Bertakoa, berriz ere beharrean

Bertakoa, berriz ere beharrean

Julen Aperribai
Osasun krisiak behartuta, komertzio askok itxi egin behar izan zuten udaberrian, itxialdi betean, eta ohiko joan-etorria urritu egin zitzaien beste askori. Haiek bultzatzeko eta tokian tokiko kontsumo eredua sustatzeko laguntza lerroak ugaritu egin ziren herri askotan. Udalek erosketa bonuen kanpainak abiatu zituzten, eta, osasun krisia krisi ekonomikoari bide ematen ari zaion honetan, berriz aktibatu dira halakoak
Gipuzkoan.

“Bizitza eta haren harmonia zeinen ederrak diren erakusten dugu”

“Bizitza eta haren harmonia zeinen ederrak diren erakusten dugu”

Irati Saizar Artola

Berastegin bizitokia duten bi artista dira Mariano Arsuaga (Irun, 1954) eta Maria Cueto (Aviles, Espainia, 1960). Batak pinturarako du trebetasuna, eta eskulturarakoa, besteak. Donostiako Arteleku arte garaikideen gunean gurutzatu ziren haien bizitzak, eta, ordutik, elkarren ondoan aritu dira obrak egiten: elkarren lanak ikusiz, baina bakoitza bere bidean.

Elkartasuna askabide

Elkartasuna askabide

Olaia Gerendiain
Urtarrilean eman zituzten Antxoko Auzo Elkartea sortzeko lehenengo pausoak, barrutian jazotako hainbat jazoerak, besteak beste lapurretak eta etxebizitza baten okupazioa, beharra sortu zutenean herritarren interesak erdigunean jartzeko...

Barnealdean ere bada zalerik

Barnealdean ere bada zalerik

Karmele Uribesalgo

Arrauna kostaldearekin lotu ohi da, baina posible da itsasorik ez duen herri batean elkarte bat izatea. Hernaniren kasua da hori. 12 urtetik hasita senior kategoriarainoko taldeak dituzte Hernaniko Arraun Elkartean. 50 arraunlari inguruk osatzen dute kluba, eta taldeari ikusgarritasuna eman nahian dabiltza. Zuzendaritza taldeak aitortu du herrian beste kirol batzuek zaletasun handiagoa pizten dutela: futbolak eta errugbiak, esaterako, eta arrauna bigarren plano batean gelditu ohi dela. Denboraldi berriari begira, klubera batzeko gonbita egin nahi diete gazteei. Izan ere, erronken artean dute, besteak beste, emakumeen traineru bat sortzea berriro eta gizonezko helduen taldea osatzea. Horrez gain, gustatuko litzaieke gaztetxoen mailetan arraunlari kopurua mantentzea, eta, ahal izanez gero, handitzea.

Erresonantzia kutxa, ermita

Erresonantzia kutxa, ermita

Julen Aperibai

Musikaz beteko da aurten ere Zumarragako Antioko Ermita, iraileko lehen lau larunbatetan egin ohi duen eran. Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Zumarragako Udalaren, Musika Hamabostaldiaren eta Antiguako Amaren Lagundiak elkarrekin antolatu dute musika zikloa. Antolatzaileen arabera, "kultuzko musika deszentralizatzeko" sortu zen jaialdia, duela ia lau hamarkada, eta hala uste du Mikel Serrano Zumarragako alkateak ere: "Donostia zen garai hartan musika klasikoaren eta kultuzkotzat hartu ohi zen musikaren erdigunea, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak egin zuen saiakera beste herri batzuetara ere zabaltzeko". Hala sortu zen Antioko Musikaldia. Aldundiaren ahaleginari erantzun zioten herri gutxi batzuk izan ziren, eta, Serranoren arabera, Deba eta Zumarraga izan ziren lehenengoetakoak.

Hazi eta egonkortu egin da jaialdia ordutik, eta erreferentziazko topagune ere bilakatu da zenbaitentzat, Serranoren arabera: "Zumarragako eta inguruko jendea soilik ez, urrutiagotik datorrena ere biltzen da Antioko Ermitan. Musikazale batzuentzat urteroko topaketa izaten da". Joan den astean abiatu zen musika zikloa eta datozen lau larunbatetan izango dira kontzertuak. Antioko ermitan izango dira datozen hiruak; azkena, berriz, Igartubeiti baserrian.

