Aitziber Arzallus
Egunean Behin lehiaketa iazko fenomenoetako bat izan da Euskal Herrian. Sakelakoetarako doako aplikazio hori martxoan merkaturatu zuen Eibarko Codesyntax enpresak, eta euskarazko aplikazio batek sekula izandako arrakastarik handiena erdietsi du. Bi asteren buruan, 2.000 erabiltzaile zituen; lau hilabeteren buruan, 15.000; eta bederatzi hilabeteren buruan, 62.000 baino gehiago. Zalantzarik gabe, boladan dago jokoa, eta ez soilik sakelakoari itsatsita bizi diren millenial-en artean. Manolo Larrañagak (Azkoitia, 1927) 92 urte ditu, eta aitortu du "kateatuta" dagoela. Duela sei bat hilabete izan zuen jokoaren berri, eta, deskargatu zuenetik, ez du partidarik huts egin. Areago, abenduaren 14an Azpeitiko Sanagustin kulturgunean egin zuten zuzeneko finalean ere parte hartu zuen. Finaleko 102 parte hartzaileetatik beteranoena izan zen azkoitiarra.