bultzada eman zidan.

Ordutik, ez zara gelditu ere egin.

Hasieran, DJ aritzen nintzen, disketxean lan egiten nuen eta baita Elektronikaldia jaialdia antolatzen ere. 2002an kaleratu nuen nire lehen bilduma: Makala plays Novophonic. Ez ziren nire kantak, baina arrakasta izan zuen, eta Europan barrena bira egiteko aukera eman zidan. Amaitu nuenean, Javi Pez Orquestan baxua jotzen aritu nintzen. Diskoa grabatu eta biratxo bat ere egin genuen.

Europan barrena asko ibili izan zara. Etxean baino errazago mugitu izan zara kanpoan?

90eko urteetan, hemen, DJ gutxi ginen eta jendeak, oro har, aurreiritzi asko zituen. DJak gauarekin lotzen zituen, bakailauarekin, technoarekin, egurrarekin eta drogekin. Baina salbuespena ginen gu, beste era bateko DJak. Denborarekin, zabalduz eta aldatuz joan da jendearen ikuspegia.

Noiz hasi zinen kantak egiten?

Javi Pez Orquesta bukatu zenean erabaki nuen neure bidea lantzen hastea. Metakekoei disko bat grabatzeko asmoa azaldu nien eta baietz erantzun zidaten; 2005ean argitaratu genuen Hondartzan diskoa, neure abestiekin. Aurkezpenak egiteko Makala Banda osatu nuen parte hartu zuten musikarietako batzuekin, eta bi urte eta erdi iraun zuen bira hark. 2008an iritsi zen nire hurrengo lana, Madrilgo disketxe baten eskutik. Singleak kaleratu genituen aurrez, eta bilduma guztia 2011n: nazioartean arrakasta handia izan zuen Unexpected Tapas lanak, eta Musika Independientearen Sarietan, 2012an, munduko musiken album onenaren sarirako proposatu zuten.

Etxera bueltatzea erabaki zenuen horren ostean.

Bai, kanpoan nahikoa denboran ibili nintzela eta, herrira itzuli, berriz baxuari heldu eta 2012an Makala Jazz Funk Band sortu nuen herriko jendearekin; talde instrumentala zen. Jazzaldiaren antolaketan ibiltzen nintzen garai hartan eta han kontzertu bat ematea proposatu zidaten. Ahots batek taldea jantziko zuela pentsatuta, Oihan Lopetegiri eskatu genion probatzera etortzeko, eta gurekin gelditu zen. Pare bat single kaleratu genituen aurrena eta 2015ean diskoa ere bai: Xake!, sortu berri nuen Orrua Diskak zigiluarekin. Aurkezpen bira egin genuen gero Euskal Herrian, Katalunian eta Espainian. Urtebetez aritu ginen eta 2016an taldea desegin genuen. Uzta polita utzi genuen.

Gaztea irratian programa bat ere gidatzen duzu duela hamahiru urtetik.

Bai, 2005ean hasi nintzen Boom Shaka Laka saioa egiten eta horretan jarraitzen dut oraindik ere. Zirkuitu komertzialetik kanpoko doinuekin osatzen dut saioa eta saiatzen naiz esklusiban ematen; alegia, lanak kaleratu aurretik.

Euskal Herriko hiriburuetan Global Funkers festak ere antolatzen dituzu duela hamar urtetik.

Bai. Lehen, hilero antolatzen genituen; orain, noizean behin. Asteburuko biratxoak izaten dira: nazioarteko DJak eta artistak gonbidatzen ditugu, asteburu berean Euskal Herriko hiru aretotan emanaldiak eskaintzeko. Horri lotuta, beste proiektu bat ere badugu esku artean. Global Funk kolektiboak aurten hamar urte betetzen dituela eta, bururatu zitzaidan polita izan zitekeela Denis Barzaga perkusionista kubatarrak eta biok indarrak batzea eta Global Funk Soundsystem sortzea, kolektiboari omenaldi moduko bat egiteko. Dagoeneko zenbait emanaldi egin ditugu Espainian, Belgikan, Herbehereetan... Kantak jartzen ditut nik, nireak eta beste batzuenak, eta haien gainean perkusioa jotzen du Denisek. Kanta berriak sortzen ari gara horrela. Aurki aterako dugu lehen bideosinglea, sekulako kanta puska, irudi eta guzti. Musika Euskal Herrian sortu dugu eta Londresen bizi den abeslari txiletar batek jarriko du ahotsa. Nire asmoa da aurten EP bat ateratzea eta datorren urtean zortzi kantako diskoa, gero aurkezpen bira egiteko. Taldea ere osatu beharko dugu ordurako.