Urteurrenek gurutzatuta

Jose Maria Iparragirre omenduz abiatu zen zikloa. Urretxuko kantaria jaio zela 200 urte dira aurten, eta ugaritu egin dira hura gogora ekartzeko omenaldiak. Horretara batu da Antioko Musikaldia ere. Kasu honetan, Joxan Goikoetxea akordeoilariak eta Euskamerata boskoteak kontzertu berezi bat eman zuten, eta, Iparragirre ez ezik, Xabier Lete ere omendu zuten, Iparragirre eta Lete: bi min kantuan emanaldian. Musika zikloak beste urtemuga bati ere egingo dio keinu. Ludwig van Beethoven konpositorearen jaiotzaren 250. urteurrena da aurten, eta, horren harira, bederatzigarren sinfoniako piezak joko ditu Kamerata EusKdivarius orkestrak, irailaren 26an.

Aurrez, ordea, beste bi kontzertu izango dira. Bihar, Metamorfosia izenpean arituko dira Garikoitz Mendizabal txistularia eta German Ormazabal piano jotzailea. Tradizio soka desberdinetatik etorri arren, bi musika tresnek bat egiten duten unea berreskuratu nahi izan dute Mendizabalek eta Ormazabalek; hain zuzen, ganbera musika deiturikoa. "Estimatua" da Mendizabalen lana Zumarragan, Serranok dioenez, besteak beste, bertako Antxiñako Ama txistulari taldearekin aritu izan baita, gabonetan egin ohi duten kontzertuan.

Irailaren 19an, berriz, Vocalia abesbatzak eta Conductus Ensemble taldeak beteko dute oholtza. Musika barrokoari "keinu bat" egin nahi izan diote, Serranok azaldu duenez: "Azken urteetan, musika modalitateak asko zabaldu dira, eta horrek isla izan du gure egitarauan ere. Hala ere, beti programatu izan dugu jaialdiaren esentzia horretara bereziki gerturatzen den kontzerturen bat".

Urriaren 3an izango da azken kontzertua, Igartubeiti baserrian. Bertan duten dolarea oholtza bihurtuko dute aurten ere, eta Gandeia taldearen kontzertua izango da han.

COVID-19aren aurkako neurriak hartu beharrak aforoa dezente murriztu die antolatzaileei, eta musikariek ere euren emanaldiak neurri berri horietara egokitu behar izan dituzte. Edonola ere, pozik da Serrano ekitaldiak mantendu izanarekin: "Garai hauetan ere apostu bat egin dugu kulturaren alde, eta balioan jartzeko modukoa dela uste dut"

“Aurre egiteko modukoa izango da soberakina”

“Aurre egiteko modukoa izango da soberakina”

Miren Garate
Beste ardo batzuk baino gutxiago kontsumitzen da txakolina etxean, eta, pandemiaren eraginez tabernak eta jatetxeak itxita egon ziren hilabeteetan, salmentak asko gutxitu zitzaizkien Getariako Txakolina sor-markako ekoizleei. Udako hilabeteetan susperraldi moduko bat izan dute, baina koronabirusaren bigarren olatua dela medio berriro ere geldialdia igartzen dutela esan du Ruth Mozo idazkariak.

Badaezpada ere

Juan Luis Zabala

Ez dun giro! —esan nion. Hau dun hau kabitu ezina eta ezin bizia!

—Zer gertatu zaik ba?

—Agure batek kargu hartu zidan bidegorrian bizikletan maskararik gabe nindoalako. Gezurra esan behar izan zionat, kirola egiten ari nintzela, alegia. Baina, berez, maskararik gabe nengonan ez zaidalako beharrezkoa iruditu.

—Delitua!

—Bota diezadala lehen harria antzekorik egin gabeak, halakorik inon bada.

“Inoiz plazara etorri ez diren gazteak ari dira etortzen”

“Inoiz plazara etorri ez diren gazteak ari dira etortzen”

M. Garate

Harri jasotzea, aizkora, txingak, giza proba eta korrika uztartzen dituen proba da pentatloia, "fisikokiko oso gogorra", Garikoitz Etxeberria (Villabona-Amasa, 1982) antolatzailearen esanetan. Horregatik edo, erakargarri zaie gazteei, eta herri kiroletara joan ohi ez direnak ere bertaratu dira aurreko urteetako probetara. Hamabost partaide izango dira aurten: Xabier Zaldua, Beñat Amade, Joxean Olaskoaga Aizperro, Andoni Iruretagoiena Izeta VI, Xabier Orbegozo Arria V, Ousmane Drame, Iñaki Errazkin, Aratz Mugerza, Jon Gisasola Zelai V, Daniel España, Julen Kañamares, Julen Gabirondo, Jagoba Otaegi eta Unai Ardeo. Bihar jokatuko dute lehen kanporaketa, Azpeitiko zezen plazan, 18:00etan, eta sei onenak sailkatuko dira irailaren 26ko finalerako. Leku berean izango da hura ere.

