Unai Zubeldia
Goleko marra oso urruti ere ez dauka kornerrak, baina aulkiak ere bertan-bertan izaten ditu gehienetan; bai argazkilarienak eta bai zaleenak. Estrategia jokaldia deitzen zaio zelaiaren izkina bateko mugan gelditzen den erpinetik hasten denari, eta estrategiatik asko izaten du kultur proiektu orok ere. Futbola eta kultura: itxuraz mutur banatan bizi diren bi errealitate izanik ere, iaz kornerrean elkartu zituzten bi hari muturrak. "Eta ederra izan zen emaitza", aitortu du Iñaki Gabarainek, Ernest Lluch Donostiako Amara auzoko liburutegiko zuzendari eta Korner jaialdiaren programa arduradunak.