Unai Zubeldia
Talde baztertuen gizarteratzea, hirien kritika soziala, bortizkeria matxista, emakumeen salerosketak, immigrazioa, giza eskubideak... Gai horiek eta beste hainbat landuko dituzte, azaroaren 11tik 18ra, Donostian, Zinema eta Kultura Askeko Zinemaldian, CineccDonostia jaialdian. Oinarrizko ideia Bartzelonatik hartuta, proiektua 2013an iritsi zen Donostiara, eta zazpigarren urtea izango da jada aurtengoa. "Lekua egiten ari gara pixkanaka", onartu du Juanjo Diaz jaialdiko zuzendariak. "Nolabaiteko sarea sortuta daukagu mundu osoko kultura askeko beste jaialdi batzuekin, filmen alorreko jaialdiekin bereziki". Koldo Mitxelena kulturunean, Liburutegi Nagusian eta Izkali institutuan eskainiko dituzte emanaldi guztiak.