Unai Zubeldia
Kontzertu gehienetako kartelak aztertu, eta gizonezkoenak izango dira lau emanalditik hiru, gutxienez. "Eta, horregatik, poztu egiten nau emakumez osatutako kartel bat ikusteak, mutilak egoten baitira normalean, neska bat edo bi ondoan dituztela". Sara Mansilla artista donostiarraren (1993) hitzak dira. "Horrelako gauzak ondo daude gaur egungo egoera ikusarazteko". Izaro Andres (Mallabia, 1993), Olatz Salvador (Donostia, 1990), Elena Setien (Donostia, 1977) eta Mansillaren beraren kontzertu berezia dago donostiarraren azalpenaren atzean. Izan ere, Martxoaren 8a ate joka dagoela —Emakumeen Nazioarteko Eguna—, lau emakume musikari horiek Gure Ahotsak egitasmoko lehen kontzertua eskainiko dute hurrengo ostegunean, martxoaren 7an, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, 20:00etan.