Hirugarren aldiz antolatu duzue Euskal Pentatloi Saria. Indarra hartzen ari dela esan daiteke?

Bai, puri-purian dagoen gauza bat da, eta esango nuke aurten oraindik eta gehiago, herri kiroletan egingo den gauza bakarretakoa delako. Egoera honek ez ditu gauzak errazten, baina uste dut gauzak ondo egiten saiatu eta aurrera egin behar dugula.

Erraz onartu ohi dute kirolariek pentatloian parte hartzeko gonbidapena, edo konbentzitzen jardun behar izaten duzu?

Beraiek deitzen didate normalean; gainera, kirolarien atzetik ibili beharko banu, ziurrenik ez nuke ezer antolatuko. Proba oso gogorra da, fisikoki asko eskatzen du, eta nik konbentzitzen jardun eta gero zerbait pasatuko balitzaie... Ez dut uste atzetik ibiltzeko moduko proba bat denik.

Hamabost kirolari ariko dira bihar, eta aurreko urteetan parte hartutako gehienek berriro eman dute izena. Seinale ona izango da hori zuretzat, ezta?

Bai, kirolari gehienek errepikatuko dute, eta berriak ere izango dira; noski, pozgarria da hori. Hamasei kirolari ziren izatekoak berez, baina Luis Mari Txapartegi min hartuta dago, eta ez da izango azkenean. Hiru laguneko bost txanda izango dira, eta sei onenak sailkatuko dira finalerako.

Emakumerik ez dago parte hartzaileen artean.

Egia da, eta ez da gai erraza. Ni neu urteetan ibili naiz nesken giza probako entrenatzaile, baina proba honetan dauden lanekin oso zaila ikusten dut kontua. Egin beharko litzateke lanak jaitsi, baina horretarako ere gutxieneko partaide kopuru batek egon beharko luke. Jendea animatuko balitz, gustura lagunduko nuke antolaketan.

Zer lan egin beharko dituzte kirolariek bihar?

Harriarekin, hamar jasoaldi ehun kiloko bolari; giza proban, plaza bat; aizkorarekin, 54 ontzako bat eta 45 ontzako bat; txingekin hiru plaza; eta korrika, kilometro bat. Finalean, berriz, lan handiagoak izango dira. Orain arteko bi txapelketak Xabier Zalduak irabazi ditu, eta orain ere faboritoetako bat da, baina uste dut aurten lehia handia egongo dela: hiruzpalau lagun maila oso onean ikusten ditut.

Binakako Pentatloi Txapelketa ere egin zenuten uztailean. Zer moduz atera zen?

Banakakoa urtero egiten da, eta iaz pentsatu nuen binakakoa antolatzen ere saiatu behar nuela. Zezen plaza behar izaten da pentatloirako, eta Tolosako Udalarekin hitz egin nuen. Proposamena gustatu egin zitzaien, antolatu genuen, eta ondo atera zen.

Zeu aritzen zara batik bat pentatloiak antolatzen. Nondik nora hasi zinen?

Beti ibili izan naiz herri kirolen munduan, bai kirolari moduan, bai federazioari laguntzen eta abarretan ere. Honetarako ere gonbidapena egin zidaten, eta gustura egiten dut. Jada hirugarren urtea da. Lan handia da, izugarria, eta aurtengo egoerarekin buruhausteak eta kezkak ere gehiago dira, baina oraingoz dena ondo doa.

Aurreko urteetako probei begiratuta, zer nabarmenduko zenuke?

Inoiz plazara etorri ez diren gazteak ari dira etortzen pentatloia ikustera: hori ari gara lortzen, jende berria egotea ikusleen artean. Apusturen bat-edo egiten denean, normalean, beti jende bera ikusten da, eta iaz, adibidez, gazte pila bat zeuden zezen plazan. Bost lan diferente izaten dira, denak jarraian egin behar dira, kirolarientzat oso zaila da, eta horrek erakarri-edo egiten ditu; orain hainbesteko arrakasta duen crossfit-aren antza-edo hartzen diote gazteek.

Zenbat ikuslerentzat izango da lekua?

Gehienez ere mila laguntzat. Aurreko urteetan 1.500ekoa izaten zen muga. Eserlekuen arteko tartea markatuta egongo da, eta ikusleek maskara jantzita izan beharko dute denbora osoan. Sarrerak salgai daude Azpeitiko Mendizabal tabernan, Tolosako Kantabrikon eta Aiako Izeta sagardotegian.