Aitziber Arzallus
2019a urte berezia izango da Azpeitiko Lagun Onak futbol taldearen bueltan ibiltzen diren guztientzat, eta, nola ez, baita Iñigo Arregi klubeko presidentearentzat ere (Azpeitia, 1967). Taldeak 75 urte beteko ditu aurten, eta merezi duen bezala ospatzeko asmoa dute. Urte guztirako egitaraua prestatzen ari dira, era guztietako ekitaldiekin. Futbol zelaitik herrira zabaldu nahi dituzte ospakizunak, eta, ospakizun horien aitzakian, ahalik eta herritar gehienengana iritsi nahi dute. "Futbola, gure pasioa izateaz gain, besteengana hurbiltzeko bitarteko aproposa ere bada, eta, aurten, futbola eta urteurreneko ospakizunak baliatu nahi ditugu herritarrengana eta herriko gainerako elkarteetara gerturatzeko".