Imanol Saiz
Auzolanean hiria eta ingurua garbitzea: hori izan da Irungo herritar talde baten asmoa. Joan den martxoaren 24an, 25 bat laguneko talde hori Arbes auzo ingurua garbitzen aritu zen, bidean aurkitu zituzten hondakin guztiak jasotzen. Antolatzaileek Garbi Eguna izena jarri diote "ekintza berdeari". Talde ekologistako kideek argi dute ibilbide luzeko egitasmoa izango dela, eta hilaren 28an egingo dute hurrengo irteera berdea. Lehenengoan egin bezala, Arbes ingurua garbituko dute apirileko azken igandean ere. Mendialdean hasi, eta hirian amaituko dute ibilbidea. Taldeko kideek "irundar guztiei" dei egin diete garbiketa lanetan laguntzeko.