Jimmy Bidaurreta Gasteizko Big Bandaren zuzendariarekin ere baduzu beste proiekturen bat abian...

Bai, iaz sortu genuen Descarga Libre proiektua. Latin, jazz, funk eta deskarga doinuen nahasketa da. Kontzertu batzuk emateko aukera izan dugu eta diskoa prestatzen ari gara orain, poliki-poliki, datorren urtean kaleratzeko, aurretik erotzen ez banaiz, behintzat.

Orain arteko guztia nahikoa ez balitz bezala, Oier Aranzabalen eta bion ekimenez, musika jaialdi berri bat jaioko da aurten: Adarretatik. Uztailaren 20tik 22ra izango da, Zarautzen. Zergatik eta zertarako antolatu duzue jaialdi berri hori?

Zarauztarra izanda eta musikari lotutako hainbeste saltsatan sartuta egonda, aspalditik zintzilik neukan zerbait zen herrian musika jaialdi bat antolatzea. Iaz, Lou Topet taldeko Oier Aranzabal lagunarekin topo egin nuen batean, asmoa komentatu nion hari, gustatu egin zitzaion eta kontuari buelta batzuk ematekotan gelditu ginen. Urtebete geroago, sortuta daukagu Enbor Akzio Kulturala elkartea eta antolatuta Adarretatik musika jaialdia.

Nolako jaialdia izango da?

Txikia, euskalduna, nazioartekoa eta dohakoa. Hiru agertoki izango ditu: eguerdietan, Merkatu Plazan izango dira emanaldiak; arratsetan, Musika Plazan; eta gauetan, itsas pasealekuan.

Zergatik Adarretatik izena?

Jaialdiak ertzetako musika gerturatuko dielako herritarrei.

Hurrengo urteetan jarraipenik izango al du jaialdiak?

Bai, guk nahi genuke datozen urteetan jarraipena izatea. Are gehiago, urtean zehar ere Enbor Akzio Kulturalak herrian hainbat musika emanaldi antolatzea da gure asmoa.

“Ghetto” izaerari ihesean

“Ghetto” izaerari ihesean

Unai Zubeldia

Bere horretan jarraitzen du buruko gaixotasunen estigmak". Mikel Tellaetxe 2013tik da Arrasateko Aita Menni ospitaleko zuzendaria, eta eguneroko errealitate izaten du buruko osasuna ardatz duen zentroa. "Jardun hori normala da guretzat, baina desberdina den hori baztertu nahiak edo familian urritasunen bat duen senideren bat izateak sortzen duen lotsa dago estigma horren atzean. Bai, oraindik ere bai". Angelo Hercules Menni Benito Menni apaiz italiarraren eskutik, 1898ko ekainaren 1ean zabaldu zituen ateak Aita Menni zentroak —Santa Ageda osasun etxea izenez ezaguna zen garai batean—, Gesalibar auzoan, eta 120 urte bete berri ditu, beraz. "Garai hartan ekin zioten lanari jarraipena ematen ari gara gu". Aita Menniko arduradunek emandako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, gaur egun, herritarren %6-8k daukate buruko gaixotasunen bat.

Irtenbide bat bide itxiari

Irtenbide bat bide itxiari

Eider Goenaga Lizaso

Deba eta Mutriku arteko GI-638 errepidean obrak hasiko dituzte laster, eta hainbat hilabetez bidea guztiz itxi beharko dute. Egunean, 6.000 ibilgailu inguru igarotzen dira hortik; ondorioz, jende askori eragingo dio itxierak. Alkolean tunel bat egiteko eta Ipitxarriko bihurgunean mendi zati bat kendu eta galtzada zabaltzeko egingo dituzte lanak. Horrez gain, bi herriak batzeko bidegorri bat egingo dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak uste du errepidea bost hilabete egongo dela itxita, baina obrak, bere osotasunean, hamalau hilabete iraungo du. 12 milioi euroko aurrekontua dute lanek.